Mostrando entradas con la etiqueta GAUR 8 (astekaria). Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta GAUR 8 (astekaria). Mostrar todas las entradas

JOSU OZAITA ANTROPOLOGOARI ELKARRIZKETA EUSKERA HITANOAI BURUZ

JOSU OZAITA ANTROPOLOGOARI ELKARRIZKETA EUSKERA HITANOAI BURUZ 



"Azken urteotan batuaren ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia euskalgintzako alor ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski. Baina bada garaia alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu eta beren balio eta indarraren inguruan hausnartzeko. "



Hitanoak gaur egun bizi duen errealitatea Tolosaldeko gazteen prismatik ikertu du Josu Ozaita Ibarrako antropologoak. 18 eta 28 urte arteko eskualdeko gazteekin elkartu eta hitanoari buruz duten ikuspegia bildu du, “Hurbilpen bat: Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzio, diskurtso eta praktikara” izeneko azterketan. Ikerketak hainbat ondorio ateratzeko balio izan dio. Bere iritziz, azken hamarkadotan euskararen alde «lan handia» egin da, eta «izugarrizko bultzada» izan du, baina ez da gauza bera gertatu hitanoarekin. Garrantzirik ez zaiola eman eta ez dela bultzatu uste du. Eta ez hori bakarrik: zenbait kasutan «baztertua» izan dela dio. Horren erakusle da, bere esanetan, hitanoaren inguruko ikerketarik ez egotea edo eskualdean hitanoaren erabilera zenbatekoa den ez jakitea. Horrek guztiak hitanoaren prestigioan zeresana du, Ozaitaren ustez. Hala ere, hizkuntzaren adierazkortasuna bultzatu eta euskararen erabilera handitzeko baliabide aproposa delakoan da, «euskarari eskua sartu diogu toki guztietatik, bada hitanoaren berreskurapenean ere berdina egin beharko litzateke», dio.

GAUR8

Zerk bultzatu zaitu hitanoari buruzko ikerketa bat egitera?
Hainbat arrazoi izan ditut. Euskararen adituen argudioen baitan gauza asko irakurri eta entzun izan ditut hitanoari buruz: sekulako potentzialtasuna duela, gazte hizkerari pertsonalitatea ematen diola… Baina ideia horiek ez zirela garatzen iruditzen zitzaidan, batetik. Eta, bestetik, deigarria egiten zitzaidan errealitate bat ere bazegoen: nahiz eta euskara gure eguneroko hizkuntza izan, tarteka, lagun konkretu batzuekin, gaztelerara jotzen genuela, inkontzienteki, informaltasun eta freskotasun bila. Denbora tarte bat igarota, ohartu nintzen gazteleraren espazio hori hitanoak okupatu zuela. Baina guri ez digute hitanoa eskolan irakatsi, ez da ikasi dugun zerbait. Gero, ordea, kalean entzutean, erakargarri bihurtzen da. Hori zergatik gertatzen den jakin nahi nuen.
 
Zergatik Tolosaldean, eta zergatik gazteen artean?
Gazteek hitanoa gaizki erabiltzen dutela esaten da askotan, baina beraien iritzia eta egoera ez da kontuan hartu orain arte. Nik beraien ikuspegia jaso nahi nuen. Tolosaldean egin dut ikerketa, nire bizitokia delako eta, ikerketaren baldintzak kontuan izanda, egokiena zelako. Hamabi gazterekin egin ditut elkarrizketak. Generoa baloratuz, herri txiki eta handiak bereiziz eta adin tarteak kontuan izanda hautatu dut lagina.

Lagin hori nahiko txikia da. Azterketa zabalagoa eginda emaitza aldatuko litzateke?
Ziurrenik bai. Gerturapen bat izan da nirea, etorkizunean egin daitekeen ikerketa sakonago baten abiapuntua. Diskurtso eta erabilpen anitzak bildu eta mahai gainean jartzeko balio izan duela uste dut. Hala ere, beharra dago ikerketa handiago bat egiteko, baita Tolosaldean ere. Eta Tolosaldetik kanpo, are gehiago. Izan ere, Euskal Herrian errealitate anitzak bizi ditu hitanoak. Polita eta beharrezkoa litzateke lurralde guztiko errealitate ezberdinak bildu eta aztertzea. Hala ere, zaila da honen inguruko informazioa lortzea, ez baitago. Ikerketa batzuk egin izan dira, baina hizkuntzalaritzaren esparrutik, batez ere. Antropologiaren bitartez ikertu nahi nuen nik hitanoa.

Hitanoa gutxietsia izan dela da ikerketaren ondorioetako bat. Hori uste duzu?
Bai. Euskararen inguruan diru asko inbertitu da azkenaldian, baina ez zait iruditzen hitanoa bultzatzen denik. Azken urteotan batuaren ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia euskalgintzako alor ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski. Baina bada garaia alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu eta beren balio eta indarraren inguruan hausnartzeko. Hezkuntzan oso gutxi landu da hitanoa eta metodologia oso zaharkituekin, euskalgintzako eragileek ez dute erabilpenerako apustu bezala ikusi, instituzioetatik ez da inbertsio ekonomikorik egin, zenbait euskal hiztunen partetik alboratua ere izan da… Horregatik diot hitanoa gutxietsia izan dela. Eman zaion garrantzia gutxiarekin iraute hutsa harrigarria da, eta hori indar berezi bat duelako da.

Zein presentzia du hitanoak gaur egun? Bere erabilera ugaritu edo murriztu egin da azken urteotan?
Ezin daiteke zehatz jakin. Guk ez dakigu zehazki non erabiltzen den, ehuneko zenbatek egiten duen... Neurtzen ez bada, estatistiketan azaltzen ez bada, desagertzen ari den pertzepzioa du jendeak. Baina Tolosaldean, adibidez, uste baino indar handiagoa du. Nahiz eta ez den bultzatzen, esan daiteke hitanoak presentzia nahiko handia duela gure eskualdean. Indarra badu ere, gazteek oso eremu zehatzetan soilik erabiltzen dute.

Garai batean espazio informaletan erabiltzen zen hitanoa. Zein da bere erabilera esparrua gaur egun?
Hitanoaren espazioa horixe da orain ere: informala eta oso gertukoa. Lagunarteko testuingururako eta egoera informaletarako hizkera egokia da. Erregistro informala izaki, kalea eta gertutasun testuinguruak dira bere espazioak. Adibidez, taberna batean bazaude futbolaz hitz egiten, hitanoaren diskurtsoak adierazkortasun handiago hartzen du, diskurtsoari indar berezi bat ematen dio, batuari lekua irabaziz. Batua ez delako hain adierazkorra, hotzagoa delako. Gazteek beraiek ere hori ikusten dute eta horrek hitanoa mantentzen jarraitzean zerikusia handia duela esango nuke.

Hortik kanpo, zein espazio hartzen ditu? Komunikabideetan, adibidez, zer toki dauka?
Telebistan, adibidez, Goenkalen entzun zitekeen dezente, bere eremua den distantzia laburreko egoeratan: tabernan, lagunartean, guraso eta alaba-seme harremanetan… Bestetik, marrazki bizidunetan ere bai, baina lehen gehiago erabiltzen zela uste dut. Pilota partidetan ere, Xabier Euskitze eta Joxean Tolosak ia-ia beraiekin etxeko sofan tertulian egotea lortzen dute hitanoaren bidez. Paper garrantzitsua jokatzen du telebistak alor honetan. Interesgarria litzateke, gazteen ikuspegitik batez ere, “Gu ta gutarrak” bezalako programetan hitanoa lantzea. Irratian, adibidez, oso gutxi entzuten da, eta horretarako eremu aproposa da, ahozko komunikabidea izaki. Bikaina litzateke Gaztean euskal talde bati elkarrizketa hitanoz egitea, adibidez.

Bi aldagai nagusi aipatzen dituzu erabilera aztertzean: generoa eta herri txiki eta handien arteko aldea.
Tolosa bezalako herrietan ez da egon transmisiorik, gaur egun guraso diren horiek duela 30 urte errealitate erdalduna bizi zutelako. Tolosako gazteen artean hitanoa erabiltzen bada, herri txikietako gazteak batxilergoa egitera bertara joatearen ondorio da, edo herri txikietatik Tolosara joandako gurasoak izatearena, edota familiarteko baserrira joateko ohitura izatearena. Hala ere, gazteek ez dute ondo ezagutzen hitanoa: “zenbat dek?”, “ze esatek?” eta antzeko forma errazetatik aterata nahiko galduta aurkitzen dira. Baina, hala eta guztiz ere, zenbaitek hitanoa erabiltzen dute oso itsaskorra delako eta funtzio bat topatzen diotelako. Ziurrenik Donostian baino presentzia handixeagoa izango du Tolosan, baina aldea ez da hainbestekoa Azpeitiarekin, Zarautzekin edo antzeko herriekin konparatuta. Aldiz, Tolosaldean bertan bai ematen dira aldeak, herri txiki asko dagoelako. Batez ere herri txikietako mutilek bere egin dute, hitanoaren transmisio naturala jaso dutelako askok, etxetik bertatik kasu askotan. Bereizketa horiek eragiten dute zenbait gaztek hitanoa urruneko ikustea, eta, aldiz, beste batzuek beraien identitatearen parte sentitzea.

Mutilak aipatu dituzu. Zergatik da urriagoa nesken artean?
Mutilen kasuan soilik eman da hitanoaren transmisioa. Nesken transmisioa moztu egin da. Noka [nesken forma] gutxi entzuten da. Are gehiago: noka galbidean dagoela uste dut, bere erabilpen urriagatik eta transmisio ezagatik. Emakume heldu edota ahizpa helduen artean erabiltzen da, baina ia-ia intimitatean, esango nuke. Aita-semeen kasuan ez bezala, gurasoen aldetik ez da egon hitanoaren transmisiorik alabekiko. Baina ez da beti horrela izan, historia bera da horren lekuko. Begoña Etxebarria antropologoaren ikerketa batean kontatzen denez, 1571n, protestanteen ideiak zabaltzeko noka forma normaltasunez erabiltzen zen emakumeengana zuzentzerakoan. Ondorengo testu katolikoetan “zu” forma ageri da oro har; hitanoa, aldiz, zigortzeko edo errieta egiteko, mespretxua edo destaina adierazteko erabiltzen zen. Horrela bada, konnotazio negatiboa eman izan zaio hikari oro har, baina askoz modu ageriagoan nokari, sorginkeriarekin eta bekatuarekin identifikatu izan delako. Egun oraindik zentzu negatibo hori mantentzen du sarri, zerbait zakarra, baldarra edo itsusia balitz bezala. Eta, badakizu, neskak fina behar omen du…

Nesken kasuan beste ondorio deigarriren bat ere atera duzu.
Bai. Fenomeno berezi batekin konturatu naiz. Berastegi eta Berrobi inguruan neska batzuek hitanoa erabiltzen dute beren artean, baina toka, mutilen forman. Berdintasunarekin lotuta legoke hori. Gaur egun gizartea berdinzalegoa denez, ez dute beharrik ikusten neska eta mutilen formak bereizteko. Helduagoek agian hori astakeria bezala ikusiko dute, baina badirudi gazteek ez diotela bereizketa horri horrenbesteko garrantzirik ematen. Hori bai, martxa honetan, genero bereizketa gal lezake hitanoak, eta, “kasualitatez”, orain ere, emakumeen osagai bat litzateke kaltetua...

Beste hizkuntza forma batzuen alboan hitanoaren egoera ez da hain larria; beroriketarekin konparatuz, adibidez.
Bai. Jartzen badituzu hitanoa eta beroriketa elkarren ondoan, ikus daiteke nola beroriketa desagertu egin den, ez zuelako betetzen bere funtzioa eta ez zuelako gizartearen atxikimendua. Duela ez asko arte, hierarkia eta estatus mailak islatzen ziren euskararen erabilpenarekin etengabe, berorika formaren eta hitanoaren baitako arauak medio. Gaur egun, aldiz, berdintasun handiagoko euskara darabilgu, hizkuntzaren bidez mailaketarik egiten ez duena. Belaunaldi berriek ez dakite berorika existitu izan denik ere. Dena den, ez dit batere penarik ematen berorika desagertu izanak. Hizkuntza aberastasunak galdu du, baina berdintasunak irabazi.

Hitanoaren barne arau horiek aldatzen doazela diozu.
Bai, hitanoaren barruan zeuden arauak apurtzen ari dira. Ez soilik generoaren aldetik, mailaketa sozialaren arloan ere bai. Garai batean gurasoei, apaizari edo prestigiozko kargudunei hika egitea edukazio txarrekoa zen, eta hori gaur egun aldatu egin da. Akaso gazteek ez dute mailaketa sozial hori hizkuntzan erreproduzitu nahi. Berdintasunerako joera handiagoa ikusten dut gizartean maila horretan.

Esan daiteke hitanoaren baitako aldaketak gizartearen isla direla, neurri batean?
Bai. Gizartea aldatzen den moduan aldatzen dira hizkuntzak ere, biziak eta aldakorrak baitira. Gazteek ez diete zentzurik topatzen arau hauei, eta beren erabilpenaren bidez paradigma aldaketa gauzatzeko subjektu aktiboak dira. Tolosa bezalako herrietako gazteek ez dute arauon transmisiorik jaso eta beren aitengana hitanoz zuzentzen dira; herri txikietakoek, aldiz, arauon transmisioa jaso dute, eta, ondorioz, aurka badaude ere, arauok errespetatu gabeko erabilpena neurtuagoa da. Nire kasuan, txikitan aitak ez zidan uzten hikaz berarengana zuzentzen, baina egun eguneroko forma normalizatua da. Berastegiko apaizak uzten die gazteei hitanoz zuzentzen, duela urte batzuk zaplazteko baterako arrazoi zena. Azken batean, belaunaldi heldu eta gazteen arteko borroka ezkutu bat dago hemen, helduen arauen eta gazteen ikuspegiaren artekoa. Gazteak pixkanaka terrenoa irabazten ari dira, eta helduak onartzen ari dira errealitate berri hori.

Gaur egun hitanoa erakargarri dela esango zenuke? Ikusten diozu xarma berezi bat? Gazteek zer diote?
Hitanoak badu indar berezi bat, erakargarritasun bat. Tolosako gazte batek esan zidan moduan, hasieran arrotza egiten zitzaion, baina belarria ohitu, pixkanaka probatzen hasi eta gustua hartu zion azkenean, itsaskorra baita hitanoa. Horregatik iraun du, baduelako erakargarritasun bat, eta ez lanketa berezia egin delako berau mantentzeko. Hala ere, konturatu naiz landa guneetan edo herri txikietan batzuek lotsa pixka bat sentitzen dutela. Beste batzuek, aldiz, harrotasunez erakusten dute, beren identitate ikur gisa.

Prestigioa galdu al du?
Garai batean baserritarrak ere prestigio gutxiko pertsonak ziren, ezjakin etiketa zuten, nahiz eta oso aberatsak izan jakintza aldetik hainbat alorretan. Herri txikietako jendea gutxietsia zen bezala, prestigio gutxi zuen hauen hizkerak ere. Gaur egun, autoestimu handiagoa dago, eta herri txikietako gazte askok harrotasunez daramate beren identitatearen parte bezala. Bestalde, hitanoa urbanizatu ere egin da neurri batean. Agian instituzio, hezkuntza eta euskalgintzako eragileek gutxiesten dute, baina, kontrapuntu bezala, jende askok maite duela ere ohartu naiz. Eta egin dudan ikerketa txiki honek interes handia piztu du komunikabideetan. Seinale ona da hori.&hTab;

Hitanoak ez du presentziarik hezkuntza arautuan: ez da eskoletan irakatsi, kalean edo etxean jaso eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da, ezta?
Bai, eta transmisio zuzena jaso ez duenak ez du ikasteko aukerarik izan. Nik gogoan dut duela hogeita piko urte landu genuela ikastolan, taula bidez eta egun bakar batean, pentsa! Eskolan aditz taularen bitartez izaten dute askok hitanoarekin lehen kontaktua, eta horrek kontrako erreakzioa eragiten du ezinbestean. Gaurko gazteek ere antzeko esperientziak kontatu dizkidate. Hezkuntzak ere hitanoaren erabileran zeregina duela uste dut, eta hausnarketa egin beharko litzateke autokritikatik bide berriak irekitzeko. Taula bidezko metodologia ez da batere aproposa hitanoa lantzeko. Bestelako bideak probatu beharko lirateke.

Nola bultza daiteke hitanoa gaur egun?
Lehenik eta behin, hitanoak ikerketa sakona behar du, errealitatera gerturatzeko. Hortik abiatu beharko genuke. Ikerketa sakon bat egin behar da, eta horren arabera planteatu nolako berreskurapena egin behar den eta zein ekintza lerro ireki behar diren. Adibidez, aisialdia eta jolasa oso eremu egokiak izan daitezke. Haur eta gaztetxoek ondo pasatzearekin lotzen badute eta funtzio bat bilatzen badiote, bikain. Nire lagun batek dioen bezala, zertarako balio du euskararen inguruan hainbeste lan egiteak, zertarako balio dute hainbeste euskara planek, gero gure alaba-semeek surfa praktikatzeko edo zaldian ibiltzeko ikastaroak gazteleraz egiten badituzte, euskarazko eskaintzarik ez dagoelako? Hor jarri behar da arreta erabilpena bultzatzeko. Bestetik, hezkuntza araututik bertatik ere hitanoa landu daiteke, baina hobe jolas moduan. Adibidez, antzerkiak eginez hitanoa erabiliz, soinketa klaseetan… Teoria ere bai, baina bestelako metodologien bitartez, ez aditz taula hutsekin. Azpeitian, esate baterako, lanketa berezi bat egiten ari dira ume eta gazteekin hitanoa lantzeko, euskarri desberdinak erabiliz, eta ikasketa dinamikoagoa bihurtuz: ordenagailu bidezko jolasak, marrazki bizidunak…

Gaur egun, eta hala nahi duenak, badu hitanoa ikasteko aukerarik? Tolosan bertan bada ekimenen bat, ezta?
Bai, ikasturte honetan jarri da martxan Hitanolagunak izeneko iniziatiba. Ekimen positiboa da, noski, baina ez du hitanoa salbatuko, eta erabilpenean ere ez du askorik eragingo, tamalez. Elementu bat izan daiteke, gehigarri bat, baina plangintza osoago baten barnean, ez partxe moduan. Gainera, horrelako jardueretan parte hartzen dutenen profila, orokorrean, denbora librea duen jende helduarena izaten da, erretiratuak batez ere. Gazteak falta dira, ordea. Eta gaur egun gazteek nahikoa zeregin daukate, eta lehenago hasten dira ingelesa, frantsesa edo alemana ikasten. Horrek ez du esan nahi ez litzaiekeenik gustatuko hitanoa ondo jakitea, noski, baina bestelako eremu batzuetan landu behar da kontua.

Nola erakar daitezke gazteak hitanoa erabiltzera?
Esan bezala, hitanoa sakonki ikertu ostean, plan bat beharko lukeela pentsatzen dut, gazteek ere parte hartu beharko luketelarik bere diseinuan. Hitanoa erakargarri izan daiteke, baina estrategian asmatzean datza gakoa. Hitanoaren etorkizuna ez dator euskararen aberastasuna gordetzeko gazteek ikasiko dutelako, baizik eta funtzionaltasunaren bidetik. Hitanora gazte berriak gehitu badira berarekin bilatzen duten funtzio ezberdinduagatik da, hots, egoera informaletarako aurkitzen dioten baliagarritasunagatik: besteak beste, adierazkortasuna, gertutasuna, lagunarteko egoera, informaltasuna, hizkera freskoa… 

 Gazteleraz “¡qué pasa tú! ¿qué dices?” litzatekeena, zukaz “kaixo, zer kontatzen duzu?” litzateke. Hitanoz, berriz, “aupa hi! Ze esaten? (edo esatek)?”. Alde handi xamarra dago, ezta?

Hitanoa berreskuratzea eta indartzea euskararen erabilera handitzeko bide ona litzateke?
Bai. Azken urteotan euskararen ezagutza goranzko joeran dela baina erabilera geratu egin dela diote ikerketek. Akaso, euskararen erabilera gutxitzen ari dela esaten denean, aurrez aipaturiko adierazkortasun hori falta zaiolako da. Agian hitanoak lagun dezake erabilpena igotzen, neurri batean. Ez da hautatu behar batua ala hitanoa, bata edo bestea, biak osagarri baitira. Azken finean, hitanoa euskarak duen beste tresna bat da, beste erregistro bat, funtzio ezberdindua duena. Zenbat eta hizkera gehiago menperatu, hiztun osoagoak izango gara. Orduan eta tresna gehiago eduki egoera ezberdinetarako, orduan eta hobeto moldatuko gara euskaraz, eta, horrenbestez, gure hizkuntza gehiago erabiliko dugu. Hori da helburua, azken batean.

[ Borreruak webgunetik antza denez Gaur8-n irtendako elkarrizketatxoa eskaini diNat. Josu Ozaitak esaten diNan denarekin bat ez banagoNK ere hemendik hitanoaren alde baita zuka ere, kar kar!! ]

Leticia Garces: "Eguneroko erritmoak emozionalki gaixo dagoen gizarte batean bizitzera garamatza"

circuito coches 4 Cómo enseñar a resolver conflictos jugando

Amalur Artola

Pedagogoa eta hezitzailea da Leticia Garces, baita familia orientatzailea ere. Guatemalako harrera etxeetan eman zituen lau urteetan izandako esperientziak eta amatasunak eraman zuten bere kabuz adin txikikoen adimen emozionalaren gainean ikertzera. Erabilgarria izan zitekeelakoan, urteetan pilatutako jakintza bere behar berak izan zitzaketen familiekin partekatzea erabaki zuen orain lau urte, eta, gutxika-gutxika, bere etxeko egongelan dozena bat ama hartzetik Padres Formados elkartea osatu eta Nafarroan eta inguruetan 22 talde –200 familia– izatera pasa da. Lau zerbitzu mota eskaintzen ditu: guraso eskola, hezitzaile eskola, familia orientazio pertsonalizatua eta “Rincón del Cuento” (Liburuaren Txokoa) atala. On line liburutegi horretan, espresuki haurren adimen emozionala lantzeko material hautatua biltzen dute. Adimen emozionalaz eta, batez ere, norbere emozioak identifikatzeko ditugun arazoez mintzatu zaigu.
 
Ze asmorekin sortu zenuen Padres Formados elkartea?

Helburua haurren garapen emozionala hobetzea da, eta, horretarako, helduekin lan egitea ezinbestekoa da. Orokorrean, helduok estres maila handiari egin behar izaten diogu aurre; lanak, egunerokotasunak, kezkek indar handiz bereganatzen gaituzte eta horrenbeste energia kentzen digute, gero, seme-alabek eurekin egoteko edo jolasteko eskatzen digutenean, ez dugula gogorik, ezta indarrik ere. Krisialdiak bikote zein familia-harremanak kaltetu dituela ere egia da, eta horrek guztiak emozionalki gaixo dagoen gizarte batean bizitzera eramaten gaitu; adierazteko, komunikatzeko, emozioak identifikatzeko zailtasunak ditugu, eta, ondorioz, haur baten aurrean sentitzen duguna identifikatzeko ere arazoak ditugu.
 
Eta horrek nola eragiten du haurrengan?
 
Portaera arazo ugari sortzen dira helduok haurrak ulertzeko ditugun zailtasunengatik. Jolastea, barre egitea, hilero hipoteka ordaindu behar ez dugunean sentitzen den erantzukizun faltarekin bizitzea zer den ahaztu zaigu. Amatasuna atzeratzearekin ere, zenbaitetan ez gara haurrak exijitzen digun energia guztia sortzeko gai. Ez dut esaten hori ondo edo gaizki dagoenik, baizik eta hori dela egungo egoera eta zailtasun eta gabezia horiei aurre egiteko era bilatu behar dugula.
 
Zein litzateke gabezia horiei aurre hartzeko bidea?

Zalantzarik gabe, formazioa. Gure leloa “Guraso formatuak, ongi hezitako haurrak” da. Nire semea ondo hezteko lehendabizi nire burua landu behar dut, haurra ulertzen eta entzuten ikasi, jokabide ezegokien aurrean zer egin jakin behar dut, haurraren uneko behar afektiboak identifikatzen ikasi... Adibidez, nire semeak inor jotzen badu frustrazioa adierazteko beste tresnarik ez duelako izan daiteke, ez duelako beste era batera adierazteko gaitasunik.
 
Zeintzuk dira gurasoek izaten dituzten kezka nagusiak?

Gurera etortzen diren familiak arduratsuak izaten dira, maila kultural ertaina edo altua dutenak, interes eta jakin-min handikoak eta jarrera harkorra erakusten dutenak. Euren lana ondo egiten ari dira, baina hobeto egin nahi dute. Haurrak hezteko sen ona edo “garaiz emandako zaplaztekoa” baino zerbait gehiago behar dela uste dute; euren egiteko era zalantzan jarri eta era berriak ikasi nahi dituzten gurasoak dira.
 
Eta zein litzateke hezitzaileen lana?

Ni, pertsonalki, erantzunik ez ematen ahalegintzen naiz. Erantzunak norberak aurkitu behar dituela uste dut. Gurasoak dira euren seme-alabak ezagutzen dituztenak, zer behar eta izaera duten dakitenak, eta, maiz, orientazio txiki bat besterik ez dute behar izaten. Ideia txiki batzuk, euren sormena garatuz behar dituzten tresna horiek sortzen joan daitezen.
 
Horraino iristeko oinarrizkoa izango da haurraren garunak nola funtzionatzen duen jakitea. Zentzu horretan, maiz aipatzen duzu EPA sekuentzia.

Bai. Bada Joyce Divinyi izeneko autore bat. Hark, baita Daniel Siegel psikiatrak ere bere azken lanean –“El cerebro del niño” (Alba, 2012)– honi buruz hitz egiten digu. EPA sekuentziak Emozioa-Pentsamendua-Akzioa esan nahi du. Bi autoreok esaten digutena da haurrek sentitu eta adierazi egiten dutela, erdiko bidetik, pentsamendutik pasa gabe. Maiz, haurrek adierazteko duten era ezatsegina da helduontzat, baina hain justu haurrek pentsamendua erabiltzeko duten gabeziarengatik da, ez dutelako sentitzen dutena arrazoitik aztertzeko lanabesik.
Horregatik, EPA sekuentziak azaltzen digu haurrak sentitzen duenaren arabera jokatzen duela, eta gurasoek haurrari pentsamendua, alde arrazionala erabiltzen lagundu behar diogula. Hala, Siegelek erakusten digu haurrak burmuinaren eskuineko aldea erabiltzen duela, alde emozionala, eta handiago izan arte ez duela ezkerreko aldea, logikarena, erabiltzeko gaitasunik izango. Eta horrek helduen eta haurren arteko deskonexioa eragiten duela.
 
Zertan datza haur eta helduen arteko «deskonexio» hori?

Ba, adibidez, haurrak beldurra edo frustrazioa sentitu duelako egiten du negar eta gurasoak, logika erabilita, negar egiteari uzteko arrazoiak eman nahi dizkio. «Ez duzu negar egin behar ez duzulako minik hartu» esaten diogu, eta egia da, baina agian erortzean beldurra sentitu du eta hori nonbaitetik bota behar duelako egiten du negar. Gurasoa “deskonektatuta” dago, ez du ulertzen haurra alde emozionaletik ari zaiola hizketan eta, berak, aldiz, alde logikoa erabilita, jarrera kontrolatzeko arrazoiak eman nahi dizkiola.
 
Orduan, zer gertatzen da haur bati negar egiten, adierazten uzten ez diogunean?

Emozionalki itotzen dugu, libreki adieraztea galarazten diogu eta hori barruan geratuko zaio. Helduok horregatik somatizatzen dugu horrenbeste; gerrialdeko arazoak, migraina kronikoak, ultzerak... adierazteko ditugun zailtasunekin daude lotuta maiz. Barruan gordetzen dugu dena eta gero umore txarrez gaude, suminkor, burumakur... Hori ez digutelako negar egiten utzi da. Izatez, emakumeok gizonezkoak baino gehiago bizi bagara kulturalki gure sentipenak adierazten, negar egiten utzi digutelako dela esaten dute batzuek.
 
Eta zer egin dezakegu helduok gure komunikazio gaitasuna trebatzeko?

Guk zirkuitu interesgarri bat irakasten dugu: Lehertzea-Bideratzea-Erlaxazioa. Haurrak muga edo gabezia batekin topo egiten duenean frustrazioa sentitzen du eta helduok askotan ez dakigu frustrazio hori identifikatzen, jokabide ezegokitzat hartzen dugu. Adibidez, muga izan daiteke aitak telebista itzali eta ohera joan behar duela esan diola; haurrak plazer une bat kendu diola senti dezake; frustrazioa ez kudeatzeak jotzera, iraintzera edo aitari tu egitera eraman dezake haurra, eta, helduak, gaizki hezitako haurra ikusten du aurrez aurre. Ziurrenik, zigortu egingo du, eta zigorra ez da «gaizki portatu zarenez orain bai ohera zoazela», zigorra helduak haurrari afektua erretiratzea da: telebista kentzeaz gain, amorruz kenduko dizut ez naizelako nire amorrua egoki kudeatzeko gauza, eta, gainera, nire begirada, presentzia, laztanak kenduko dizkizut. Haurrak onar zezakeen bederatziak direla eta lotara joan behar duenez telebista itzali behar duela, baina ezin du onartu aita garrasika aritzea. Horregatik dira horren garrantzizkoak lotura afektiboak; guraso izatea ez da heztea soilik, baita hezten den bitartean haurrari maitatua dela sentiaraztea ere. Guraso garen aldetik, sekula ez dugu maitasun hori zalantzan jartzen, baina haurrak bai. Haurrak ez du ulertzen haserre hori puntuala dela, aitak jada ez duela maite sentitzen du.
 
Adimen emozionala gure buruarekin lantzen hasi beharko genukeela dirudi...

Hala da, bai, asko azpimarratzen dugu hori: ezin diogu haurrari bere frustrazioa kudeatzen irakatsi gurea identifikatzeko gauza ez bagara. Gure haserreen eta haurraren haserreen arteko loturez jabetu behar dugu, ez dela posible guk haserretzean garrasi egiteko eskubidea izatea eta haurrari eskubide hori ukatzea. Zigorrak ezartzea erraza da, zaila dena haurrari frustrazio horiek kudeatzeko tresnak ematea da. Baina, lan egiten badugu, haurra handitzen doan neurrian tresna horiek bere egiten joango da, eta, une batean, haserretzen denean ez du negar edo garrasi egiteko beharrik izango, sentitzen duena komunikatzen, adierazten ikasi duelako. Horregatik da horren garrantzitsua arreta haurraren lehertzean jartzea, gurasoak frustrazioa bideratzen lagundu eta orekara, erlaxaziora, eramaten lagun diezaion.
 
Eta behin erlaxatuta?
 
Une horretan «ez dut gustuko egin duzuna» esan diezaiokegu. Heziketa une egokian egin behar da. Leherketan haurrak ez digu arretarik eskainiko. Siegelek dio une horretan haurraren burmuina “desintegratua” dagoela, eskuineko eta ezkerreko aldeak bananduta daudela eta alferrikakoa dela haurrari pentsatzeko eskatzea, lortuko dugun bakarra bere frustrazioa areagotzea baita.
Maiz, haurra gaizki portatzen denean taldetik edo gure ondotik urruntzeko joera dugu, eta, alde horretatik, bada gure proiektuan gakoa den esaldi bat: «Maita nazazu gutxien merezi dudanean, orduan beharko zaitudalako gehien». Hau da, zenbat eta okerrago portatu, orduan eta gehiago behar zaituela. Gero, lasaitu eta garuna integratzen duenean zure argibideak entzuteko prest dago. Eta, hori bai, beti ondorio logiko batengatik zigortu behar da. Guk ezberdindu egiten ditugu biak, zigorra eta ondorio logikoa.
 
