Algortako Eztabaida Gune Antiautoritarioak ateak itxiko ditu
Proiektuko kideen motibazio faltaren ondorioz, Algortako Eztabaida Gune Antiautoritarioak ateak itxiko ditu laster. Uste dute proiektu kolektibo bat garatzerako beharrezkoa dela jendez inguratuta egotea, eta hori da, hain justu, une honetan duten gabezia. “Kolektibo kanpoko jendearen inplikazio eskasak lokalaren kudeaketa osoa proiektuko kideon esku egotea eragin du, horrek suposatzen duenarekin: txanden antolaketa, material eskaerak, banaketa, betebehar burokratikoak etab.”, azaldu dute. Maila politiko eta pertsonalean ikasketa izugarria izan dela azpimarratu dute, eta proiektuaren beharrean sinesten dutenez, ateak zabalik utzi nahi dizkiote balizko belaunaldi aldaketa bati.
Duela zazpi urte sortu zuten egitasmoa, Uribe Kostan kontzientzia kritikoa garatzeko eta bizitzaren eta jendartearen egoera aldatu nahi zuten pertsona zein kolektiboen topagune bat eratzeko. Eduki politiko eta soziala biltzen duen materiala saltzeaz gain, hainbat topaketa, hitzaldi aurkezpen, elkartasun jaialdi eta bestelako antolatu dituzte bertan, beti ere ikuspuntu antikapitalista eta antiautoritariotik.
Eztabaida Gune Antiautoritarioko kideen oharra:
Zazpi urteko ibilbidearen ondoren, Eztabaida Gune Antiautoritarioko kideok proiektuari amaiera ematea erabaki dugu, aspaldian motibazio eta energia desgaste handia eragiten zigun zenbait dinamika arrastaka generamatzan eta.
Herri mugimendu ezberdinetan parte hartu eta gero, 2008an Uribe Kostan kontzientzia kritikoa garatzeko eta gauzen egoera aldatu nahi duten pertsona nahiz kolektiboen topagune izateko helburuarekin sortu genuen proiektua. Hau da, Eztabaida Gunea ez zen soilik eduki soziala eta politikoa zeukan materiala (liburuak, fanzineak, musika…) saltzen zuen liburudenda huts bat. Horrez gain, hitzaldi mordoa antolatu eta bestelako ekimenak burutu dira bertan, hala nola bideoteka, saski ekologikoen kontsumo taldea, bilera lekua kolektibo ezberdinentzat, elkartasun jaialdiak borroka ezberdinekin, argitaratutako liburu eta CDak… Beti ere ikuspuntu antikapitalista eta antiautoritario batetik.
Ez zen erraza izan tendentzia politiko ezberdinengatik hain markatua dagoen esparru militantean lekua hartzea, hots, “beltz” edo “gorritzat” etiketatzea ohikoa den toki batean. Hala ere, gure iritziz, batzen gaituena ezberdintzen gaituena baino gehiago denez, etiketa ideologikoei, ikusmira hertsiei eta betiko antolakuntza ereduei aurre eginez, borroka sozialean aurrera egiteko diskurtso propioa eraikitzea ezinbestekoa da.
Hasieran udalaren diru laguntza bat jasotzen bagenuen ere, azken urteotan lokaleko salmeten bidez eta Algortako jaietako txosnetan lortutako diruarekin finantzatzea lortu dugu. Autogestioa, liberaturik gabeko borondatez egindako lana eta asanblearismoa proiektuaren oinarriak eta gure ezaugarri nagusiak izan dira betidanik.
Zergatik ez jarraitu proiektuarekin?
Gure ustez, proiektu kolektibo bat garatzerakoan jendez inguratuta egotea beharrezkoa da eta horixe da gure gabezi nagusia. Kolektibo kanpoko jendearen inplikazio eskasak lokalaren kudeaketa osoa proiektuko kideon esku egotea eragin du, horrek suposatzen duenarekin: txanden antolaketa, material eskaerak, banaketa, betebehar burokratikoak… Azken finean, gutxien ikusten den lan horrek praktikan gure helburu ideologiko eta politikoez aldentzea suposatu du.
Ez dakigu errealitate honen arrazoia proiektuan partehartzea bermatuko luketen dinamiketan ez asmatzearen ondorioa den, edo pertsonak gero eta desmobilizatu eta alienatuagoak egotearekin zerikusirik duen. Arrazoiak arrazoi, ez daukagu azken boladan egon garen moduan jarraitzeko energiarik eta beraz, erabaki hau zuekin konpartitu nahi genuen.
Eztabaidak, ekintzak, irriak, doluak… bizi izan ditugu kolektibo eta pertsona anitzekin, eta ondorioz maila politikoan eta pertsona gisa ikasketa izugarria izan da guretzako. Gaurdaino, gu izan gara lokala kudeatu dugunak eta proiektuaren beharrean sinisten dugunez, are gehiago garai hauetan, ateak zabalik utzi nahi dizkiogu balizko errelebu bati.
Horregatik, bilera irekia deitu dugu datorren Irailaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan lokalean bertan.
Amaitzeko, gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu errealitate bilakatutako amets honen alde lan egin duzuen guztioi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario