Teorialariak mintzo: Silvia Federici


Argia aldizkariaren duela pare bat astetako alean Silvia Federiciri elkarrizketa interesgarria egin zioten eta irakurri niNan, baina dena bertan omen dagoen sarean ezin aurkitu, momentuz. Horrela 2014ko maiatzak 11ko beste elkarrizketa bat ekarri diNat, orain geldirik dagoen Elearazi proiektuan osoa aurkitu ahal izan diNadan elkarrizketa. Irakurri ezaNK gogorik badaukaNK behintzat!! ]

Teorialariak mintzo: Silvia Federici
IMG_9837
Pentsamendu feminista eta marxista garaikideko teorialari esanguratsuenetakoa da Silvia Federici (Parma, Italia, 1942). Besteak beste, emakumeen etxeko lanari buruz, komunalismoari buruz eta sorgin-ehizari buruzko ildoak jorratu eta lanak argitaratu ditu azken bi hamarkadetan. Militantziarekin eta kalean protestatzearekin ezinbestean lotuta dago, halere, bere jarduna; 1967an AEBra joan zen graduondoko ikasketak egitera eta baita bete-betean engaiatu ere hango borroka eta mugimendu feminista eta sozialistarekin. Gaur egun bertan jarraitzen du, lanean eta idazten, etengabe bere pentsamendu zorrotzarekin xaxatzen. Europan zehar tourra egiten ari dela-eta, asteazkenean iritsi zen Bartzelonara eta asteazkenean elkartu zen, halaber, Maria Colera Intxausti gure kide eta elearazlearekin, ordubetez. Solasaldi mamitsu haren fruitua da gaur dakarkizuegun hauxe [elkarrizketaren bertsio katalana hemen]. Euskal Herrira bidean da orain Federici. Alde horretatik, hementxe, aldi berean katalanez eta euskaraz plazaratuko den elkarrizketa honetan, aukera ezin hobea duzue pentsamendu federiciarraren gakoetako batzuk deskubritzeko, Colerak xeheki galdetu baitio Marxekiko kritikari buruz, emakumeen greba orokorrari buruz, komunen aukerei buruz, gizonek feminismoari ezikusia egiteari buruz. Gehiago luzatu gabe, datorrena aski denez interesgarria, utziko zaituztegu. 
Silvia Federici mintzo da. 
federici-maria1
Elkarrizketa: Maria Colera Intxausti
Itzulpena ingelesetik eta edizioa: Maria Colera Intxausti eta Danele Sarriugarte Mochales
Irudiak: Lewanne Jones
The Caliban and the Witch [Calibán y la bruja] liburuan esaten duzu emakumeen esplotazioa giltzarria dela pilaketa kapitalistarako; izan ere, emakumeek ekoizten eta erreproduzitzen dute ondasun kapitalista oinarrizkoena: lan-indarra. Esaten duzu emakumeen etxeko lan ordaindu gabeen gainean sortu dela soldatapeko langileen esplotazioa.
Hasteko, esan nahi nuke emakumeen etxeko lanen berdefinizioa eta berrinterpretazioa izan dela 70eko hamarkadako mugimendu feministaren ekarpen nagusienetako bat. Etxeko lanetarako soldatak eskatzen zituzten sektoreen ekarpena izan zen. Etxeko lanen gaia planteatzen hasi ziren eta atera zuten ordura arte aztertua izan zen testuingurutik, batez ere tradizio sozialistaren barruan baina baita, noski, tradizio liberalaren barruan ere. Sektore horiek ez zituzten etxeko lanak ikusten mundu aurrekapitalista baten ondare gisa, edo aberastasun sozialari ekarpenik egiten ez zioten bazter-jarduera gisa, ezpada gainontzeko jardun guztiak ahalbidetzen zituen zutarri modura.
Hortaz, pilaketa kapitalistaren prozesurako gakoa dira etxeko lanak; izan ere, etxeko lanak osoki kontuan hartuta, horiexek dira lan-indarra ekoizten dutenak, lan egiteko gaitasuna ekoizten duten lanak. Hortik abiatuta hasi ginen iragana berrirakurtzen eta ulertzen saiatzen ea zergatik eta zer baldintzatan bilakatu zuten lan hori bazterreko, pilaketa kapitalistarako guztiz beharrezkoa izanik. 70eko hamarkadako borrokan gure helburu nagusietako bat zen aldarrikatzea etxeko lanak lana zirela, eta ez hori bakarrik, esplotazio-esparrua ere bazela. Are gehiago, lan horretako esplotazioa soldatapeko gizon langilearen esplotazioa baino sakonagoa zela, gurea ez baita ordaintzen. Beraz, ikuspuntu horretatik abiatu nintzen historia ikertzen hasi nintzenean, saiatu nintzen ikusten zer gertatu zitzaien emakumeei, zer gertatu zen ekoizpenarekin kapitalismoaren garapen-prozesuan. Eta konturatu nintzen diru-ekonomia kapitalistaren sorreran, nolabaiteko banaketa bat, bi adarreko banaketa bat gertatu zela bizitza ekonomikoa dei dezakegun horretan (izan ere, bizitza ekonomikoa eta soziala batera doaz beti), eta banatzen hasi zirela batetik merkatu-ekoizpena (ondasunen ekoizpena), betiko lantzat jotzen dena eta kapitalismoan soldata bati lotutako lana bilakatzen dena, eta bestetik lan-indarraren erreprodukzioa, lan-estatusa galtzen hasten dena emakumezkoen lana bilakatzeko: feminizatu egiten da. Kapitalismoaren hasiera-hasieratik badago lanaren banaketa sexual bat, ekoizpena eta erreprodukzioa banatzen dituena lana egiten duten subjektuen arabera, horrekin harreman ezberdinak sortuz. Ikuspuntu horretatik abiatuta, sorgin-ehizaren prozesua (bi mende iraun zuena) berrirakurtzen hasi nintzen, funtsezkoa izan baitzen Europan kapitalismoa sustraitzeko. Era berean, emakumeen boteregabetze-prozesu deituko diogun horrek berebiziko eragina izan zuen emakume langilearen irudia birdefinitu eta berreraikitzeko garaian, eta irudi horretan emakumea ez-langiletzat jotzen hasi ziren, hots, kapitalismoaren ikuspegitik baliorik ez duen lana egiten duen pertsonatzat.
Sakonduko zenuke pixka bat kapitalismoa sortu aurretiko eta jatorrizko pilaketaren aurretiko patriarkatuaren eraikuntzan?
Bai, kapitalismoa ez da generoan oinarrituta diskriminatzen duen lehen sistema inondik ere, nahiz eta nire ustez oso garrantzitsua den patriarkatua ez unibertsalizatzea, alegia, ez ondorioztatzea gizarte guztiak patriarkalak izan direla. Izan ere, ikerketa feminista zabaltzen doan heinean deskubritzen ari gara Ameriketan, adibidez, bazirela hainbat herri, emakume eta gizonen arteko harreman parekideagoak zituztenak.
Hori erreala da, ala mitoa? Izan ere, euskal matriarkatuaren kontzeptua daukagu gurean, baina botere-korrelazioari eta baldintza materialei erreparatzen badiegu argi ikusten da mito hutsa dela hori.
Ipar Amerikako zenbait tributan, irokes tribuan, esate baterako, emakumeek erabakiak hartzeko botere handia zuten asanbladetan, gerra egin edo ez erabakitzeko garaian adibidez, eta emakume helduek garrantzi politiko handia zuten komunitatean. Caliban prestatzeko lanean ari nintzela montaignais tribu kanadarra kristautzen aritu zen jesuita frantses baten dokumentuetan deskubritu nuenez, haren zeregin garrantzitsuenetako bat gizonak heztea zen, emakumeak eta umeak arrastoan sar zitzaten. Izan ere, emakumeek botere eta independentzia handi samarra zuten, eta senarrak ezin zuen emaztearen sexu-jarduna kontrolatu. Horixe dena ondorioztatu daiteke, misiolari frantses haren ikuspegiaren arabera, behintzat. Edonola ere, tentuz ibili behar dugu gugana iritsi den historiarekin, irabazleek idatzia delako hein handi batean, eta historia alternatiboetako asko suntsituak izan direlako. Han eta hemen aurkitzen ditugu bestelako aukera batzuen arrastoak, eta seguru aski izan zen bestelako eredurik. Tentu handiz egin beharreko lana da, noski, baina gizarte matriarkalagoen zantzuak ikusten ditugu.
Hori esanda, argi dago kapitalismoarekin patriarkatua berrezarri eta birsortu zela, edo beste modu batera esateko, harreman patriarkalen eskemaren barruan bertan ere, menderakuntzaren helburua eta arauak aldatu egiten dira testuinguruaren arabera, esplotazio-motaren arabera. Nire interpretazio sinplea hauxe da: gizarte batek giza eskulana esplotatzen badu, esplotazioan eta bereziki eskulanaren esplotazioan oinarrituta badago, orduan gizarte horretan sexu-diskriminazioa egongo da; izan ere, emakumearen gorputzaren jabetza, erreprodukzio-prozesuaren jabetza alegia, funtsezkoa baita esplotazio mota orotarako.
Hala ere, esplotazioa sostengatzen duten harreman zehatzak aldatuz doaz, eta kapitalismoaren baitako oinarrizko harremana soldatarena da, horregatik aipatzen dut nik soldataren patriarkatua, edo, beste modu batera esanda, kapitalismoan soldata dela desberdintasuna sortzeko ezinbesteko harreman mota. Ikusten dugu, orokorrean gizonek egindako soldatapeko lanaren eta orokorrean emakumeek egindako soldatarik gabeko lanaren arteko diferentzialak potentzial handia duela, eta tradizio teoriko eta politiko sozialistan aintzat hartu ez diren funtzio ugari betetzen dituela. Era berean, diferentzial horren bidez Estatua gai da soldatapekoari emateko soldatagabearen gaineko boterea, hortaz, soldata oso erreminta boteretsua da, ez bakarrik soldatapeko langilea esplotatzeko, ezpada soldatagabeko lanaren puska oso handi bat mobilizatzeko, aipatutako boteretzearen bitartez gizon langilea bilakatzen baita emakumearen eskulanaren ikuskatzaile. Ondorioz, hizpide ditugun hierarkiak eta desberdintasunak sortzen ditu soldatak, eta esplotazioa naturalizatzen du.
Uste dut oso garrantzitsua dela, eta horregatik aipatzen dut soldataren patriarkatua, arraza-desberdintasunaren antzeko funtzioa baitu. Arraza-desberdintasuna, oro har, soldatapekoen eta soldatagabeen arteko diferentzian eraikitzen baita, esklabo beltzen kasuan adibidez. Hortaz, uste dut ezaugarri hori garrantzitsua dela, batez ere mugimendu antagonista bat sortu nahi denean. Funtsezkoa da onartzea ez dagoela ezer naturala, ez dagoela ezer saihestezina, kapitalismoak harreman sozial mordoa transformatu dituela, harreman patriarkalak berrezarri behar izan zituela eta klase sozialen arteko banaketa oraindik ere ezinbestekoa dela kapitalismoaren dominaziorako.

Emakumeen kontrako hainbeste bortizkeria onartzen duen mugimendu batek ezin izango du borroka irabazi, ezin izango zaio kapitalismoari gailendu.

Emakumeen greba aipatu duzu. Bada ekimen bat martxan, Katalunia aldean behinik behin, emakumeen greba bat egiteko [#vagadetotes]. Ohiko ekoizpen-grebetatik haratago joaz greba sozial bat, greba feminista bat, kontsumo-greba bat proposatzen dute, gaur egun lanpostu formal bat duten gizonezko langile zuri, soldatapekoen esku dagoen tresna hori berreskuratzeko. Zer diozu horretaz?
Oso ekimen garrantzitsua iruditzen zait, hasteko grebaren nozioa desmitifikatu behar dugulako, birdefinitu behar dugulako. 70eko hamarkadan beti esaten genuen greba orokorraren nozioa, ikuspegi feministatik, ez dela oso aproposa, emakumeek lanean jarraitzen zutelako gizonek greba egin bitartean. Esaten genuen soilik emakumeek greba egitean izango genuela greba orokorra, eta hain justu Islandian 1975ean izan zen horrelako bat. Reykjavikeko emakume guztiek lan egiteari uko egin eta hiria geldiarazi zuten, emakumeen ezkutuko fabrika horrek ahalbidetzen baitzuen gainontzeko guztiak bestelako jardueretan aritzea, ezkutuko muntaketa-kate horrek ahalbidetzen zuen gainontzeko guztiek soldatapeko lana egitea. Hortaz, emakumeen grebarena ideia garrantzitsua da hainbat zentzutan: garrantzitsua da etxeko lanak lana direla aldarrikatzea eta aldarrikapen hori ekartzea militantzia politikoaren lehen lerrora, eta Estatuarekiko negoziazioa eta eztabaida atzera zabaltzea, uste baitut abandonatua izan dela. Izan ere, Nazio Batuek politika feministan esku hartzearekin batera, agenda feminista otzandu eta urrundu egin zuten bere puntu iraultzaileenetatik, bereziki, erreprodukzio-lanarekiko harremanak auzitan jartzeari dagokionez. Geure buruari galdetzen diogunean ea kapitalismoak zergatik gutxietsi duen hainbeste giza bizitza erreproduzitzeko hain oinarrizkoa den lan hau, ikusten dugu puntu horrek berebiziko garrantzia duela frogatzeko feministok ere agenda antikapitalista bat behar dugula. Kapitalismoarentzat beharrizan estrukturala da erreprodukzio-lana baliogabetzea. Kapitalismoak nahitaezkoa du eskulana esplotatzea, etengabe jaitsi behar du eskulan-ekoizpenaren kostua eta horretarako beharrezkoa da eskulan-ekoizpenaren balioa ukatzea; ondorioz, lan hori egiten duten subjektuak baliogabetzen eta ikusezin bilakatzen ditu, emakumeak ez direlako sekula langiletzat hartzen, eta etxeko lanei uko egiten badiete, emakume txarrak direla esaten da, uko hori ez da grebatzat hartzen.
Horregatik, emakumeen grebaren ideia izugarri inportantea iruditzen zait, eta, egia esan, uste dut emakumeek greba egin eta umeak izateari uko egin beharko lioketela, harik eta ume horiek bizitzea merezi duen mundu batera ekar ditzakegun arte.
Etxeko lanak eta umezaintza kolektibizatzea eskatzen zuen Alexandra Kollontaik. Zer iritzi duzu horretaz? Zure ustez tresna eraginkorra izan liteke hori, emakumeen etxeko lan esklabizatuaren emantzipaziorako eta erreprodukzio sozialaren gaineko erantzukizuna sozializatzeko?
Funtsezkoa eta ezinbestekoa da erreprodukzio-lanak berrantolatzea, ez umezaintza bakarrik ezpada helduen zaintza eta zaintza mota oro. Alde batetik, aberastasun soziala eta baliabide sozialak erreprodukzio-lanaren zerbitzura jarri behar ditugu, gaur gertatzen denaren kontrara, hain justu. Bestetik, lan hori berrantolatu beharra dago, lankidetzan oinarrituta egin beharrekoa, noski, lan hori egiteko isolamendua izan baita emakumeok antolatzeko izan dugun eragozpen handienetako bat.
Kapitalismoak erreprodukzio-lana industrializatzeko aukera aztertu du, eta, harrigarria badirudi ere, nahiago izan du itxuraz zaharkituagoa, aurreindustrialagoa eta aurrekapitalistagoa dirudien sistema baten alde jotzea, nahiz eta berez isolamenduaren aldeko erabaki estrategiko bati erantzun aukera horrek. Teoria bat dut horren inguruan: lan-indarra soldatari lotutako lantokian kontzentratzeko beharrezkoa izan zen erreprodukzio-esparrua sakabanatzea, eta horren adibide garbia dira urteetan zehar garatutako hirigintza-planak. Esaterako, AEBn, Bigarren Mundu Gerraren ostean hirien kanpoaldeko auzoak sortu zituzten, eta langileak han beren etxetxoa erostera animatu zituzten, fabrikatik ahalik eta urrutien, eredu guztiz atomizatu eta serializatu bati jarraiki. Etxe haien diseinuak erabat banatzen du jendea, eta, horrela, lanegunaren amaieran, familiaren eta gizonen energia guztia bere etxetxoaren inguruan pilatzen da, eta eredu horren barruan emakumeak ere elkarrengandik bananduta daude, noski. Hortaz, uste dut berreraikitze prozesu handi bat daukagula egiteko, etxeen arteko, etxe eta kaleen arteko eta kale eta auzoen arteko bereizketarekin amaitzeko.
Kezkatzen nau Kollontairen kolektibizazio-proposamenak eta proposamen hori egin zueneko testuinguruak, gehiegi gogorarazten baitizkit boltxebikeen barrakoi industrial haiek. Iraultzaren lehen urteetan boltxebikeek esperimentu asko egin zituzten etxeko lanen eta erreprodukzio-lanen kolektibizazioarekin, baina saiakera horiek bertan behera utzi behar izan zituzten langileak matxinatu zitzaizkielako, langileek ez zutelako horrelakorik nahi. Ez dugu etxeko lanen bertsio industrializaturik nahi, eta ez dugu bertsio atomizatu eta serializatuarik nahi ere. Beste zerbait asmatu behar dugu, lankidetzan oinarrituta dagoena, soziala dena, baina, aldi berean, ez dagoena eredu industrialaren arabera egituratuta.
Horri lotuta, ilusio maltzur bat hedatzen ari da, sinesarazten duena telelan edo urrutiko lanak beren autonomia berreskuratzeko aukera eman diezaiekeela emakumeei, bereziki, eta langile guztiei, oro har. Amu maltzur hori poz-pozik irensten ari gara denok…
Hala da, bai. Umezaintzaren kasuan, adibidez, emakume asko auzoetan antolatzen hasi dira haurtzaindegien kontuarekin, baina borroka garrantzitsu bat izango litzateke aldarrikatzea haurtzaindegi-zerbitzua ez litzatekeela etxetik kanpo lan egiten duen emakumeentzat izan beharko bakarrik. Izan ere, etxeko lanak egiten dituzten emakumeek denbora librea izateko eskubiderik ez dutela pentsatzen jarraitzen du jende askok. Pentsaera hori aldatzea pauso garrantzitsua litzateke, beraz.
Bigarrenik, umezaintzak ez luke umearen guraso eta senideen ardura izan beharko bakarrik, denoi dagokigun kontua da, eta lankidetza oso garrantzitsua da hemen. Era berean, oso inportantea da Estatuarekin bestelako harreman-molde bat garatzea, geure ondasunak berreskuratu behar baititugu eta erreprodukzioari lotutako komunak sortzeaz ari naiz hemen: erreprodukzio-komun horiek sortzeak ez luke pobreziaren berbanaketarik ekarri beharko, aitzitik, borrokarako oinarri bihurtu beharko lukete komun horiek.
IMG_9839
Komunen aukera estrategikoei buruzko hitzaldia daukazu bihar. Zer dira komun horiek? Zer sartzen da kontzeptu horren barruan? Zer da komuna eta zer dagokio norbanakoari? Nor da muga hori ezartzeko zilegitasuna duen subjektua?
Hainbat tradizio daude komunen kontzeptuaren inguruan, ez bat bakarra. Erdi Aroko Europako komunen ereduak, adibidez, ez dauka zerikusirik Amerikako komunen kontzeptuarekin; komun horiek oso modu ezberdinetara antolatzen zituzten, baina, azken batean, lankidetzan eta baliabideen kudeaketa eta erabilera kolektiboan oinarritzen ziren guztiak, eta ikuspegi ez-komertzial batetik ikusten zituzten ondasunak, aberastasun naturalak eta pertsonek sortutako aberastasuna. Ondorioz, garrantzitsua da komunen ideia finko eta itxi bat ez izatea, eta, esan gabe doa, gaur egun aipatzen ditugun komun horiek ez dira iraganeko komunak, geuk sortu behar ditugu. Iraganetik ikasi beharreko kontu bakarra hauxe da: gizakiaren historiako garai gehienetan jendea ez dela estatu baten bueltan edo jabetza pribatuaren inguruan antolatu, behetik sortutako lankidetza-ereduen arabera baizik. Hori ulertzea oso garrantzitsua da.
Hainbat dimentsiok egiten dute bat komunen kontzeptuan. Ondasun material hutsaren dimentsioa daukagu batetik, eta dagokion jardueraren izaera ez-komertziala, bestetik, hau da, sortzen den aberastasunaren izaera ez-komertziala. Berriro diot komunen kontzeptu honetan harremanak direla gakoa, ez jendeak ondasun batzuk partekatzea. Berebiziko garrantzia du horrek: lankidetzak, elkartasunak…. Jakina, lana eta ondasunak modu komunalean antolatzen dituzunean, arau batzuk izan behar dituzu. Horregatik, beti esaten dugu ez dagoela komunik komunitaterik gabe eta muga jakin batzuk finkatzen dituzten araurik gabe, eta hori guztia kolektiboki erabaki behar da. Beti bezala, kapitalismoaren barruan ere, komunari eta norbanakoari dagokionaren arteko harremanaz ari garenean, aberastasunaz ari garenean, jendeari erreproduzitzen ahalbidetzen dion ondasun motaz ari gara, ekoizpen- eta erreprodukzio-baliabideen jabetza kolektiboaz ari gara, beraz, baina horrek ez du esan nahi ezin duzunik zeure alkandoraren jabe izan, esate baterako.
Komunismoari buruz zabaldu zituzten iruzur eta mamu horiek guztiak, alegia jendeak ezingo zuela bere hortzetako eskuila propioa ere eduki, jendeak bizibidea ateratzeko baliabideak ez indibidualizatzeko eta ez pribatizatzeko kontua, eta erabakiok kolektiboki hartzeko kontua ezkutatu nahi zen berez. Baina nik irudikatzen dudan mundua, komunen mundua, sareen mundu bat da, ez entitate isolatu edo irla txikien mundu bat, trukaketa eta harreman zabal eta anitzak dituzten sare bat irudikatzen dut nik, jendeak erabakitakoan oinarritua, eta prozesuon gaineko kontrola pertsonen esku uzten duena.

Eskandalagarria da esatea abortuaren legea emakumeak babesteko onartzen dutela, guztiz misoginoa baita, kapitalak lan-indarra ekoizteko iturriak kontrolatzeko eskubidearen ikuspegitik pentsatua baitago guztiz. Zeharo hipokrita da munduko emakumeen erdia antzutzen ari diren bitartean, beste erdiari abortatzea edo beren gorputzaren gainean nolabaiteko kontrola izatea debekatzen dietelako.

«Can the subaltern speak?» [Hitz egin dezake subalternoak?], galdetzen zuen Spivakek. Nola gainditu dezakegu zapalduei ahotsa emateak dakarren kontraesana, horrek hierarkia-ariketa bat suposatzen duen aldetik, beharrezkoa, baina, subalternoak subjektu politiko bilaka daitezen, beren patua erabakitzeko gaitasun eta ahalmenarekin? Nola bihurtu dezakegu ardatz bertikal hori horizontal?
Egia esan behar badut, ez dut sekula ulertu Spivaken arazo hori, nire ustez subalternoak etengabe ari baitira hizketan, eta guk adi-adi entzuten diegu. 72 urte ditut eta 40 urte daramatzat mugimenduan, eta ikusi ditudan ideia interesgarri guztiak oinarriko mugimenduetatik etorri dira, benetan. Adibidez, etxeko lanetarako soldatez hitz egiten dugunean, nire ustez, azken 50 urteetako eraldaketa politiko eta teoriko garrantzitsuenetako bat borroka antikolonialistatik iritsi da. Borroka antikolonialistak inflexio-puntu bat suposatu zuen eta hor daude, halaber, nekazari afrikarrak beren eskaerak egiten eta borrokatzen. Eskaera eta borroka horiek landu eta teoria sofistikatuak ateratzen dira hortik, haiek egindakotik, Fanonen kasuan, adibidez. Baina bultzada nagusia nazioarteko lan-banaketa irauli zuten borroka horietatik etorri zen, lurrak eskatu zituzten, eta iraultza handia egin zuten nekazariek. Oinarriko mugimendu horietan oinarrituta garatzen dituzte gero beren ideiak intelektualek.
Wages for Housework [etxeko lanetarako soldata] mugimenduaren eta mugimendu feministaren historiari so eginez gero argi eta garbi ikusten da hori, AEBren kasuan behintzat. AEBko mugimendu feminista esklabotzaren kontrako mugimenduaren ondoren abiatu zen, bi borroken arteko lotura ikusi zutelako, beren buruaren egoera esklabotzaren ikuspegitik aztertzen hasi ziren, beste ezaugarri batzuekin noski. Eta hortik halako boteretze-sentipen bat garatu zuten, eta lehen pausoak ematera ausartu ziren. Bestetik, Wages For Housework gizarte-laguntzatik bizi ziren emakumeen borrokak hauspotuta sortu zen —nahiz eta AEBn gizarte-laguntza jasotzen zuten emakume gehienak zuriak ziren, benetan borrokatzen zirenak, 60ko hamarkadan sortutako Welfare Mothers Movementekoak ziren (gizarte-laguntzatik bizi diren amen mugimendua) eta emakume haiek gehienak beltzak ziren—, eta Black Power mugimenduaren eta eskubide zibilen aldeko mugimenduaren ekarpenak ere bereganatu zituzten. Estatuarekin negoziatzen hasi ziren eta gizarte-laguntza eraldatu zuten, hasi ziren aldarrikatzen gizarte-laguntza ez dela karitatea, umeak zaintzea lana dela. Eta guk Welfare Mothers Movementi buruzko gure eztabaidetan beti aipatzen ditugun teoriak formulatzen hasi ziren. Beraz, niri iruditzen zait haiek izan zirela guri ahotsa eman zigutenak, ez guk haiei. Nik horrela bizi izan dut, behintzat.
Esklabotzaz ari garela, zer esango zenuke gaur egungo soldatapeko pobreziaren funtzioaz edo Barbara Ehrenreichek Nickel and Dimed eta Bait and Switch liburuetan aztertu zuen langile-klase landun baina pobreaz? Izan ere, fenomeno hori modu argian kontrajartzen zaio lan-merkatuaren bitartez emantzipazioa lortzeko ilusioari, emakumeei esklabotza bikoitza ezartzeko, eta, horrela, emakumeak aiseago kontrolatzeko tresna baita berez.
Erabat. Nik militatzen dudan mugimendua (Wages for Housework) ilusio horren kontra borrokatu da beti, soldatapeko lana emantzipatzeko bidea balitz gizonak emantzipatuta baileudeke honezkero, eta ez lirateke esplotatuta egongo. Logika horren arabera onartu beharko genuke gizonak ez daudela esplotatuta. Eta, bai, estrategikoki onartzen ditugu soldatapeko enpleguak, behar bat daukagulako, baina soldatapeko enplegua estrategia politiko bilakatzea sekulako hanka-sartzea izan da. Hasteko, kapitalismoaren benetako izaera ezkutatzen duelako, eta ezkutatzen duelako soldataren funtzioa zein den eta oso tresna arriskutsua dela. Akaso soldata bat behar dugu, baina tentu handiz ibili behar dugu, klase kapitalistak jendea banatzeko erabili duelako soldata. Soldata horren bidez, erreprodukzio-esparru osoa ez da aintzat hartzen eta ez dugu ikusten erreprodukzio-lanari esker mantentzen dela esplotazio-sistema osoa. AEBn orain ari gara ikusten, 30 urte geroago, emakumeen %60 soldatapeko lanean ari direla, baina etengabeko krisian murgilduta bizi direla, beren lan-zama bikoitza delako, eta ikusten dugu erreprodukzioaren esparruak krisian murgilduta jarraitzen duela: helduen zaintza dela, umeen zaintza dela, emakumeek lan-zama ikaragarria dute, eta horren ondorioz, haiek dira depresioaren kontrako botika gehien hartzen dutenak. Suizidio-saiakerak ere etengabe ari dira ugaritzen. Erreprodukzio-laneko esparru guztiak krisi bizian murgilduta daude gaur egun. Emakumeek bi eta hiru lan-txanda egiten dituzte, batzuetan hiru lan behar dituzte, eta emakume horiek sandwich baten modura bizi dira umeak zaintzen, helduak zaintzen, soldatapeko lan bat egiten… Imajinatu horrelako bizitza bat! Emakume pila bat ezagutzen dut fronte horietan guztietan lanean, depresioaren kontrako botikak hartu behar dituztenak, haien bizitza ez baita…
Bizitzea merezi duen bizitza bat?
Hori da. AEBn erreprodukziorako laguntza guztiak murrizten ari dira. Amatasun baja ere ez daukagu. Munduko herrialde guztietan dago amatasun-baja AEBn eta beste bitan izan ezik. Eta aztertzekoa da, halaber, 70eko hamarkadan soldatapeko lana emantzipazioarekin lotzeak zer eragin izan duen. Izan ere, soldatapeko gizon asko eta asko lanari bizkarra ematen hasi ziren uneantxe. emakumeak eta feministak soldatapeko lana emakumeen emantzipazio-tresnatzat ikusten hasi ziren, eta kontua da, emakumeak lan-merkatuan murgiltzen hasi zirenean, orduantxe hasi zirela prestazio guztiak kentzen, eta garai batean lantokiak eman zezakeen segurtasuna eta nolabaiteko babesa ezabatzen; hortaz, lan-merkatuan sartu ginen hura desmantelatzen hasi ziren unean. Ez genuen hori ikusi, ez ginen konturatu berrantolaketa hori gertatzen ari zela, ez genuen gure borroka ikusi soldatapeko langileen borrokaren jarraipen gisa. Sekulako akats estrategikoa izan zen hori, eta haren ondorioak ordaintzen ari gara oraindik.
Zer pentsatzen duzu lanaren glorifikazioaz, eta Hannah Arendtek The Human Conditionen dioenaz, alegia, desira, sentimenduak eta jarduera ez-produktiboak baztertzeaz kaltegarriak direlakoan? Lafarguek Alferra izateko eskubidea liburuan proposatutakoa bide egokia izan liteke glorifikazio horri aurre egin, eta emakumeok denbora libre gehiago izan genezan?
Lafargue bera alfer hutsa zen eta bere emazteak berak baino hamar bider gehiago lan egiten zuen harentzat. Emaztea oso gazte hil zen eta Lafarguek aldiz ez zuen sekula kolperik jo. Nik ez nuke alferra izateko eskubideaz hitz egingo, jarduera kreatiboak lantzeko eskubideaz baizik. Izan ere, kapitalismoaren krimen handienetako bat izan da berez oso kreatiboak izan zitezkeen jarduera batzuk eginkizun zeharo aspergarri eta monotonoak bihurtzea, mendekotasun-baldintza negargarrietan egiten direnak. Hortaz, nire ustez, mota guztietako jarduerak berreskuratu behar ditugu, eta geure burua modu ez-alienatzailean, bai indibidualki bai kolektiboki, erreproduzitzeko ahalmena berreskuratu behar dugu. Hori ikusi nahi nuke.
Hitz egin dezagun abortuaz orain. Espainiako estatuan abortu-eskubidea murriztu dute berriki, «kontzebitua eta emakume haurduna babesteko legea» delakoaren bidez, nahiz eta, nire ustez, aproposagoa litzatekeen «lan-indar kapitalista babesteko legea» deitzea. Izenak berak erakusten du horren atzean zer dagoen: emakumeak lan-indarra erreproduzitzeko tresna direla eta hortik dator, beraz, lan-indar hori babestu beharra. Lege horrek geure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea kentzen digu emakumeoi, nazionalizatu egiten du geure gorputza, zerbitzu publiko gehienak pribatizatzen ari diren garai historikoan, hain zuzen ere. Horrela, erreprodukzio soziala Estatuaren kontrolpean gelditzen da.
Erabat ados nago irakurketa horrekin. Hipokresia hain da nabarmena. Eskandalagarria da esatea lege hau emakumeak babesteko onartzen dutela, guztiz misoginoa baita, kapitalak lan-indarra ekoizteko iturriak kontrolatzeko eskubidearen ikuspegitik pentsatua baitago guztiz. Zeharo hipokrita da munduko emakumeen erdia antzutzen ari diren bitartean, beste erdiari abortatzea edo beren gorputzaren gainean nolabaiteko kontrola izatea debekatzen dietelako. Argi geratzen da gakoa ez dela bizitza babestea, emakumeen gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea berentzako nahi dute. Emakumeen gorputzak ikusten dituzte ekoizpenerako tresna bezala, eta beraiek erabaki nahi dute ea zenbat ekoizten diren, non, zer kalitaterekin, eta zer baldintzatan. Orduan, ikusten duzu Indian emakumeak antzutzen ari den jende hori bera ari dela beste emakume batzuei abortatzeko eskubidea kentzen, eta uste dut hori gogoan izatea oso garrantzitsua dela, kapitalismoaren historia osoan ikusi dugulako Estatuak bortizki esku hartu duela uteroaren kontrolean, gorputzaren kontrolean. AEBko adibide bat aipatu nahi nuke, hipokresia hau ederki islatzen baitu. AEB ez da kezkatzen droneek hildako umeengatik, ez dira kezkatzen munduko ondasunak bereganatzeko antolatu dituzten hamaika gerratan hildako umeengatik, ez dira kezkatzen guraso langabeen umeengatik, edo soldatak %30 murrizten dituztenean Espainiako estatuan edo Grezian gertatu den bezala. Kasu horietan umeen babesa desagertu egiten da, bizitzaren babesa desagertu egiten da, jendea etxerik gabe gelditzen da eta gure galdera da: uteroan amaitzen al da bizitzaren babesa? Gaur egun aplikatzen ari diren politikei begiratuta, ondorio horretara iristen gara.

Gizonak zergatik ez dira emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra borrokatzen, fronte guztietan? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak. 

Sorgin-ehizaren garaian terrorea tresna nagusi bat izan zen emakumeak otzantzeko. Gaur egun, baliabide sotilagoak daude, edertasunaren mitoa eta maitasun erromantikoaren mitoa, esate baterako. Horien bidez, emakumeek modu boluntarioan onartzen dute gizarteak esleitzen dien posizio subalternoa.
Iruditzen zait mugimendu feministaren ekarpen handienetako bat izan dela edertasunaren kontzeptua desmitifikatzea, eta erakustea emakumeentzat edertasuna ez dela aukera bat, ez dela sormena garatzeko une bat, zure gorputza apaintzekoa-edo. Potentzialki izan zitekeen hori, baina egiatan gure lanegunaren zati bat da, sexualitatea den moduan, soldatapeko langilearen erreprodukzio-prozesu orokorraren parte den aldetik. Ez duzu soilik janaria prestatu behar, amodioa egin behar duzu, plazera eman etab. etab. Kontratu ezkutu orokor horren parte da edertasuna, eta, horrexegatik, emakumeon eta gure gorputzaren arteko harremana oso alienatzailea izan da: ezkontza-merkatuan sartzeko bide bat izan da edertasuna, eta gure gorputzarekiko harreman erabat alienatzailea sortu du, dietekin, makillajearekin eta kontu horiekin guztiekin. Gaur egun, egoera are latzagoa da, zoritxarrez, esparru honetan emakume gazteek ez dutelako segitu guk abiatu genuen borroka. Gu oso harro geunden gure gorputz ez-zainduetaz, oso harro geunden hanketan eta besapeetan ilea izateaz, eta orain emakume gazteagoekin hitz egiten dudanean esaten didatenez ez lirateke inola ere kalera aterako besape iletsuekin, eta kontatzen dizkidaten istorioak pentsaezinak lirateke gure garaian. Hortaz, erabateko kolonizazio bat gertatu da, ederra izateko betebeharra etxeko lanen diziplinaren barruan sartzen da, eta gizonekiko harremanak dakarren diziplina gehitzen zaio horri.
Maitasun erromantikoa tranpa izugarria izan da, jakina. Maitasun erromantikoak esan nahi duelako bat bilakatzen zarela, oinarritzen da zeure burua bestearenean disolbatzeko ideian, baina azkenean gizonarengan desagertzen zara. Bat bilakatze hori egiatan da emakumea disolbatzea ustezko batasun batean, baina batasun hori hierarkia bat da funtsean. Edonola ere, maitasun erromantikoa krisian dago, AEBn behintzat aldaketak gertatu dira alor horretan, ez dakit Europan ere horrela izan den. AEBn, oraintxe bertan, emakume gazteak nahastuta daude, maitasun erromantikoa baino zalantzak dira nagusi haien artean, neska gazteek ez dakite maitasunak zer rol jokatu behar duen. Norbanakoak izan behar dutela uste dute, horrela interpretatu dute feminismoa: bere lanean buru-belarri murgildutako emakume arrakastatsuak izan behar dutela pentsatzen dute. Eta familia, maitasuna, lana eta hori guztia uztartzeko ideia ez da lehen bezain garrantzitsua haientzat. Desirak hor jarraitzen du, noski, baina desira hori gurean asko hedatu den beste irudi sozial baten mende gelditu da, eta maitasuna orain ez da gauzarik garrantzitsuena.
Uste dut patriarkatu mota berri baten aurrean gaudela, patriarkatu berri honek ez du emakumea etxeko andrea den aldetik glorifikatzen, ez du glorifikatzen aipatu ditugun rol horiek guztiak uztartzen dituen emakumea den aldetik (oreka lortzen ezinezkoa, bestalde). Azken batean, gizon soldatapekoaren lanarekin lotutako rolak lehenesten ditu, beste modu batera esanda, emakume ideala da %50ean gizon bilakatzen dena, bere bizitzaren %50ean gizona dena, eta beste %50ean, aldiz, emakumea. Gizona izan behar duzu lanean, baina aldi berean femeninoa ere izan behar duzu, ezin duzu %70 gizona izan. Ondorioz, emakumeei eskatzen zaizkien malabarismo horiek izugarri zailak dira, eta maitasunak hor hartzen duen tokia krisian dago. Horrela ikusten dut nik.
Zer uste duzu sindikatuez eta langileen borrokaz kapitalismoaren fase honetan, eskubiderik gabeko hainbeste langilerekin, langile eta ugazaben arteko harreman aldakorrekin, enpleguaren ziurgabetasunarekin… Sindikalgintza tradizionalak ba al du zentzurik eta nola egokitu daiteke emakumeen, eskubiderik gabeko migranteen, langabetuen… mesedetara jarduteko?