Zer litzateke zigorra eta zer ondorio logikoa?
 
Zigorra haurrak egin duenagatik ordaindu beharra duela iritzita jartzen da. Gehienetan oldarkorra da, gurasoaren mendekatzeko beharretik sortua: lotsagarri utzi nauelako zigortzen dut.
Ondorio logikoaren bidez haurrak bere ekintzen ardura har dezan ahalegintzen gara. Ez du zertan haurraren asmoekin lotuta egon behar. Adibidez, nahi gabe lagunaren jostailua hausten badu ekintzaren ardura hartuko du, jostailua hausteko asmorik ez bazuen ere. Nola? Ba hautsitakoa konpontzen ahaleginduko da, trukean bere jostailu bat emango dio edo itsulapikotik dirua aterata berria erosiko dio. Zigorrarekin haurrak egin duenagatik ordaintzea lortzen dugu; ondorio logikoarekin bere ekintzen arduradun izaten irakasten diogu.

Zer gertatzen da haur bat nerabezarora gisa honetako gabeziekin iristen bada?
 
Nerabeek asko sufritzen dute, hain zuzen, adierazteko, komunikatzeko eta sentitzen dutena kudeatzeko gaitasuna eta tresnak falta dituztelako. Ez da gauza bera 6 urterekin «ez dut zure laguna izan nahi» esatea edo nerabezaroan taldearen zati ez zarela sentitzea. Nerabeak bere parekideekin identifikatzeko beharra du, etapa horretan onarpena berebizikoa da eta ez da erraza bazterketa hori kudeatzea edo pentsamendua, janzteko era edo beste edozergatik ez onartzea. 0-12 urte artean gaia landu badugu eta haurrak autoestimua eta komunikazio gaitasun on bat garatzeko gaitasun eta tresnak eskuratu baditu, ez dugu esango ez duenik arazorik izango, baina baztertua sentitzen denean adierazteko gai izango da, laguntza eskatzekoa, eta errazago ulertuko du norbaitek berekin egon nahi ez badu ez duela esan nahi pertsona bezala baliozkoa ez denik. Ez du horrenbeste pertsonalizatuko eta berarekin egon nahi duen jende gehiago badagoela ikusteko gai izango da. Horrek guztiak pentsamendu alternatiboa eskatzen du, hau da, haurrak sentitzen duenaren aurrean alternatibak bilatzeko gaitasuna izatea. Eta, hain zuzen, hori da gure helburua: ezin dugu haurrek arazoak izan ditzatela ekidin, baina tresnak eman diezazkiekegu arazoei heldutasunez eta eskatzen duten gaitasunarekin aurre egiteko gai izan daitezen.

Autoestimua aipatu duzu. Nola lantzen duzue hori?
 
Haurrak duen atxikimendu mota 0-3 urte arteko etapan garatzen da. Ideala haurrak atxikimendu segurua izan dezala da: atxikimendu figura identifikatzen du, lotura afektibo sendoa dago eta horrek bere ingurunean seguru dagoela sentiaraztera darama. Handitzen doan neurrian, atxikimendu seguruak eta lantzen goazen hezkuntza emozionalak autoestimu orekatua eta osasuntsua izan dezala bideratuko du eta egoera zailen aurrean erresilientzia sendoa garatuko du.
Arazoa haurrak erresilienteak ez direnean dator, minari aurre egiteko gaitasunik ez dutenean. Beraz, atxikimendu segurua eta hezkuntza emozionala dira autoestimua eta erresilientzia maila onaren gakoak.

Azkenaldian ugaritzen ari dira haur txikiei masajeak emateko ikastaroak, hala loturak sendotzen direla-eta. Nola ikusten dituzu praktikok?
 
Lotura sendotu dezakeen guztia da interesgarria, baina kontua ez da masajea ematea ona ote den –hori ez dut zalantzan jartzen–, baizik eta ama edo aita une horretan nola dagoen. Maiz teknika, gomendio edo errezeta ezberdinetara jotzen dugu, barruan dugunari gehiegi begiratu gabe. Batzuetan, teknika horiek erabili nahi ditugu gu ondo egon gabe, egun guztian korrika ibili garelako, erritmo bizian, eta ez garelako konturatzen zenbaterainokoa den gure antsietate maila. Orduan, masajea eman diot baina ni oso urduri nengoen, eta lortu dudan bakarra nire buruari «listo, egin dut egin behar dudala suposatzen dena» esan eta nire kontzientzia lasaitzea da.
Onak diren gauza asko daude, baina ez elementu bakartu bezala; testuinguru baten barruan egon behar dute, haurrari denbora eskaini behar diogu, denbora kontzientea, jolasteko, egoteko, konektatzeko.