Amalur Artola
Pedagogoa eta hezitzailea da Leticia Garces, baita familia orientatzailea ere. Guatemalako harrera etxeetan eman zituen lau urteetan izandako esperientziak eta amatasunak eraman zuten bere kabuz adin txikikoen adimen emozionalaren gainean ikertzera. Erabilgarria izan zitekeelakoan, urteetan pilatutako jakintza bere behar berak izan zitzaketen familiekin partekatzea erabaki zuen orain lau urte, eta, gutxika-gutxika, bere etxeko egongelan dozena bat ama hartzetik Padres Formados elkartea osatu eta Nafarroan eta inguruetan 22 talde –200 familia– izatera pasa da. Lau zerbitzu mota eskaintzen ditu: guraso eskola, hezitzaile eskola, familia orientazio pertsonalizatua eta “Rincón del Cuento” (Liburuaren Txokoa) atala. On line liburutegi horretan, espresuki haurren adimen emozionala lantzeko material hautatua biltzen dute. Adimen emozionalaz eta, batez ere, norbere emozioak identifikatzeko ditugun arazoez mintzatu zaigu.
Ze asmorekin sortu zenuen Padres Formados elkartea?
Helburua haurren garapen emozionala hobetzea da, eta, horretarako, helduekin lan egitea ezinbestekoa da. Orokorrean, helduok estres maila handiari egin behar izaten diogu aurre; lanak, egunerokotasunak, kezkek indar handiz bereganatzen gaituzte eta horrenbeste energia kentzen digute, gero, seme-alabek eurekin egoteko edo jolasteko eskatzen digutenean, ez dugula gogorik, ezta indarrik ere. Krisialdiak bikote zein familia-harremanak kaltetu dituela ere egia da, eta horrek guztiak emozionalki gaixo dagoen gizarte batean bizitzera eramaten gaitu; adierazteko, komunikatzeko, emozioak identifikatzeko zailtasunak ditugu, eta, ondorioz, haur baten aurrean sentitzen duguna identifikatzeko ere arazoak ditugu.
Eta horrek nola eragiten du haurrengan?
Portaera arazo ugari sortzen dira helduok haurrak ulertzeko ditugun zailtasunengatik. Jolastea, barre egitea, hilero hipoteka ordaindu behar ez dugunean sentitzen den erantzukizun faltarekin bizitzea zer den ahaztu zaigu. Amatasuna atzeratzearekin ere, zenbaitetan ez gara haurrak exijitzen digun energia guztia sortzeko gai. Ez dut esaten hori ondo edo gaizki dagoenik, baizik eta hori dela egungo egoera eta zailtasun eta gabezia horiei aurre egiteko era bilatu behar dugula.
Zein litzateke gabezia horiei aurre hartzeko bidea?
Zalantzarik gabe, formazioa. Gure leloa “Guraso formatuak, ongi hezitako haurrak” da. Nire semea ondo hezteko lehendabizi nire burua landu behar dut, haurra ulertzen eta entzuten ikasi, jokabide ezegokien aurrean zer egin jakin behar dut, haurraren uneko behar afektiboak identifikatzen ikasi... Adibidez, nire semeak inor jotzen badu frustrazioa adierazteko beste tresnarik ez duelako izan daiteke, ez duelako beste era batera adierazteko gaitasunik.
Zeintzuk dira gurasoek izaten dituzten kezka nagusiak?
Gurera etortzen diren familiak arduratsuak izaten dira, maila kultural ertaina edo altua dutenak, interes eta jakin-min handikoak eta jarrera harkorra erakusten dutenak. Euren lana ondo egiten ari dira, baina hobeto egin nahi dute. Haurrak hezteko sen ona edo “garaiz emandako zaplaztekoa” baino zerbait gehiago behar dela uste dute; euren egiteko era zalantzan jarri eta era berriak ikasi nahi dituzten gurasoak dira.
Eta zein litzateke hezitzaileen lana?
Ni, pertsonalki, erantzunik ez ematen ahalegintzen naiz. Erantzunak norberak aurkitu behar dituela uste dut. Gurasoak dira euren seme-alabak ezagutzen dituztenak, zer behar eta izaera duten dakitenak, eta, maiz, orientazio txiki bat besterik ez dute behar izaten. Ideia txiki batzuk, euren sormena garatuz behar dituzten tresna horiek sortzen joan daitezen.
