Egiazko ipuinen gaua
- Hiri-ondorengo baso eta zelaietan gaudenoi, ongi etorri gaueroko ipuin kontaketa-ttipi saiora...! Ze ipuin entzun nahiko zenukete gaur?
- Kontaiguzue zuen gaztaroko ipuina!!
- Bada, geure Historia ez da ipuin arrunt bat... eskatzen ari zareten kontakizuna gizakion iragana dela jakin behar duzue... geure jatorria, gaurko momentua ulertzeko jakin behar dituzuen gertaerak, hain zuzen ere.
- Jakin nahi dugu!!
- Ongi da... Duela hamabost bat urte... 2015 urte inguruan, oker ez banaiz... Historiaren ume kuttunak ginen: Historia osoan ez zen ezagutu horrelako ongizaterik!! Askok, nahi genuena lor genezakeen: kalitate ezinhobeko ur gardenak, milaka toki urrunetako janari exotikoak, izugarrizko luxuzko etxe eta garraioak... laburtzeko, mota guztietako erosotasunak... imagina dezakezuen guztia, oso esfortzu txiki batekin, geure esku zegoela ematen zuen. Baina ez zen inungo aztikeriarik... erosotasun guzti horien atzetik bi gauza ezkutatzen ziren. Lehena, milioika urtetan zehar lurazpian gordetako eguzki-energia fosila zen, geure garaian petrolio izenez ezaguna zena. Energia kontzentratu guzti horri esker oso lan gutxi egin behar genuen. Asma zenezaketen eginkizun bakoitzerako metalezko makina bat erabiltzen genuen, argindarra dela medio martxan jartzen genuena. Horrelako makinekin Ilargira ere joan ginen gizakiok!! Baina hori beste kontu bat da... Beno. Petrolioaz gain, nahi genuen guztia lortzeko beste gauza garrantzitsu bezain triste bat dago... horren izena Desberdintasuna zen. Gizakion arteko desberdintasunak, alegia... Kontraesan bat dirudi, Historia osoko momentu energetikorik aberatsenean milaka pertsona gosez, egarriz, gaixotasunez edo hotzez hil zitezkeela egunero...
Ez da harritzekoa desberdintasun itzel hori daukan zibilizazio baten baloreak guztiz buruz-behera egotea. Esan beharra dago pertsonen pentsamolde eta jarreran danetarik aurki zitekeela, baina aniztasun horren baitan joera gogor bat nagusitzen zen: balore sakonen ahulezia. Aitzitik, balore hutsalak edonon topa zitezkeen, eta nola ez, geure bizimodu guztia balore hauen erakusgarri zen... Gure gaztaro garaian 7 mila miloi bat pertsona izango ginen. Pertsona arteko erlaziotan aurreritziak nagusitzen ziren. Norbaitek ahoa ireki gabe ere, janzkera, orrazkera, sexua edo adinagatik bere izaeraren laburpen bat egiteko ohitura genuen. Elkarrizketatan behin eta berriro gaizki-ulertuak, mesfidantzak, susmoak, lehia izkutuak edota beste pertsonen idealizazioak ere agertzen ziren. Gizabanako bakoitzaren nortasuna aurkezterakoan, esaterako, abizen bat bailitzan, honek lortutako ikaskuntza tituluak edo burututako lanak aipatzen ziren, horiek gabe pertsona kaskarragoa balitz bezala... Sekulako hantuste kaltegarria zegoen gizartean. Norbanakoak bere erroreak onesteko, barkamena eskatzeko, besteen trebetasunak ikusi eta sendotzeko, oso esfortzu handia egin behar genuen, normalena batzuek besteei kritikatzen aritzea baitzen, ez ordea norberaren edota besteen dohainak aintzat hartzea...
Kolektiboki ere ez ginen atseginagoak... milioika pertsona bizi baldintza hobeengatik korrika, baliabideen jabe bakarra izateko lehian. Jaiotako herrialde edo familiak erabat baldintzatzen zuen geure bizimodua; hezkuntza eta kultura gutxi batzuontzako aberastasunak ziren, mendeetan zehar batzuk besteei lapurtutako eskubide, baliabide eta denboran oinarriturikoak. Desberdintasun hau belaunaldiz belaunaldi larritu egiten zen, konpondu beharrean... Erabaki politikoak gutxi batzuei murriztuta zeuden. Gutxi hoiek erabakitzeko poterea beraientzat gordetzeko legeak asmatzen zituzten; hain zen eskasa geure erabakiak hartzeko ohitura ze erabaki bat hartzeko gonbitea jasotzen genuenean partaidetza ia ikustezina izaten zen... Ordezkari politikoek nahi izanez gero, lurralde oso bat nazioarteko guda batetan sar zitekeen, biztanleria ados egon ez arren.
Espazio edota baliabide kolektiboak kritikatu egiten genituen, eta ez genituen zaintzen bertako materialak ezta pertsonak ere. Geure jabetza ziren gauzak soilik zaintzen genituen... Konsumitzearen akzioa ekoizpen kateen azken helmuga zen heinean, gauza piloa erosten genuen, gero etxean metatzeko, eta azkenik, zaharkitzean, zabortegira botatzeko. Eredu honen modura ere pertsona arteko erlazioak kontsumitu genitzakeela uste genuen... Denbora baterako erlazioak nagusitzen ziren. Testuinguru hontan ulertzekoa da naturarekiko begirunea ia guztiz galduta edukitzea... Kontsumitutako produktuen hondarrak zabortegietara zuzentzen genituen birziklatu beharrean. Erregai fosilak energia eredu nagusi gisa aukeratzean, eta hurrengo belaunaldiak klima aldaketa bortitzak jasatera zigortuko genituela jakin arren, aurrera jarraitu genuen geure erosotasun guztiekin. Ohiko erregai fosilak bukatzean, askok ezohiko hidrokarburoen bila zihoaztenei lurra saldu genien, bide batez lur, ur eta aire kopuru zenbatezinak denbora geologikoetarako kutsatuz. Laburbilduz, naturako elementu bakoitza aberastasuna lortzeko baliabide gisa erabiltzen genuen... Bizitzari eta honen zikloei inungo adeitasunik eskaini gabe.
Egoera tamalgarri honen ondorio gisa, guganako, besteekiko eta munduko edozertarako errespetu falta, maitatzeko ezjakintasuna, bakea lortzeko edota arazoak konpontzeko ezintasuna topatzen genituen. Gauzak honela, gutariko asko ez ginen maitale iraunkor izateko gai, ezta lagun, senide, biztanle iraunkor... Zergatia ere jakin gabe, bakardade samingarri batetan murgilduta geunden, ingurugiroarengandik isolaturik; hormigoi eta adreiluzko etxebizitza zurrunetan sartuta, eguzkia ta zerua ahaztuz, haizea ta euria ukatuz, gaueko izar ta udaberriko loreen plastikozko ordezko merkeak erosita eta bainugelako ispiluari irribarre triste eginez... ahoa hitz politez betea; eskuak, aldiz, erabat hutsik.
Soilik gure zibilizazioak baliabide naturalak erre zituenean konturatu ginen bakardade horretaz. Urte gutxi batzuen baitan gure irudimeneko bizimoduak existitzeari utzi zion. Janaririk ez supermerkatuetan, kutsatu gabeko urik ez ibaietan. Negu hotzari aurre egiteko berogailurik ez... ezta lanparak pizteko argindarrik. Osasun, hezkuntza, garraio eta bestelako sistema publikoak lehendabizi jabetza pribatuan erori ziren, gerora gutxinaka desagertzen joateko... Konfusio orokor hontan askok norabidea galdu zuten eta han-hemenka zebiltzaten, guztiz noraezean. Hiriak husten joan ziren, hormigoizko basamortuen legez...
Garaiko egite eta pentsamolde orokorrei ihes egin zieten pertsonei zor dizkiegu gaur egun lortutako aurrerapenak. Pertsona askoren lan nekagaitzari ari esker bizi gara gaur... Gizabanako askok bere ahalmenen kontzientzia hartu zutelako, hain zuzen ere. Bide okerretik gindoazela ulertu eta sentitu behar izan genuen... Nork bere burua, besteen burua eta naturaren izaera nola ez gutxietsi, edo neurriz kanpo nola ez balioztatzen ikasi genuen... Giza komunitate berdintsuak eta biltzarkideak lortzeko baketsu borrokatzen ikasi genuen. Naturaren zaintzaren alde baketsu borrokatzen ikasi genuen. Gizartearen deshazkunde bat gertatu zen... munduko biztanleria txikitu zen, pertsona bakoitzaren erosotasunak eta lan-orduak gutxitu ziren, baita baliabideen kontsumoa ere... Lurraldeen antolaketa eskalak murriztu ziren, auzo ezberdinen biltzarrak eratu zirelarik. Guk geure elikagaiak ekoiztera ikasi genuen, ingurugiroarekiko eta gure osasunarentzako onuragarriak ziren tekniken bitartez: orain hain ezagunak zaizkizuen agroekologia eta permakultura, hain zuzen ere.
Kritika suntsikorra eraikitze prozesu kontziente eta heldu batetan moldatu genuen. Xumeki, baina kementsu, gure erabakiak hartzen ikasi genuen, buru, bihotz eta eskuei dagozkien arloak orekatuz. Partaidetza eta elkar lana sustatu genituen, guztion ideiak aintzat hartuz, ideien alderdi onenak aurrera eramanez. Ikaskuntza-arlo bakoitzak eskeintzen digun alde ona gordetzera ikasi genuen. Geure sinismenekin bat ez zetozen zientzia, erlijio, politika eredu zein ideologiak sistematikoki ez ukatzera ikasi genuen, gauza guztien gainetik besteekiko errespetuan. Jokabide baketsua ikasi genuen. Gurekiko ezberdinak diren beste izaki bizidunen larruan sartzen ikasi genuen, enpatia, maitasuna, hitzak baino askoz gehiago zirela... Baina garrantzitsuena... benetan barkatzen, maitatzen ikasi genuen...! Eta zuek, haur txikiak, aldaketa honen seme-alabak zarete. Garai berrien ikurra. Oraindik asko falta zaigu ikasteko, baina bide zuzenetik goazela uste dugu. Zer iruditzen zaizue?
- Ba nik gauza asko ikasi nahi ditut!! Lan asko dago oraindik egiteko... Baina ideia berri asko bururatu zaizkit gaur. Zuek bezalakoxea izan nahi dut.. Xumea eta kementsua!!
Ariadna Villate
No hay comentarios:
Publicar un comentario