Mostrando entradas con la etiqueta ARGIA (aldizkaria). Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ARGIA (aldizkaria). Mostrar todas las entradas

Lucio

[Argiatik hartutako dokumentala eta bertan idatzitako duela bost urtetako bere esplikaziotxoa]

Lucio Urtubia

Lucio 

Anarkista asko izan dira munduan, eta dira oraindik ere. Ugari izan dira kausaren alde lapurretan edo kontrabandoan arituak. Oso gutxi izan dira Ché-rekin estrategia-eztabaidan jardunak, edo Eldridge Cleaver Pantera Beltzen buruari lagundu diotenak. Bakarra izan da, horri guztiari batuta, planetako bankurik boteretsuena estu eta larri jarri zuena traveller check-en faltsutze masiboaren bitartez, egun bakar batean ere huts egin gabe bere etxegintzako lana. Lucio Urtubia, Cascantekoa (Nafarroa).
Lucio Parisen bizi da gaur egun, erretiratua. Hogeigarren mendearen bigarren erdiko gertaera historiko ugariren lekuko izan da, eta partaide sarri. Barrutik bizi izan zuen 1968ko Maiatza, Castroren erregimenaren hasieran laguntzaile izan zen, Francoren aurkako ekintza mota guztietan hartu zuen parte… Baina zalantzarik gabe bere kolperik handiena hirurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdian eman zuen: prentsako izenburuetan “lapur ona” edo “Azeri euskalduna” deitu zioten. Garai hartako 3.000 milioiko iruzurra egin zion First National Bank (orain Citibank) etxeari, dirua berak sinesten zuen kausetan inbertitzeko. Harrigarria da, baina bere “karrera” hilabete batzuetako kartzela aldia besterik ez zaio kostatu.
Bisitatu dokumentalaren webgune ofiziala
Dokumental hau EiTB.tv webgunetik txertatua da. Egin klik bertan ikusteko.

Herritarren konpromisoa txantxitan neurtzen da Oñatin

[Lander Arretxeak duela gutxi tokiko txanpon baten inguruan, Oiñatiko txantxien inguruan hitz egin ziguNK. Gaitz bat diNK istorioak, euroekin trukatzen badituNK ezer ez diNagula aldatzen] 
[Si eres castellanoparlante aquí va el texto en ese/este idioma]

Herritarren konpromisoa txantxitan neurtzen da Oñatin

Lander Arretxea

Lander Arretxea

2474. alea
2015-09-13

Tokiko ekonomiarekiko konpromisoa eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko sortu da txantxia, herriko kontsumoa fidelizatu eta gastu-ihesa murriztuz.  Oñatiko saltokietan erabil daiteke eta euroarekiko trukean %5eko hobaria du.

Tokiko ekonomiarekiko konpromisoa eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko sortu da txantxia, herriko kontsumoa fidelizatu eta gastu-ihesa murriztuz. Oñatiko saltokietan erabil daiteke eta euroarekiko trukean %5eko hobaria du.
Oñatiarra da Amaia. Larunbatero gisan Aldapa tabernan geratu da lagunekin, eta etxerakoan, ogia erosi du Errota okindegian. Baina ez du, ohi bezala, eurotan ordaindu, ezta txartelarekin ere. Asteazkenean truke bulegoan lehenengoz hartu zituen kolore biziko billeteak erabili ditu: Oñatiko moneta soziala diren txantxiak. Lehenengo aldia izan da; ez da azkena izango ordea. Erosterako orduan txantxi bakoitzak euro banaren balioa badu ere, trukea egiten duenean %5eko hobaria ematen diote: 100 euro trukatuz gero, 105 txantxi. Denera, sei billete desberdin daudela jakin du: 20, 10, 5, 1, 0,5 eta 0,10 txantxiri dagozkionak, Oñati eta inguruko leku adierazgarrienen irudiekin.
Hiru hilabeteko epean erabiltzen ez baditu, txantxiak eguneratu egin beharko ditu balioaren %3 galduz. Baina badaki ez zaiola horrelakorik gertatuko, ohiko 91 saltokitan onartzen baitituzte: iturgintza enpresetan, harategietan, ile apaindegietan, liburu-dendetan…
Merkataritza txikiari bultzada
Enpresa haietako baten jabea eta arduraduna da Miren. Txantxia martxan jarri zen unetik bertatik erabaki zuen atxikimendua ematea, Oñatiko merkataritza txikia laguntzeko neurriak ezinbestekoak zirelakoan. “Horrelako neurririk ezean, Oñatin sortzen den diruaren zati handi bat kanpoan xahutzen da”. Oraindik erosleen gehiengoak ez du txantxirik erabiltzen, baina nabari du pixkanaka gero eta jende gehiagok eman duela pausoa, eta piztu dituela hainbat hausnarketa tokian tokiko kontsumoaren garrantziaz. Txantxiak nahi duenean alda ditzake euroen truke, baina %3 galtzen du hala eginez gero. Horregatik, ahal duenetan atxikimendua eman duten beste merkatariei behar duena erosteko erabiltzen ditu.
Gizarte ekimenetarako diru-funtsa
Mirenek eta gainontzeko merkatariek txantxiak eurotara trukatuz gero erauzten zaien %3 horrekin, gizarte ekimenetara bideratzen den diru-funtsa osatzen da. Aurkezten diren proiektuen artean, merkatariak eurak dira diru hori zertarako erabiliko den erabakitzeko aukera dutenak. Halaber, txantxia bera mantentzeko ezinbesteko gastuei ere funts horrekin egiten zaie aurre.
Udaletik bertatik, aurrera begira ahalegina egiten ari dira moneta sozialak gero eta bide sakon eta oparoagoa izan dezan. Horretarako, sariak txantxitan ematen dituzte, besteak beste, eta hainbat enpresek langileei soldataren zati bat txantxitan ordaintzea ere ari dira sustatzen.

Txantxia
Zer da? Oñatiko moneta soziala.
Erakunde jalgitzailea:
Oñatiko Udala.
Non erabili daiteke: Oñatin. Atxikitutako saltokiak: 91.
Noiztik martxan: 2014ko urria.
Truke-tasa: 100 euro = 105 txantxi.

Nor da nor Falcianiren zerrendan?

Ez zakiNat zergatik dagoen populuaren (gaztelerazko populacho hitza ez erabiltzearren) artean eskuak burura horrenbeste alditan igotzeko premia hori iruzurgile deiturikoak han hemendik ateratzen diren bakoitzean. Munduan existitzen al duNK zerga iruzurra burutzen ez diNan aberaskumerik?  Eta enpresariorik? Baldin badituNK ez dituNK asko izango eta `ez dituNan´ horiek nondik ateratzen diteNK diNatenaren %ko 101a? Ez al duNK are larriagoa hori bera? Zergatik onartu behar diNat (duNK) hori? Ohikoa duNalako? Izan daiteken sistemarik majo, guay eta txatxilipurdiena delako kapitalismoa agian? 


Nor da nor Falcianiren zerrendan?

Munduko zerga iruzurgile aberatsenen Falciani zerrenda argitaratzen hasi dira. Zerrendan 61 izen aurreratu dituzte. Ikusi pertsona bakoitza nor den, alfabetikoki ordenatuta.
A. Dan Azoumi: Afrika Erdiko Errepublikako diamante esportatzaile handiena.
A. K. Gulamali: Burunduko ustezko arma trafikatzailea. Koltanaren Erregina bezala ezaguna da.
Alejandro Andrade: Venezuelako presidente ohi Hugo Chavezen bizkartzain ohia. Altxor Nazionalaren arduraduna 2007 eta 2010 artean.
Alfred Taubman: AEBetako enpresari aberatsa. Hainbat eskola eta unibertsitateri donazioak egiteagatik ezaguna.
Aliko Dangote: Afrikako pertsonarik aberatsena Forbesen arabera. Azukrea, gatza, irina eta porlanari lotutako enpresekin hasi zen eta gerora petrolioa eta higiezinen munduan sartu zen.
Álvaro Noboa: Ekuadorko politikaria eta herrialdeko pertsonarik aberatsena. Bost aldiz aurkeztu da presidentegai eta bostetan galdu du.
Arlette  Ricci: Nina Ricci lurrin markaren eta Frantziako moda etxe zaharrenetako baten jabea. Aurrez zigortua izan zen zerga iruzurragatik.  
Belhassen Trabelsi: Tunisiako enpresaria. Ben Ali diktadorearen koinatua.
Carlos Hank Rhon: Mexikoko enpresaria. Munduko 200 familiarik boteretsuenen zerrendan dago. Tijuanako droga trafikoarekin lotu zuten AEBetako inteligentzia zerbitzuek.
Christian Slater: AEBetako aktorea.
David Bowie: Musikaria, 1960 eta 1970eko hamarkadez geroztik mundu osoan ezaguna da pop generoaren barruan.
Diane Halfin v. Fürstenberg: AEBetako moda diseinatzailea. Alemaniako printze batekin ezkondu zen.
Diego Forlan: Uruguayko futbolaria. Munduko aurrelaririk goleatzaileenetakoa azken urteetan. Besteren artean Mancehster United, Atlético de Madrid eta Internazionale Milanon jokatu du.
Edmond J Safra: Syriako bankarien dinastiako kidea. Bankuak ireki zituen Brasil, Suitza eta AEBetan. Monakon hil zen 67 urterekin, bere etxeak su hartu zuenean. 
Édouard Stern: Frantziako bankaria. Bere bikotekideak 2004an hil zuen eta film eta liburu askoren inspirazioa izan da heriotzaz geroztik.
Elle MacPherson: Modeloa. Munduko lehen "supermodeloa" izan zen Naomi Campbell eta Cindy Crawfordekin batera.
Emilio Botín: Espainiako bankaria. Santander bankuaren jabea izan zen. 2014an hil zen.
Fana Hlongwane: Ustezko arma trafikatzaile hegoafrikarra. ANCren alor militarreko komandante ohia, Defentsa Ministerioko aholkularia izan zen. Hegoafrika eta Erresuma Batuen arteko arma salmentan parte hartu zuen.
Fernando Alonso: 1 Formulako gidaria. Bi aldiz irabazi du Munduko Txapelketa. Suitzara joan zen bizitzera 2006tik 2010era.
Flavio Briatore: 1 Formularekin lotutako enpresen jabe italiarra, Virgin Uharteetan kokatutako Formula FB Business Ltd. konpainiarena barne.
Frank Giustra: Enpresari kanadiarra. Hainbat filmen ekoizlea izan zen 90eko hamarkadan. Harrobien jabea eta ezaguna Bill Clinton AEBetako presidente ohiarekin izan zuen harremanagatik.
Fumihiko Maki: Arkitekto japoniarra. "Arkitekturako Nobel Saria" kontsideratzen den Priztker Arkitektura Sariaren irabazlea. Tokyoko hainbat eraikin sinbolikoren egilea.
Gad Elmaleh: Frantziako aktore eta umoregilea.
Georges Frem: Libanoko politikari eta enpresaria. Hainbat ministerioren arduraduna izan zen. 2006an hil zen. Plastiko, paper eta oihal enpresak zituen. 
H.H. Karekin II: Armeniako lider erlijiosoa. 1999an lortu zuen Armeniako Eliza Apostoliko Ortodoxoko aulki sakratua, "lider unibertsal" postuan.
Heikki Kovalainen: 1 Formulako auto gidari finlandiarra.
Helmut Newton: Argazkilari alemaniarra. Moda munduko ezagunenetakoa. 2004an hil zen.
Ian McKay: Zeelanda Berriko epailea. 2014an hil zen.
Jacques Dessange: Dessange ile-apaintzaileen katea sortu zuen Frantzian. Egun 45 herrialdetan egiten dute lan.
Jaime Camil Garza: Mexikoko enpresaria. George W. Bush AEBetako presidente ohiaren gertuko laguna. Hainbat ustelkeri kasutan agertu da bere izena.
Jean-Yves Ollivier: Aljerian jaio zen enpresari frantziarra. Afrikako hainbat gatazkatan eta bahiketetan bitartekari aritu da. Jacques Chirac Frantziako presidente ohiaren aholkularia izan zen. Nelson Mandela kartzelatik ateratzeko prozesuan rol garrantzitsua izan zuen eta horregatik Aparheid osteko Hego Afrikak saritu duen atzerritar bakarra da.
Joan Collins: Nazioartean sona lortu duen aktore ingelesa.
John Magnier: Zaldi lasterketako enpresaria. Irlandako senataria izan da.
Johnson Muthama: Kenyako senataria eta harribitxi-handikia.
Jonathan Kollek: Petrolio munduko enpresaria. Singapur, Londres eta Moskun egin izan du lan.
Joseph Fok: Hong Kongeko Epaitegi Goreneko epailea.
Martini Muljadi: 84 urteko abokatua. Indonesiako pertsonarik aberetsenetakoa da.
Kerry Packer: Australiako komunikabide-korporazio handienaren jabea zen. Australiako pertsonarik aberatsenetakoa zela hil zen 2005ean.
Abdullah II: Jordaniako erregea 1999tik hona.
Mohammed VI: 1999tik hona, Marokoko erregea da. Halaber, enpresaria, bankaria eta herrialdeko pertsonarik aberatsenetakoa da.
L. Lavrentiadis: Neochimiki, kimikarekin lotutako enpresa handienetako baten jabea da Grezian.
Li Xiaolin: Txinako "Energiaren Erregina" bezala ezagun da. Asia osoko emakume aberatsenetako bat. Txinako lehen ministro izandako Li Pengen alaba da.
Marat Safin: Errusiako tenislari ezagunetako bat. 2009an erretiratu zen eta Vladimir Putinen "Errusia Batua" alderdiko parlamentaria da egun.
Mortimer D. Sackler: Industria farmazeutikoan dirutza egin zuen, anaiekin batera. New Yorken jaio bazen ere Suitzan hil zen 2010ean.
N. de Leon Escaler: Filipinetako lehen ordezkari emakumezkoa Nazio Batuen Erakundean.
P. Srichaphan: Thailandiako tenis jokalaririk ezagunena.
Patrick Bédié: Boli Kostako presidente Henri Konan Bédiéren semea. Koko eta txokolate saleroslea.
Phil Collins: Musikari ingeles ezaguna. Genesis taldeko burua izan zen.
Bandar printzea: AEBetako Saudi Arabiako enbaxadore izan zen 1983tik 2005era arte. Saudi Arabiako erret etxeko kidea.
R. M. Rachid: Egiptoko Hosni Mubarak diktadorearen Gobernuko kidea. Komertzio eta Industria ministro izan zen.
Rajan Raheja: 2.500 milioiko ondasuna zuen 2014an. Indiako pertsona aberatsen zerrendan 33. postuan dago.
Ralph Sonnenberg: Hunter Douglas enpresa taldeko burua. 2010ean Holandako bosgarren pertsona aberatsena zen.
Rami Makhlouf: Siriako pertsonarik aberatsena, enpresaria. Bashar Al-Assad presidentearen lehengusua da.
Qaboos Bin Said: Omango sultana.
S. bin H. Al-Khalifa: Bharaingo printzea eta Armadako komandantea.
Saïd Ali Coubèche: Djiboutiko enpresa-gizona eta politikaria. 2009an hil zen.
Roger Boka: Afrika osoko tabako ekoizlerik handiena. Zimbabwearra zen eta 1999an hil zen.
Sultanah Kalsom: Malaysiako Erret-etxeko kidea, Pahang sultanaren bigarren emaztea.
Flick familia: Alemaniako industria munduko enpresariak. Ikatza, burdina eta autogintzarekin lotutako negozioak dauzkate. 2. Mundu Gerran egindako krimenengatik zigortu zuten Friedrich Flick.
Timur Kuanyshev: Kazakhstan, Errusia eta beste zenbait herritan energia, eraikuntza eta nekazaritza arloan inbertsioak dauzka.
Valentino Garavani: Mundu osoko emakume aberats askoren moda diseinatzailea.
Valentino Rossi: Sari asko irabazi dituen motor-gidari italiarra.
Iturria: Swiss Leaks.

Gu, zabor-jaleok

Gu, zabor-jaleok

Galiziarra da Manuel Casal Lodeiro, Barakaldon jaioa izanagatik (1970). Véspera de nada / Asociación por unha Galiza sen petróleo (Ezer ezen bezpera / Petroliorik gabeko Galiziaren aldeko elkartea) taldearen sortzaileetako bat da. Petrolioaren gailurrari buruz eta horrek ekar lezakeen zibilizazioaren kolapsoaz dibulgatzen dihardu batez ere. Ondoko artikulua galizieraz agertu zen lehenbizi Praza Pública agerkarian, 2013an. Ondoren, bertsio zabalago bat argitaratu zen, gaztelaniaz, Ecopolítica webgunean –horren pasarte bat itzuli eta gehitu dugu hemen–, eta bertsio luze hori euskaratzeko asmoa ere badago. Artikuluaren muina erregai fosilen amaieragatiko kezka da: nola eragin diezaioke horrek elikagaien ekoizpenari eta industria iraultzaren hasierakoa baino zazpi aldiz handiagoa den populazioaren mantenuari?
Manuel Casal Lodeiro

Manuel Casal Lodeiro

2430. alea
2014-09-28


7.000 milioi biztanle mantentzeko aukera ematen duen zabor fosila desagertzean, maila demografiko berari eutsi ahal izango diogu? Argi eta garbi, ez
Ez dakigu noraino jaitsiko den giza populazioa, baina seguru dakigu jaitsi egingo dela. Ez dakigu zein erritmotan gertatuko den ere jaitsiera, baina hainbat egilek darabiltzaten zifren arabera mende bat baino gutxiago beharko da
Industria Iraultzaren ondoren, gizakiok espezie zabor-jale bihurtu ginen, hau da, zaborrez elikatzen dena. Izen hori William Catton estatubatuar soziologoaren Overshoot: The Ecological Basis of revolutionary change lanetik dator. Catton joan den mendeko 70eko hamarkadatik ari da ingurumen soziologia eta giza ekologia aztertzen. Liburu hark ekologiaren zientzian mugarri bat ezarri zuen 1980an, aitzindaria izan baitzen gizateria planetaren karga gaitasuna gainditzen ari zela ohartarazten. Lanak jarraipena izan zuen 2009an: Bottleneck: Humanity´s impending impasse, Cattonen testamentu mingotsa, zeinean egileak ez duen dagoeneko ohartarazten; horren ordez, ezer egin ez dela egiaztatu besterik ez du egiten, eta xehe aztertzen du nola Homo colossus-en harropuzkeriak inbutu ebolutibo batera garamatzan. Inbutu horrek gure espeziea desagertzea eragin dezake, edo behintzat, planetan dauden pertsona kopurua zeharo murriztea.
Jaten dugun zaborra petrolioa eta gas naturala dira, gure espezieak ustiatzen ikasi zituen altxor fosilak, eta berrehun urteko epe laburrean munduko biztanleria –XIX. mendera arte beti mila milioren azpitik egon zena– zazpi aldiz handiagoa izatea ahalbidetu digutena. Esan daiteke mila milioikoa dela, beraz, eguzkitik datorren etengabeko energiari esker planetak eduki dezakeen gizaki kopuru handiena. Energia fosilaren ez-ohiko ekarpenak (lehenik ikatza, gero petrolioa eta gas naturala) ahalbidetu digu, tarte batean, gure nitxo ekologikoa izugarri zabaldu eta kopuru hori modu ikusgarrian gainditzea. Lehen mila milioi ozta-ozta sartzen ziren lekuan, bat-batean (historiaren eskalan) 7.000 milioi kabitu ginen. 1920an 2.000 milioi besterik ezginen, beraz azken mendean hirukoiztu egin gara.
1800etik honako munduko biztanleriaren grafikoa hazkunde esponentzialaren adibide nabarmena da. Guztizko (edo per capita) energia kontsumoaren grafikoarekin alderatuta, uler dezakegu nola izan den posible hazkundea: magnitude bien arteko korrelazioa erabatekoa da. Metanoa eta petrolioa eskura edukitzeak eman digu aukera planetak gizakiak edukitzeko daukan gaitasuna handitu eta mila milioi pertsonako muga naturala gainditzeko. Iraultza Berde deiturikoak Iraultza Beltz izena ere izan zezakeen, bai posible egin zuen petrolioaren koloreagatik, bai zekarkigun etorkizunarenagatik. Hamarkada gutxian, ehunka mila traktore, uzta biltzeko makina eta bestelako nekazaritza-tresna munduan zabaldu ziren, ongarri sintetikoak tonaka bota ziren lurrean, eta milioika garraiobide, prozesamendu-industria eta elikagai-banaketa zentro, ehunka supermerkatu kate eta saltoki... energia fosil hori ustiatu eta gero eta pertsona gehiagorentzako elikagai bihurtzeko mekanismoa osatu zuten.
Energia oparotasun horren eskutik eman ziren bizi-kalitatearen hobekuntzei esker –esaterako, osasungintza publiko hiperteknifikatua, milaka sintesizko produktu farmazeutiko, industria petrokimikoak sortutako era guztietako materialak...–  gero eta pertsona gehiago jaio eta elikatu ahal izan ziren, eta gainera baldintza material hobeetan bizi ahal izan ziren, batez ere industrializatutako mundu aberatsean. Jakina, epe laburreko irabaziak eta hazkunde ekonomiko itxuraz geldiezina ardatz dituen sistema ekonomiko eta sozial batek erraztu zuen hori guztia.
Tamalez, eta aurreikus zitekeenez, horrek ezin zuen oso luze iraun, eta hala adierazten saiatu zen Catton 1980an, hura baino lehenago Meadows senar-emazteak eta Jorgen Randers –1972ko Hazkundearen Mugak txostenaren egileak–, eta, ondorengo hamarkadetan, gero eta zientzialari, filosofo eta ekologista gehiago. Petrolioa lehenik eta gas naturala ondoren, gehienezko erauzte-mailara iritsiko ziren zalantzarik gabe, eta hortik aurrera haien eskuragarritasunak beherantz egingo zuen. Hala, haietan oinarrituta antolatutako sistema industrial osoa, nekazaritza-elikadura sistema barne, amildu egingo zen. Gaur egun peak oil, peak gas, peak coal... eta beste zenbait gailur modura ezagutzen duguna da. Bere energia iturri berriztagarrietatik –ez dugu ahaztu behar janaria energia endosomatikoa dela– elikatzeari uzten dion espezieak, zabor aberats, ugari eta ez-berriztagarritik elikatzen hastean, hazkunde ikaragarria (esponentziala) izango du bere populazioan. Baina hala eginez, zabor-jale bihurtutako espezie hori bere burua kondenatzen ari da kolapso demografikoa izatera zaborra agorpen-puntu batera iristean, intsektu eta beste zenbait animaliarekin gertatzen den bezala izurrite bihurtu eta elikagai soberakina amaitzean. Kopuru handietan hiltzen dira.
Onartu behar dugu, beraz, gure espezieak uneren batean populazioaren jaitsiera izugarri bat jasango duela. Gaia aztertu duten egileak ez dira ados jartzen, ea noraino jaitsiko den giza-populazioa behin-behineko energia fosil ekarpena agortzean, baina garrantzia izango duten zenbait faktore aipa ditzakegu: 1) Ongarri sintetikorik gabe, gaur egun existitzen diren giza-gorputzen erdirako behar den nitrogenoa ez zen egongo, beraz ezin izango ginateke 3.500 milioi baino gehiago izan. 2) Industria aroaren aurreko giza populazioa beti izan da mila milioitik beherakoa: ematen du hori dela gure espeziearen langa naturala, edo behintzat historikoki segurtatu ahal izan dena. 3) Zenbait arlotan izandako aurrerapen zientifikoek (medikuntza, biologia, kimika, ekologia...), nekazaritza sistema tradizionalen ezagutza hobeari loturik, populazio galera leundu lezakete hein batean, eta modu horretan muga naturala zabaldu ahal izango genuke; baina ezagutza horiek behar bezala gordetzeko eta aplikatzeko gai izan beharko ginateke energia jaitsiera eta kolapso testuinguru batean. 4) Zoritxarrez, mugak gainditu izanak (Cattonek aipatzen zuenovershoot-ak) ondorioak dauzka populazioari eusten dion oinarri naturalean (zoru emankorra, biodibertsitatea, ur edangarria, klima...), eta kolapsoaren ondoren hainbat hamarkadatan gerta liteke oinarri horrek ez berreskuratzea mila milioi pertsona mantentzeko zeukan gaitasuna. Baliteke ere sekula ez berreskuratzea, kutsadurarengatik, lur emankor galerarengatik, klima aldaketarengatik eta gizakiak eragindako beste suntsipen faktore batzuengatik. Beraz, gure ezagutza zientifikotik lor genezakeena ingurumenaren hondatzeagatik gal genezake. 5) Aurreikus daitekeen zibilizazio industrialaren kolapsoak, energia baliabide fosilen gutxitzeari lotuta, demografian eragin zuzena edukiko du seguruenik: azken baliabideak (energia, lehengaiak, ura, zorua...) eskuratzeko gerrak, gatazka sozialak, bizi-baldintzen okertzea, hondamendi industrialak mantenu falta dela-eta (gogora ditzagun Bhopal, Txernobyl, Fukushima...), estatuek kutsadura kontrolatzeko gaitasun txikiagoa, eta abar.
Populazioaren langa naturala 
Benetan jo dezakegu mila milioi biztanleak gure espeziearen langa naturaltzat, hau da, baldintza energetiko normaletan gainditu ezinezko kopurutzat? Kopuru hori alda dezaketen bestelako faktorerik badago?
Faktore horietako bat biztanleriaren banaketa izan daiteke. Xoán R. Doldánek ikusarazi didanez, hazkunde esponentziala hasi aurretik, banaketa hori ez zen inola ere homogeneoa, eta ez zuen bat egiten baliabide naturalen kokapenarekin. Europa, berbarako, gainpopulatua zegoen Amerika gehienarekin eta Afrika osoarekin alderatuta. Horrek pentsaraz diezaguke une hartan baliabideekiko banaketa orekatuagoa izan balitz, Europako populazioa txikiago izango zatekeela, eta beste kontinente batzuetakoa handiagoa. Izan ere, potentzia kolonialek kontinente horiek kolonizatu zituztenean, mugimenduak izan ziren beren gaitasuna gaindituta zeukaten eskualdeetatik oraindik mugara iritsi gabeak ziren eskualdeetara.


Halaber, kontuan izan behar da garai hartan ere alde handia zegoela eskualde bakoitzaren per capitakontsumoan, eta askoz handiagoa zela eskualde populatuenean, Europan. Pentsa dezakegu per capitakontsumoa bestelakoa izanda populazioa –garai hartan ere– handiagoa izan zitekeela, eta hortaz, edozein une historikotan izandako populazioa ez dela gaindiezinezko muga absolutua, ezta energia iturri bakartzat eguzkia edukita ere.
Ondorioz, Doldánen ustez, funtsezko baliabideen eskuragarritasuna garrantzitsua da espeziearen langa ekologikoa kalkulatzeko, baina badira langa horretan eragina duten faktore sozioekonomiko eta geopolitikoak: herrialde baten barruko eta herrialdeen arteko botere harremanak, klase sozialak, zein ekoizpen eredu den nagusi... Hala ere, nire iritziz faktore horiek bigarren mailakotzat hartu behar ditugu, baliabideen eta, azken batean, energiaren eskuragarritasunaren faktore nagusiak mugatzen baititu. Izan ere, Neolitikoko Iraultzak –nekazaritza asmatzeak– sortutako baliabide eta energia soberakinak ahalbidetu zuen klase sozialak eta zibilizazioak agertzea Historian zehar, eta energia fosilak mugitutako Industria Iraultzak eman zuen aukera kapitalismoa zabaltzeko.
Faktore guztiak beste baten menpe daude, eta beste hori finkotzat jo dezakegu: eguzki erradiazioari esker planetara iristen den energia. Nekazaritzara jauzi egin genuenetik igarotako 10.000 urteetan faktore horiek asko aldatu diren arren, behin ere ezin izan zen gainditu mila milioi pertsonako kopurua.  
7.000 milioi biztanle mantentzeko aukera ematen duen zabor fosila desagertzean, maila demografiko berari eutsi ahal izango diogu? Argi eta garbi, ez. Beraz, etorkizuneko giza populazioa mila eta 7.000 milioiren artekoa izango da. Hainbat egilek euren zifrak eman dituzte. Esaterako, Dale Allen Pfeifferek uste du 2.000 milioi dela kopuru jasangarria; Paul Chefurkak mila milioitan uzten du, petrolioa ustiatzen hasi zen momentuko populaziotik abiatuta eta planetaren euste-gaitasuna gutxitu izana kontuan hartuz; Richard Duncanek dio, bere Olduvai teoria interesgarrian, heriotza-tasa asko handituko dela eta ondoren, biztanleria 2050 inguruan hasiko dela egonkortzen, 2.000 milioiren inguruan. Colin Campbellen ustez, populazioa oso azkar jaitsiko da 2020tik aurrera, baina jaitsiera hori 2080 aldera motelduko da, eta azkenik, biztanle kopurua 3.000 milioi inguruan egonkortuko da 2200. urterako.
Nola gertatuko da populazio kolapsoa?
Ez dakigu noraino jaitsiko den giza populazioa, baina seguru dakigu jaitsi egingo dela, historiaren tarte labur batean berezko muga gainditzeko aukera eman zion hura desagertuko baita. Ez dakigu zein erritmotan gertatuko den ere jaitsiera hori, baina hainbat egilek darabiltzaten zifren arabera mende bat baino gutxiago beharko da. Argiago ikus daiteke nola gertatuko den populazioaren kolapso hori, beste giza zibilizazio batzuen eta zenbait animalia-populazioren adibideak baititugu. 1) Elikagai falta faktore nagusietakoa izango da argi eta garbi, fosilen menpeko nekazaritza industriala bideragarria ez denean. 2) Baliabideak eskuratzeko gerrak gure espezie indarkeriazaleak nekez saihestuko duen faktorea dela ere badakigu; izan ere, neurri handiagoan edo txikiagoan Industria Iraultzaren hasieratik jasaten ari gara hori, bi mundu gerra barne. 3) Bizi-baldintzen hondatzeak heriotza kopurua handitzea eragingo du, aldez aurretik kopurua kalkulatzea zaila bada ere; kutsadura erabakigarria izango da, zalantzarik gabe, populazioaren jaitsiera horretan, minbiziak, arazo hormonalak, eta ingurumenari lotutako gaixotasunak zabalduko baitira. Legamiak muztio botilan bezala, gure hondakin alkoholikoetan itoko gara azukre betekadaren ostean. 4) Hiriak kanpoko elikagai eta energia horniduraren erabat menpe daude, eta munduko biztanleen erdia baino gehiago bertan bizi da. Haien kolapsoak krisi demografiko larria ekarriko du; milaka milioi pertsonako exodoa izango da landara bueltatzeko, lan eta janari bila, eta aurreikus daiteke exodo hori gatazkatsua izango dela, modu ordenatuan egiten saiatuko bagina ere. 5) Osasun sistemak gainbehera daudela, gero eta zailagoa izango da infekzio, epidemia, parasitosi eta abarren handitzeari –dagoeneko gertatzen hasia dena, kolapsoaren aurreko faktoreengatik: klima aldaketa, antibiotikoekiko erresistentzia, infekzio-eragileen mutazioa...– aurre egitea; horrek gero eta heriotza gehiago eragingo du urtez urte. 6) Klima aldaketa zeharkako bide bat izango da gure hondakinek (kasu honetan berotegi-efektuko gasek) planetaren karga gaitasuna murrizteko: bizitzeko leku egoki gutxiago, ur edangarri gutxiago, sute eta muturreko klima-gertakari gehiago, biodibertsitate galera, ekosistemak suntsitzea, nekazaritzako espezieak hazteko zailtasuna... Hori guztia, beroketa globala azkartu eta planetan bizitzea zaildu dezaketen faktoreak kontuan hartu gabe, esaterako, Artikoko permafrost-a urtu eta metano kantitate handiak isurtzea atmosferara). 7) Urtegi hidroelektrikoetan, zentral nuklearretan eta tankera horretako instalazioetan istripuak, gertakari atmosferikoak edo lurrikarak direla, edo besterik gabe zahartzeagatiko hondatzea, gero eta zailagoa izango baita, ekonomiaren zein energiaren ikuspuntutik, mantenu lanak egitea. 8) Egitura ekonomiko eta sozialen hondatzea, urtero milioika pertsona bazterkerian utziko dituena. 9) Jaiotza-tasaren jaitsiera, egoera ekonomiko okerragoak eta kutsadura kimikoak eraginda, nahiz eta joera hori apaldu lezakeen kontrazepzio-metodoak eskuratzea gero eta zailago bihurtzeak, hala nola estatuaren babesa (segurantza soziala, ordaindutako erretiroa...) ordezkatzeko familia handiak izateko joera berriz indartzeak.
Azken ataka
Ez da nire asmoa aipatutako eszenatoki okerrenenak saihesteko beharko genituzkeen aldaketak xehe azaltzea hemen, baina pare bat ohar egin nahi nuke gaiaz. Lehenik eta behin, azpimarratu nahi nuke aldaketa horiek hain direla handiak, eta hain denbora laburrean egitekoak, zintzotasunez eta errealismoz deskribatu nahi dituenak nahi eta nahi ez ohartarazi beharko duela oso aukera gutxi dagoela aldaketa horiek gertatzeko. Izan ere, batzuek diote gure jendarteak daraman norabideaz eta hura garaiz aldatzeko daukagun aukera urriez ohartzen garenok ez genituzkeela geure indar apurrak galdu behar goitik behera ezarritako zalantzazko estrategiak bultzatzen, eta aldiz, babeslekuak (Kingsnorth, 2013) edota nolabaiteko salbamendu-ontzi kulturalak (Heinberg, 2004) abian jartzeari ekin beharko geniokeela. Horrek esan nahi du ontzat eman beharko genukeela kolapsoa gertatuko dela, zibilizazio hau salbatzerik ez dagoela, eta kolapsoaren osteko gizateriak beharko dituen elementuak gordetzen hasi beharko ginatekeela.
Ataka guztiz larri honetan, batzuk saiatzen gara estrategia bakar bat ere ez baztertzen, eta –oso zaila izan arren– jendarteak beharko lukeen aldaketa globalaren alde borrokatzen, zientzia eta kultura babesteko eta komunitate lokalek bizirauteko proiektuak sustatzen ditugun aldi berean. Agian, egoera konpontzeko bidea izango da salbamendu-txalupa proiektu horiei errepikatuak izateko gaitasuna ematea, herri, eskualde eta mundu mailan, modu horretan benetako aldaketa eraginez.

"Opusek diktaduretan baino ez du izan indarra"

alberto moncada

"Opusek diktaduretan baino ez du izan indarra"


Opus Dei erakundea utzi eta bere testigantza ematen lehena izan zen Alberto Moncada soziologoa (1931, Valentzia, Espainia). José María Escrivá de Balaguer-ek Piurako unibertsitatea sortzera bidali zuen Perura, 60ko hamarkadan, eta han zela Opus barruan izandako bizipenak aletu zituen El Opus Dei: Una interpretación liburuan (1972). Lanik ezagunena, dena den, Historia Oral del Opus Dei du (1987): erakundea uztea erabaki zuten bost pertsona ezagun elkarrizketatu zituen liburu horretan.
Alberto Moncada, sociólogo
Opus gidatzeko lanetan José María de Escriváren ondorengoa izan zen gotzaina, Álvaro del Portillo, Madrilen beatifikatuko dute heldu den irailaren 27an. Ez al zebiltzan haize berriak Vatikanoan?
Oso pragmatikoak dira Vatikanoan, eta badakite Opus Dei korronte indartsua dela. Egia da Opuseko jendeak ez duela botererik han, arestian ez bezala, baina beatifikazioa Aita Saindu berria izendatu baino lehen aurreikusia zegoen. Gainera, Vatikanoaren ohitura da erakundearen sortzailea eta bere bigarrena kanonizatzea; argi zegoen gertatuko zela.
Galdu al du Opusek Joan Paulo II.arekin zeukan boterea?
Noski baietz. Besteak beste, Aita Saindu berria jesuita zaharra delako, Opusen kontrako jesuiten tradiziokoa. Opusekoei ezin die zuzenean kontrako keinurik egin, eskandalagarria izanen litzatekeelako, baina ez aipatzearekin aski da, eta hori da hain zuzen egiten duena: ez ditu ezertarako aipatzen.
Eta Espainiako Estatuko politikagintzan?
Francorekin boterea zuen, baina orain ez du batere. Santa Teresaren inguruko txorakeriak esaten dituen ministro supernumerario hori kenduta, ez dago beste inor. Opusek diktaduretan baino ez du izan indarra, Francorenean, Txilekoan, Argentinakoan. Egun, Alderdi Popularraren barruan ez dauka inolako pisurik.
Abortuaren lege erreforman ez du eraginik izan?
Nik ez nioke “meritu” hori Opusi egotziko. Rajoy eta Gallardón eskuin muturreko boto-emaileak berreskuratzeko borrokan ari dira, eta Elizaren hierarkia lausengatu nahian. Baina ez zaie ongi atera, kontrako erantzun zabala izan dutelako, baita popularren artean ere.
Escrivá beatifikatu eta kanonizatu zutenean, Opus Deiren sekta izaerari buruzko eztabaida piztu zen. Zu zeu lehenetarikoa izan zinen salaketa hori egiten.
Bai, Opus Dei barrutik bizi izan nuelako. Baina onartu beharra dago asko aldatu dela. Hasierako garaietan, numerario laikoek (ingeniari, abokatu edo medikuek) etsenplu eman behar zuten, eguneroko lanaren santifikazioa egin behar zuten, oraindik ongi konprenitzen ez dudan zera hori bete behar zuten. Denborak aurrera egin ahala, klerikalizazioak gora egin du: Opuseko agintari guztiak apaizak dira orain, ez dago laikorik agintarien artean. Bidenabar, ikastetxeak sortzen joan dira, hasierako tradizioari uko eginez, Escrivák ez baitzuen ikastetxerik nahi, eta hori da orain duten bakarra. Izan ere, Opusek jesuitak ordezkatu ditu klase ertain eta ertain-altuko ikasleen hezkuntzan. Espainia eta Latinoamerikako hiri nagusi bakoitzean ikastetxeak dituzte eta horrexegatik Opuseko kide gehienak irakasleak dira. Eskoletan sartuta bizi dira, eta barruko burokrazia horretan denbora eta energia guztiak agortzen dituzte. Hor ikus daiteke, hain zuzen ere, erakunde honen sekta izaera, besteak beste, kideen gaineko kontrola ikaragarria delako. Ideologikoki ere erabat ortodoxoak dira, eskuinekoak, Kristoren Legionarioen edo Kikoen pare.
Mugimendu horiek, Kikoek kasu, egundoko gorakada ezagutu dute Joan Paulo II.arekin.
“Haurrak bi bidetatik erreklutatzen dituzte: euren eskoletan eta supernumerarioen familietan”
Bai, hori egia da. Hego Amerikan batik bat, bertan hartzen baitu babes erlijio katolikoak. Europan, erlijio katolikoak ez dauka inolako pisurik: jendea ez da mezara joaten, ez dute aitortza egiten, ez dira elizetan ezkontzen eta ia-ia ez dago apaizik. Espainiako Estatuan, apaizen batez besteko adina 64 urtekoa da. Hego Amerikan ostera, protestante eta katolikoen arteko lehia bizia da, Brasilen bereziki.
Opusdeilibros webgunean, depresioak jotako eta beren buruaz beste egindako pertsonen kasu mordoa aipatzen da. Ez al dira esajeratzen ari?
Ez. Opusen bakardadeak eta bizi izan duen aldaketak bi berritasun ekarri ditu: batetik, kide ugarik arrapaladan egin du ihes, intelektualenek hanka egin dute. Bestetik, arazo psikologikoak daude; oso latza da Opuseko kide izatea eta jende asko erotu egiten da. Uneoro pilulak hartzen aritu behar dute. Opuseko emakume zahar gehienek depresioaren edo antsietatearen kontrako pilulak hartzen dituztela aitortu zidan erakundeko emakume batek.
Horri lotuta, Iruñeko ospitale unibertsitarioaren laugarren solairuan gertatzen dena salatu izan duzu.
Erotzear daudenak artatzeko egitura prestatu dute solairu horretan. Gaiaz artikulua idatzi nuenean, 50 lagun zeuden hor bizitzen. Orain, ziur aski, gehiago egonen dira.
Nola hartzen ditu Opuseko jendeak Opuslibros bezalako webguneak?
Itxi egin nahiko lukete eta botere aski izanen balute itxia egonen litzateke. Hain giro hertsian bizi direnez, euren kideei ez diete ahots kritikoak entzuten uzten. Baina webguneko zuzendariak aitortu dit jasotzen dituzten bisiten artean asko Opusen barruan dauden kideei zor zaizkiela.
Konplikatua al da Opusetik ateratzea?
Kontu ekonomikoa oso garrantzitsua da. Opusekoek beren diru guztia erakundeari eman behar izaten diotenez, kide ugari ez dira ateratzen dirurik ez dutelako. Nik, uztea erabaki nuenean, bi abantaila nituen: lanbide bat neukan eta nire familiak ez zuen diru premiarik. Hortaz, ez nuen arazorik izan. Perun, Piurako unibertsitateko errektorea nintzenean, hartu nuen erabakia.
Escrivák Opus erakundea sortu zuenean, Errepublikaren kontra zeuden gazteak erreklutatu zituen. Orain, eskoletan lortzen dituzte beren jarraitzaileak…
Opus 30eko hamarkadan sortu zen, eta Escrivá, gizon argia zenez, Madril eta Valentziako ikasle katolikoen erresidentzietan ibili zen, han lortu zituen lehenengo hamar-hamaika jarraitzaileak. Gerra Zibila amaituta, erlijiotasuna ikaragarri hazi zen; frankismoa nazional-katolikoa zen eta giro horretan, jende askok Opusekin bat egin zuen. Orain, dena aldatu da, haurrak erreklutatzeari ekin diote, bi bidetatik: euren eskoletan eta supernumerarioen familietan. Zuzenbide Kanonikoak debekatzen badu ere, 13-14 urteko haurrak erreklutatzen dituzte, Batxilergoa finituta gehienek erakundea uzten duten arren. Opus Dei ez da askatasunarekin bateragarria eta gazte horiek karrikara irteten direnean, unibertsitatera joaten direnean, erakundea uzten dute. Gainera, sexuaren gaia dago. Apaiz edo fraide ez den norbait, gizartean integratuta dagoen norbait, harreman sexualak ez izatera behartzea ikaragarria da. Asko eta asko erotu egin dira horrengatik.
Sexuagatik bereizten duten ikastetxeak diruz laguntzeak polemika piztu du duela ez hainbeste.
Alderdi Popularrak Konstituzioaren doktrinaren aurka egiten du, neska-mutilak bereizten dituzten eskolak diruz laguntzea baimentzen duenean. Ziur naiz bokazioak lortzeko egiten dutela bereizketa hori. Ez dago arrazoi pedagogikorik, errazagoa zaie sexu bakarreko eskoletan propaganda egitea.
-.-
[ http://www.argia.com gunetik hartua ]

ESKOLARI ALTERNATIBA (Bizitoki)

Eskolari alternatiba

2011ko uztailean jarri zuten martxan Bizi Toki proiektua. Eskola alternatiboa sortzeko asmotik abiatu eta eskolari alternatiba izaten bukatu du, bertako kideek argi baitute haurren hezkuntzak gurasoen esku egon behar duela. Seme-alabek eskolan ez, Bizi Tokin ikasten dute, eguneroko jardueren bidez.

Baratzean aritzea edo janaria prestatzea ikasteko aukera ona dira. Eskolan ohikoak ez diren gauza sotilagoak ere ikasten dituzte, esaterako batzarretan parte hartuz.
Baratzean aritzea edo janaria prestatzea ikasteko aukera ona dira. Eskolan ohikoak ez diren gauza sotilagoak ere ikasten dituzte, esaterako batzarretan parte hartuz. (Dani Blanco)


Nafarroa Beherean, Amikuze eskualdean, dago Behauze herrixka, hirurehundik gora biztanleduna. Eta herrigunetik gora hartuta, naturaz inguratutako leku paregabean aurkitu dugu Bizi Toki baserria. Alokatuta dute etxaldea, baina jabea proiektuaren aldekoa dela eta ordaintzen diotena hutsaren hurrengoa dela azaldu digute komunitateko kideek. Etxeko txakurrak egin digu ongietorria eta aurkezpena berriz, Oihanek. 6 urteko mutil zolia da Oihan eta bere eskutik ezagutu ditugu frontoidun ezkaratza, sukaldea, komun idorra, baratzea, liburutegia, psikomotrizitate eta jarduera fisikorako gunea… Logelak atontzeko goiko pisuan martxan dituzten obrak ere erakutsi dizkigu.
Auzolanerako eta ekintza jakinetarako jende gehiago biltzen den arren, egunerokoan sei-zazpi familiak hartzen dute parte, orotara hogei bat lagun eta horietatik erdia inguru haurrak –txikienak hilabeteak ditu eta helduenak 11 urte–. Parte-hartze maila, dena den, norberaren esku dago: familia bakoitzak finkatzen du astean zenbat egunetan etorriko den Bizi Tokira, eta horren arabera antolatzen dira. Aukera dago bertan lo egiteko eta egunero daude jarduerak eta ekintzak, nahi duenak parte har dezan, askatasunez.
Proiektuko bi kiderekin mintzatu gara, sukaldean. Duela bi urte, auzolan deialdietara joaten hasi zen Andoni Estrella, eta hilabete batzuetatik hona buru-belarri esku hartzen du Bizi Tokin. Gorka Torre hastapenetatik aritu da eta berak azaldu ditu lehen urratsak: “Dozena bat lagun elkartu ginen, kezka berak batuta: ez gentozen bat eta ez ginen eroso dagoen hezkuntza ereduarekin, ikastetxe publiko nahiz pribatu. Argi genuen zer ez genuen nahi eta beraz abiapuntua izan zen zer nahi genuen. Zer da haurrekin bizi nahi duguna? Zer da transmititu nahi dieguna? Ordura arte eskola barruan egindako hausnarketetan, egiturak berak oztopoak jartzen zizkion gogoetari eta hortik atera eta gogoeta arrunt orokorragoa egin behar zela konturatu ginen, eskola eredua ahantziz”. Eskola alternatiboak bisitatu zituzten (Montessori, Freinet, Steiner, eskola libertarioak…) eta amesten zuten ikastolaren zirriborroa marrazten joan ziren. Hainbat hilabetez egindako lanketaren emaitza internetera igoa dute (bizitoki.org).
Poliki-poliki, eskolaren kontzeptua bera gainditu eta une batean eskola alternatiboa izatetik eskolari alternatiba izango zen egitasmoa jaio zela argitu du Torrek. “Gure ustez, hezkuntza ez da jarduera banandu bat, instituzio edo profesionalen esku delegatzen den zerbait, baizik eta biziari lotua doan prozesua, gurasoen eta helduen egunerokoari lotua. Ikastetxeetan, beste batzuek fabrikatutako programak jarraitzen dituzte, beste batzuk dira haurrei zer transmititu erabakitzen dutenak, eta guretzat naturalena da gurasoek euren gain hartzea haurren heziketa. Ez gara ezer asmatzen ari, duela 40-50 urte, Euskal Herrian haurrek komunitatearen egunerokoari lotuta ikasten zuten, gizatalde baten harreman zuzenean garatzen zen ikasketa prozesua”.
Haur bat hezitzeko, leinuko pertsona guztien beharra dago irakur daiteke baserri aurreko pankartan. Belaunaldi guztien arteko hartu-emanean oinarritzen da Bizi Toki, ez dago irakasle edo ikaslerik, adin ezberdineko jendea baizik. “Haurren hezkuntza bertako haur eta heldu guztien esku dago, talde guztiaren esku, eta horrek erran nahi du kolektiboki finkatu behar dugula zein diren funtsezko baloreak, arlo guztietan zer nahi diegun haurrei transmititu”, adierazi du Torrek. Hori bai, haurrarengan pisu handiena haur horren gurasoek eurek dutela gaineratu du Estrellak.
Euskara, ekologia, adostasuna, autonomia…
Euskaraz aritzea, planetaren oreka ekologikoarekin bateragarria den bizimodua eramatea, naturarekin kontaktuan bizitzea, partekatzea, ekonomia solidarioa lehenestea, elkarrekiko harremanak zaintzea (zintzotasuna, konfiantza, errespetua, laguntza…), norberaren autonomia garatzea edota adostasuna bilatzea dira Bizi Tokin sustatu nahi dituzten baloreetako batzuk. Horiek haurrei nola transmititu? Helduentzat zentzua duten baloreak definituz eta koherentziaz jokatuz. “Eguneroko jarduera kultural, ekonomiko, sozialak guretzat zentzua duten baloreen arabera burutzen ditugu eta haurrak hori ikusi eta gurekin batera bizi dutelarik, ikasi egiten dute, zentzua ematen diotelako egiten dutenari”.
Azken finean, komunitateko zereginak, bizi-hautua izateaz gain, jarduera hezigarriak ere badirela gogoratu du Andoni Estrellak. Hala, baratzea adibidez ez da soilik autokontsumorako tresna, ez da eginkizun ekonomiko hutsa, ikasteko aukera ona ere bada. Berdin zurgintzan eta iturgintzan egiten ari diren obrak –“edozein teknologia-eskolak baino balio handiagoa dute”– edo sukaldean janaria prestatzea. “Matematika, komunikazioa, giza-harremanak, auzolana… jarduera ugaritan landu ditzakezu, ez dute zertan ikasgai sailkatuak izan behar. Eskolan ohikoak ez diren gauza sotilagoak ere ikasten dituzte, esaterako biltzar batean parte hartzea zer den. Antolatzeko modu hori zurrupatzen dute eta ume batentzat gauza handia da helduon biltzar batera etorri eta proposamen bat planteatzea”, dio Estrellak.
Margo eta dantza tailerrak ere badituzte, gurasoentzat eurentzat. “Haurrek badakite ordu jakinetan margolaritza eta dantza egingo dugula eta nahi badute etorri egingo dira. Eta etortzen dira”, ziurtatu du Torrek, material pedagogikoa dagoen joko gelara bezalatsu: idazketa, irakurketa, kalkulu edota ikerketari eskaintzen diote denbora bertan helduek, eta txikiek interesa agertu ohi dute. “Gogoeta anitz haurretatik deszentralizatu eta helduongana ekarri ditugu, guk geuk zer baloreren inguruan bizi nahi dugun ikusi eta horren arabera giroa sortu dugu; haurrak hurbilduko dira eta ikasiko dute”. Esaterako, familia erdaldun bat etorri zitzaien: seme-alabek euskaraz ikas zezatela ongi ikusten zuten, baina euskaraz ikasteko prest egon behar dutenak lehenik gurasoak beraiek direla azpimarratu dute kideek, umeentzat zentzua izan dezan.
“Atzo –kontatu du Torrek–, gorputzeko organoei buruzko kezka batzuk zituen Garazik, aitatxik arazoa duelako prostatan, eta interesgune horretatik abiatuz esparru oso bat dugu lantzeko: pixa egiteko sistema lotua delako odol sistemari, odola arnasketa sistemari… Jakin-mina azaldu ahala ikasiko dituzte gauzak”. Lelo hau dute Bizi Tokin: haurrek ez dute egiten nahi duten guztia, baina egiten duten guztia egin nahi dute.
Egungo gizartearekin bateragarria?