Horraino iristeko oinarrizkoa izango da haurraren garunak nola funtzionatzen duen jakitea. Zentzu horretan, maiz aipatzen duzu EPA sekuentzia.
Bai. Bada Joyce Divinyi izeneko autore bat. Hark, baita Daniel Siegel psikiatrak ere bere azken lanean –“El cerebro del niño” (Alba, 2012)– honi buruz hitz egiten digu. EPA sekuentziak Emozioa-Pentsamendua-Akzioa esan nahi du. Bi autoreok esaten digutena da haurrek sentitu eta adierazi egiten dutela, erdiko bidetik, pentsamendutik pasa gabe. Maiz, haurrek adierazteko duten era ezatsegina da helduontzat, baina hain justu haurrek pentsamendua erabiltzeko duten gabeziarengatik da, ez dutelako sentitzen dutena arrazoitik aztertzeko lanabesik.
Horregatik, EPA sekuentziak azaltzen digu haurrak sentitzen duenaren arabera jokatzen duela, eta gurasoek haurrari pentsamendua, alde arrazionala erabiltzen lagundu behar diogula. Hala, Siegelek erakusten digu haurrak burmuinaren eskuineko aldea erabiltzen duela, alde emozionala, eta handiago izan arte ez duela ezkerreko aldea, logikarena, erabiltzeko gaitasunik izango. Eta horrek helduen eta haurren arteko deskonexioa eragiten duela.
Zertan datza haur eta helduen arteko «deskonexio» hori?
Ba, adibidez, haurrak beldurra edo frustrazioa sentitu duelako egiten du negar eta gurasoak, logika erabilita, negar egiteari uzteko arrazoiak eman nahi dizkio. «Ez duzu negar egin behar ez duzulako minik hartu» esaten diogu, eta egia da, baina agian erortzean beldurra sentitu du eta hori nonbaitetik bota behar duelako egiten du negar. Gurasoa “deskonektatuta” dago, ez du ulertzen haurra alde emozionaletik ari zaiola hizketan eta, berak, aldiz, alde logikoa erabilita, jarrera kontrolatzeko arrazoiak eman nahi dizkiola.
Orduan, zer gertatzen da haur bati negar egiten, adierazten uzten ez diogunean?
Emozionalki itotzen dugu, libreki adieraztea galarazten diogu eta hori barruan geratuko zaio. Helduok horregatik somatizatzen dugu horrenbeste; gerrialdeko arazoak, migraina kronikoak, ultzerak... adierazteko ditugun zailtasunekin daude lotuta maiz. Barruan gordetzen dugu dena eta gero umore txarrez gaude, suminkor, burumakur... Hori ez digutelako negar egiten utzi da. Izatez, emakumeok gizonezkoak baino gehiago bizi bagara kulturalki gure sentipenak adierazten, negar egiten utzi digutelako dela esaten dute batzuek.
Eta zer egin dezakegu helduok gure komunikazio gaitasuna trebatzeko?
Guk zirkuitu interesgarri bat irakasten dugu: Lehertzea-Bideratzea-Erlaxazioa. Haurrak muga edo gabezia batekin topo egiten duenean frustrazioa sentitzen du eta helduok askotan ez dakigu frustrazio hori identifikatzen, jokabide ezegokitzat hartzen dugu. Adibidez, muga izan daiteke aitak telebista itzali eta ohera joan behar duela esan diola; haurrak plazer une bat kendu diola senti dezake; frustrazioa ez kudeatzeak jotzera, iraintzera edo aitari tu egitera eraman dezake haurra, eta, helduak, gaizki hezitako haurra ikusten du aurrez aurre. Ziurrenik, zigortu egingo du, eta zigorra ez da «gaizki portatu zarenez orain bai ohera zoazela», zigorra helduak haurrari afektua erretiratzea da: telebista kentzeaz gain, amorruz kenduko dizut ez naizelako nire amorrua egoki kudeatzeko gauza, eta, gainera, nire begirada, presentzia, laztanak kenduko dizkizut. Haurrak onar zezakeen bederatziak direla eta lotara joan behar duenez telebista itzali behar duela, baina ezin du onartu aita garrasika aritzea. Horregatik dira horren garrantzizkoak lotura afektiboak; guraso izatea ez da heztea soilik, baita hezten den bitartean haurrari maitatua dela sentiaraztea ere. Guraso garen aldetik, sekula ez dugu maitasun hori zalantzan jartzen, baina haurrak bai. Haurrak ez du ulertzen haserre hori puntuala dela, aitak jada ez duela maite sentitzen du.
Adimen emozionala gure buruarekin lantzen hasi beharko genukeela dirudi...
Hala da, bai, asko azpimarratzen dugu hori: ezin diogu haurrari bere frustrazioa kudeatzen irakatsi gurea identifikatzeko gauza ez bagara. Gure haserreen eta haurraren haserreen arteko loturez jabetu behar dugu, ez dela posible guk haserretzean garrasi egiteko eskubidea izatea eta haurrari eskubide hori ukatzea. Zigorrak ezartzea erraza da, zaila dena haurrari frustrazio horiek kudeatzeko tresnak ematea da. Baina, lan egiten badugu, haurra handitzen doan neurrian tresna horiek bere egiten joango da, eta, une batean, haserretzen denean ez du negar edo garrasi egiteko beharrik izango, sentitzen duena komunikatzen, adierazten ikasi duelako. Horregatik da horren garrantzitsua arreta haurraren lehertzean jartzea, gurasoak frustrazioa bideratzen lagundu eta orekara, erlaxaziora, eramaten lagun diezaion.
Eta behin erlaxatuta?
Une horretan «ez dut gustuko egin duzuna» esan diezaiokegu. Heziketa une egokian egin behar da. Leherketan haurrak ez digu arretarik eskainiko. Siegelek dio une horretan haurraren burmuina “desintegratua” dagoela, eskuineko eta ezkerreko aldeak bananduta daudela eta alferrikakoa dela haurrari pentsatzeko eskatzea, lortuko dugun bakarra bere frustrazioa areagotzea baita.
Maiz, haurra gaizki portatzen denean taldetik edo gure ondotik urruntzeko joera dugu, eta, alde horretatik, bada gure proiektuan gakoa den esaldi bat: «Maita nazazu gutxien merezi dudanean, orduan beharko zaitudalako gehien». Hau da, zenbat eta okerrago portatu, orduan eta gehiago behar zaituela. Gero, lasaitu eta garuna integratzen duenean zure argibideak entzuteko prest dago. Eta, hori bai, beti ondorio logiko batengatik zigortu behar da. Guk ezberdindu egiten ditugu biak, zigorra eta ondorio logikoa.
Zer litzateke zigorra eta zer ondorio logikoa?
Ondorio logikoaren bidez haurrak bere ekintzen ardura har dezan ahalegintzen gara. Ez du zertan haurraren asmoekin lotuta egon behar. Adibidez, nahi gabe lagunaren jostailua hausten badu ekintzaren ardura hartuko du, jostailua hausteko asmorik ez bazuen ere. Nola? Ba hautsitakoa konpontzen ahaleginduko da, trukean bere jostailu bat emango dio edo itsulapikotik dirua aterata berria erosiko dio. Zigorrarekin haurrak egin duenagatik ordaintzea lortzen dugu; ondorio logikoarekin bere ekintzen arduradun izaten irakasten diogu.
Zer gertatzen da haur bat nerabezarora gisa honetako gabeziekin iristen bada?
Autoestimua aipatu duzu. Nola lantzen duzue hori?
Arazoa haurrak erresilienteak ez direnean dator, minari aurre egiteko gaitasunik ez dutenean. Beraz, atxikimendu segurua eta hezkuntza emozionala dira autoestimua eta erresilientzia maila onaren gakoak.
Azkenaldian ugaritzen ari dira haur txikiei masajeak emateko ikastaroak, hala loturak sendotzen direla-eta. Nola ikusten dituzu praktikok?
Onak diren gauza asko daude, baina ez elementu bakartu bezala; testuinguru baten barruan egon behar dute, haurrari denbora eskaini behar diogu, denbora kontzientea, jolasteko, egoteko, konektatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario