LITERATURA ETA IRAULTZA Joseba Sarrionandia , 1987 Angel Martinez komisarioak bere errebolberraren
kainoia
detenitu biluziaren uzkira sartu eta mirila zikindua,
odoldua, patetikoa ateratzen duenean
zer axola zaio mutil torturatuari poeta
um fingidor den?
G.K. Chestertonek La Salve bisitatu ote du
inoiz?
Intxaurrondoko kalabozoetan nork ezagutzen du
Hermann Broch?
Zelan adieraziko du gero mutil torturatuak
epailearen aurrera suntsiturik iristean
objetive correlative kontzeptuaren esanahi
zehatza?
Zer da Molly Bloomentzat Carabanchelgo egunsenti
jostorratzez betea?
Nor da Michel Foucault zigor zeldetan hamar hilabetez
higatzen denarentzat?
Bost minutuko bisita bat? Enkontru lirikoa?
Euskal presoek
Jean Duvoisinen Biblia estudiatu behar dute
beren gutun debekatuetan
hatxeak eta komak leku egokian jartzeko?
Zein da literaturarentzat
errebeldiaren, iraultzaren, abenturaren
balio etiko ahortezina?
Zer izkiriatzen da Voprosi Literaturi edo Tel Quel
aldizkarien ertzean
euskal presoen gose greba amaigabeez?
Zer axola zaio konpromezua
polizien tiro artetik —erreboluzioaren bandera lez
ezkutarik gabe— ihes doan mutilari...
[ Basque poetry webgunetik hartutako poesia ]
Hermosa lengua el euskera, lástima que yo no sepa hablarlo, y que los traductores on-line sean tan malos.
ResponderEliminarSalud!