Haurren hezkuntzan guztiz inplikatzeko, batez ere denbora eskatzen du proiektuak. Egungo bizimoduarekin hori nola den bateragarria galdetu diegu eta garbi erantzun du Estrellak: egunero zortzi orduko lanaldian bagaude eta hipotekari lotuta, ez da egingarria. Gako bi nabarmendu dituzte: batetik, beharrak gutxitu eta sinplifikatzea, behar horiei kolektiboki erantzunez. Hala, Bizi Tokin familiek bertan egin dezakete lo, eta inguruan etxebizitza kolektiboa eraikitzea da etorkizuneko asmoa. Edota baratze kolektiboa eta autoekoizpena bultzatzen dute eta ekoitzi ezin dutena kolektiboki erosten dute, merkeago lortzeko. Bestetik, beharrak murriztuta, soldatapeko lanean ordu gutxiago eman eta denbora gehiago libratu dezakete. Gorka Torre irakaslea da ikastolan, astean 12 orduz; Andoni Estrella nekazaria da, sasoiko lanak egiten ditu eta denbora duenean etortzen da etxaldera. “Aldaketarik zailena buruan dago –baieztatu digu berak–, baina gauzak desberdin egiteko eta askatzeko beldurrik ez baduzu, ohiko irizpideetatik pixka bat ateratzen hasten zarenean, harrigarria da ikustea zein errazak izan daitezkeen gauzak”.
Itzul gaitezen arlo pedagogikora. Zerrendatuta dituzten hezkuntza printzipioen artean daude haurraren nortasuna errespetatzea (eta nortasun kritikoa garatzea); bere berezitasunean laguntzea; dimentsio afektibo-emozionala, sentsorial-motorra eta mentala kontuan hartzea; haurraren sexualitatea errespetatzea; edota zigorrik eta saririk gabe heztea. Nola gauzatzen da hori guztia praktikan? Taldeko elkarbizitzarako eta denen artean gauzak eraikitzeko, komunikazio ez bortitza dute abiapuntu (errespetatzea, bestea ulertzeko ahalegina egitea, enpatizatzea, entzutea…). Eredu pedagogiko bakarrari ez diote heltzen, interesgarriak zaizkienetatik elikatzen dira, baina ildo nagusi batek zedarritzen du bidea: haurrak berak izan behar du ikasketa prozesuaren aktore nagusi eta helduek laguntzaile gisa jokatzen dute, umeen interesa urrunago eramanez, “mundu osoa deskubritzeko dutela erakutsiz”. Torreren arabera, “haurrak errespetuan oinarritutako ikaskuntza baldin badu, bere erritmoa eta gogoa aintzat hartzen duena, afektiboki ongi baldin bada eta eroso, ez du zertan arlo pedagogikoan arazorik izan behar, modu naturalean ikasiko du. Zenbat ordu ikastolan motibazioaz hitz egiten, erantzunik atxeman gabe!”.
Erleez, euskaraz edo feminismoaz jardunaldi irekiak
Kolektiboa diren heinean, oinarrizko funtzionamendurako arauak dituzte Bizi Tokin eta ahal dela astero egiten dituzten biltzarren bidez antolatzen dira: ardura eta eginbeharrak banatu, gogoetatu, egunerokoaz eztabaidatu, tailerrak taxutu edota jardunaldiak prestatu. Irekiak dira jardunaldiak, “gizarteari zerbait eskaintzeko” xedez; sumatzen dituzten beharrean arabera hautatzen dituzte gaiak eta jende dezentek hartu du parte orain artekoetan. Besteak beste, jardunaldiotan elikadura buruaskia, antzinako jolasak, basalandareen ezagutza, haziak, erle eta erlezaleak, baloreen transmisioa, euskara eta feminismoa jorratu dituzte, eta kolektibotasunaz eta nerabetasunaz egin nahi dute hurrengoa.
Zailtasunak ere badira, haatik. Handiena, inguruan lagun sare zabala izan arren, benetan parte hartzera ausartzen direnak oraindik gutxi direla. “Hamar bat heldu nahikoa izan daitezke horrelako egitasmo batean, baina haur batentzat ez da aski –onartu du Torrek–. Adin tarte batean, umeak ume gehiago behar ditu inguruan eta indarrak batu behar ditugu jende gehiagok bat egin dezan, ez dezagun behartuta ikusi gure burua 7 edo 13 urterekin haurra eskolatzera”. Zentzu horretan, gaur egun Euskal Herri osoko proiektua da Bizi Toki, bizirauteko Euskal Herri osorako bakarra ikusten baitute eraginkorrena. “Bihar ikusten badugu Tolosaldean kokatzea komenigarriagoa dela, bada egingo dugu, gu ez gara Behauzera lotuak, baina gaur egun hemen ditugu baldintza egokienak. Eta hamabost urte barru lortzen badugu hau aski garatua izatea bigarren bat Gasteizen sortzeko eta beste hirugarren bat Iruñean, bada primeran”.

Azken finean, krisi garaiotan kontzientzia hartzeko eta eredu kapitalistatik aldentzeko une egokia izan daitekeela uste du irakasleak: “Bizi Toki gizarte proiektua da, epe luzera planeta honetan bizi ahal izatearekin koherentea. Egungo errealitateak ez garamatza inora eta Bizi Toki bide berri bat ari da urratzen, oso interesgarria eta aberasgarria, alternatiba jasangarria bizitzen ari garelako, zentzuz betea. Bizitza honetan bizi daitezkeen gauzarik ederrenetarat nahikoa hurbiltzen ari gara eta plazera da. Kontsumo gizarteko egunerokotasuna gal dezakegula? Horren beldur gara? Bai, baina asko irabaz dezakegu eta merezi du jendeak gaian sakontzea, ez dago dena egun batetik bestera aldatu beharrik. Aldi berean, hala ere, ausardia behar da ur-lasterraren ohiko norantzan ez doan ekimenari bai esateko”.
Eskolatzeaz
Adin batetik aurrera umeak eskolatzeko asmorik al duten galdetu diogu Gorka Torreri: “Ikusten bada uneren batean haur bat eskolatzea beharrezkoa dela hainbat arrazoirengatik, guk prestatu egingo dugu horretarako. Adibidez, 17 urte bete arte hemen egoten bada eta unibertsitatera joan nahi badu, azterketak prestatzen lagunduko diogu hala egin dezan”.

Lehengo munduaren azkena - Karidadeko Benta


KARIDADEKO BENTA.

Lehengo munduaren azkena, Karidadeko Benta

2007ko udan eskainitako kontzertu sortarekin jarri zion amaiera Karidadeko Benta musika taldeak zazpi urteko ibilbideari. Atzean, hiru disko eta 200dik gora zuzeneko emanaldi utzi dituzte. Izan zirenaren oroigarri gisa, azken kontzertuen kronika argitaratu dute dokumental honetan.

Errealizazioa eta edizioa: Eneko Dorronsoro
Kamarak: Ekain Irigoien, Isabel de Navera eta Eneko Dorronsoro
Edizioan laguntzaile: Jon Matzisidor
Postprodukzioa: Asier Pujol (Moztu filmak)
Argazkia: Peio Romatet

ARGIA - Bideoak - Multimedia

irudia Pornoa VS egiazko sexua
Noizbait film pornorik ikusi baduzu, eta inoiz larrutan egin izan baduzu, oso ondo jakingo...

irudia Sexismoa iragarkietan
Sarah Zelinski, Kayla Hatzel eta Dylan Lambi-Raine ikasle kanadiarrek gizon eta emakumeen...

irudia Hormetako mintzaira
80ko hamarkada amaieran Gasteizen lehen graffitiak egiten hasi zirenetik, Euskal Herriko...

irudia Tortura eta zentsura Euskal Herrian
Tortura zein tortura kasuei buruz publikoki hitz egiteak tabu izaten jarraitzen duela...

irudia Zerain, paisaian oinarritutako bizimodua
250 biztanle ditu Aizkorriren itzalpeko Zerain dotoreak. Noizbait bertaratuko zintuen hain...