Futboletik argia
Iñaki Segurola
Aspaldi honetan hizkuntzen gizarteko 
gorabeheren gainean argirik hoberena futbolaren mundutik etorri zaigula 
esango nuke nik. Gure moduko axkar-ustekoek gizakaxkar edo 
gizakoxkortzat hartu izan dugu maiz futboleko jende hori, baina aitortu 
beharra dago haietako batzuk bederen gai direla futbolaz kanpoko gauzen 
gainean gu baino askozaz garbikiago eta egokiago jarduteko. Adibide aski
 ezagun batzuk dakartzat lekuko.
(1) “EZ! ‘BERDIN DA’ EZ!” Raül Agnék esana,
 Gironako entrenatzailea zela. Aragoiko katalana da Agné, nolazpait 
esateko, eta Mekinentzan jaioa. Katalanez egindako galderari katalanez 
erantzuten ari zela, Oskako hirian, kazetari elebakar, belarrimotz edo 
bihotzustelek galdegin diote kastillanoz egiteko faborez, berdin dela 
eta kontua elkar ulertzea dela, eta orduan Agnék: “no lo entiendo esto… 
¡no!, ¡’da igual’ no!, ¡’da igual’ no!… con el rollo… ¡no hay rueda de 
prensa!”. Eta jaiki eta martxa etxera. Ez dago garbiago hitzegiterik eta
 egiterik. Arrazoiak eskatzen dizkigute hizkuntza boteretsu edo erosora 
ez makurtzea esplikatzeko, hizkuntza eraginkorrenean ez etsitzeko, 
ustezko elkar-ulertze unibertsala zailtzeko. Arrazoi bakarra dago, eta 
oso astun edo pisuzkoa da: ez da berdin.
(2) “ZER DUK HIK?” Eibarko entrenatzaile Gaizka Garitanoren afera Almerian.
 Denek dakitena. “¿Pasa algo? ¿Pasa algo, o qué? ¿Pasa algo?” Ulertzen 
ez den hizkuntza (ahula) belarriz eta barnez ezin jasan eta purrustaka 
ari denari galdetu behar zaio: “zer duk hik?” edo “ze (ostia) gertatzen 
zaik?” Esango bagenu bezala: ahularen hitza ezin jasan baldin baduk, 
higan baduk okerren bat; oker zabaldua, oker ia normaltzakoa, baina 
okerra.
(3) “HAU ERRESPETU FALTA DA, JAUNAK!” 
Almeriako prentsaburu Juan José Morenok esana edo botea da, Garitanoren 
aferaren barruan, kazetari purrustagileei agiraka eginez. Ahularen 
libertate hitzezkoa urratu nahi lukeenarena da errespetu falta, eta ez, 
boteretik esaten den moduan, elkar-ulertze erraz edo merkea ustez 
zailtzen duenarena. Hau errespetu falta da; errespetu falta hau da.
(4) “HIZKUNTZA BAT DELAKO.” Josep Guardiola i Sala, entrenatzaile Munichen. Almeriako gorabeheren ondotik egindako adierazpenak,
 katalanetik itzuliak: “Lehentxoago edo gerotxoago lortuko dugu denek 
ulertzea munduan diren mila hizkuntzetan hitzegin daitekeela, eta 
katalana horietako bat da. Ez hizkuntza koofiziala delako; hitzegiten da
 hizkuntza bat delako, eta edozeinek hitzegin dezakeen hizkuntza da. Eta
 ulertzen ez bada, itzulpena egiten da. Ez dago arazorik”. Ez ‘eskubide 
bat delako’, ‘nazio bat garelako’, ‘garapen pertsonalarentzat ona 
delako’ edo auskalo zergatik edo zertarako. Ez: munduko edozein 
hizkuntzak eskatu bezala egiten du hitzegina izatea. “Eta ulertzen ez 
bada, itzulpena egiten da”: hortxe daukazue, itzultzaile jaun-andreok, 
zuen ofizioaren funtsa ezin garbikiago adierazia.
Mundua alde erantzira jantzia bezala. 
Egundo ez bezalako argia dator gugana futboletik, eta orain falta dena 
da, ordain moduan, ikusirik nola laguntzen zaigun futbolaren mundutik 
gure espirituko anabasa bere onera eta xuhurrera ekartzen, ordain 
moduan, beraz, faltako litzatekeena da gure moduko jendea izatea, 
nolazpait esateko eta adibidetxo bat besterik ez aitatzeagarik, ortzai[1]
 zergatik galarazten duten sekula ulertu ez dugun jende-modua izatea 
futbolaren izena daukan putetxe megamilioitsua bere onera, bere senera 
eta bere xuhurrera bihurtzen lagunduko lukeena. Alde erantzira jantzita,
 har lezake munduak ondu bat.

 
No hay comentarios:
Publicar un comentario