Nire ustez, langileen antolakundeak oro berrasmatu eta birsortu beharra dago, sindikalgintza oso lotuta baitago kapitalismoaren premiekin, eta beti-beti ez baina gehien-gehienetan ez dute askorako balio, edo oztopo ere bilakatzen dira langileentzat. Aspaldi honetan berri ugari iritsi zait gai horren harira AEBn izandako zenbait gertakariren inguruan: AEBko zenbait sektoretan langileak fabriketatik masiboki bota dituzte, eta sindikatuek ez dute ezer egin, botatako langileek langile izateari uzten dietelako. Hori adibide bat baino ez da, baina azken hogei urteetan sindikatuak lantegien desmantelamendua kudeatzen aritu dira, horren kontra borrokatu beharrean. Langile-antolakunde berrietan pentsatzen dugunean, badugu zer ikasia 40ko hamarkada aurretiko sindikatuen funtzionamendutik. Garai hartan Estatuaren eta sindikatuen eta langile-klasearen arteko harremanak aldatzen hasi ziren, batez ere AEBn, New Dealarekin eta. 20ko hamarkadan mugimendu sindikala zegoen eta langile-antolakundeak, baina ez ziren lantokiaz arduratzen soilik. Adibidez, enpresaren batean borroka bat bazegoen komunitate osoak hartzen zuen parte, eta langile-antolakundeek ez zuten beren jarduna fabrikara mugatzen, beste kontu batzuez ere arduratzen ziren: lan-istripuez, komunitateaz, etxebizitzaz, etab. Komunitatearen eta fabrikaren arteko jarraikortasun hori oso indartsua zen. Adibidez, fabrika bateko edo bulego bateko langileek greba egiten zutenean jende guztia mobilizatzen zen, eta horrek berebiziko boterea suposatzen zuen. Hori dena galdu da. Sindikatuak negoziazio kolektiboaren parteetako bat besterik ez dira gero eta gehiago, eta negoziazio horrek botere puska bat suposatzen badu ere, izan duen bilakaeragatik boteregabetzea ere ekarri du, langileak guztiz bereizita gelditu direlako komunitatearen babesetik. Hortaz, uste dut historia hori berrikusi eta bestelako langile-antolakundeak irudikatu behar ditugula. Sindikatuak ez bezala, langile-antolakundeak ez dira lan-indarraren prezioa negoziatzera mugatzen, kapitalismotik haragoko ikuspegia dute. Sindikatuek, ordea, ez dutenez inoiz kapitalismotik haragoko ikuspegirik izan, etorkizun kapitalistaren barruan guztiz menderatuta daude gaur egun.
Azaldu zenezake Marxi egiten diozun kritika, emakumeen erreprodukzio-lana aipatu ez zuelako, eta bereziki, nolaz ez zen jabetu lan horren garrantziaz?
Hau gai guztiz garrantzitsua da, Marxek oso gutxitan aipatzen baitu erreprodukzio-lana. Kapitala goitik behera irakurriz gero kasu bakan batzuetan baino ez da mintzo etxeko lanez: AEBko Gerra Zibilaz ari zela bere esaldi ezaguna bota zuen: beharrezkoa izan zen gerra bat AEBn, Ingalaterrarako kotoi-inportazioa etenarazi zuena, eta, ondorioz, Ingalaterrako fabrikak itxiarazi zituena, bertako emakume langileak etxeko lanetara itzultzeko. Esan zuen beharrezkoa izan zela gerra bat Ingalaterrako emakumeek etxeko lanei buruz zertxobait ikas zezaten berriro. Hortaz, ez zuen sekula gaiaz askorik hitz egin, eta langile klaseak bere burua nola erreproduzitzen duen hizpide hartzen duenean, lan-indarra erreproduzitzeko prozesuaz diharduenean, onartzen du eskulana ez dela berez emanda datorren zerbait, eskulana ekoitzi egin behar dela, eta hori oso aipamen garrantzitsua da inondik ere, baina lan-indarraren ekoizpena eta erreprodukzioa soldatapeko eskulanaren barruan kokatzen du beti: langileak bere soldata jasotzen du, soldata horrekin jatekoa, etxea, arropak erosten ditu… eta prozesu horretan ez da beste lanik sartzen.
Zergatik ez zen horretaz jabetu Marx? Bi azalpen ditut. Batetik, azalpen eskuzabalena: Marx Kapitala idazten ari zenean, erreprodukzio-lan gehiena oinarri-oinarrizkoa zen, langile klaseko familietako emakume, gizon eta ume gehienak fabriketan ari ziren lanean egunsentitik gauera arte, eta, ondorioz, erreprodukzio-lanaren esparrua oso mugatua zen. Egia esatera, erreprodukzio-lanak XIX. mendearen amaiera aldera hasi ziren hedatzen, umeen eta emakumeen fabrikako lana murrizten zuen Factory Act legea onartu zenean. Beraz, Marx bere obra nagusia idazten ari zen bitartean erreprodukzio-lanak ez zuen halako pisu handirik. Dena dela, uste dut arrazoi garrantzitsuena Marxen ikuspegia bera zela: teknologian sinesten zuen eta pentsatzen zuen gizarte komunista bat sortzeko eta iraultza egiteko industrializazio-prozesu handi bat behar zela, masa-industria faktore material garrantzitsu bat izango zela langile-klasearen askapenerako, eta horrenbestez, Marxek buruan zuen lan-eredua eredu industrial bat zen, eta, beraz, haren ustez etxearen antolakuntza eta erreprodukzio-lanak gaindituta geldituko ziren etorkizuneko gizartean. Industrializazioa, lan industriala eta industria bera eskulana esplotatzailea ez izateko moduan nola aplikatu zitekeen ikertu zuen. Etxeko lanek ez zioten inolako interesik pizten. Eta naturalizatu egin zuen: bere aurreiritzi maskulinoak zeuzkan Marxek, eta lan mota hori naturaltzat hartzen zuen.
Hortaz, gaur egun, zer mezu bidaliko zenieke gurekin borrokan ari diren gizonei, bai baitirudi gauzak ez direla sekula aldatzen, eta kontraesan berberarekin gaudela denbora guztian, hau da, gu gizonezko militantziakideekin batera borrokatzen gara, baina beraiek ez dute ikuspuntu feminista beren borrokan txertatzen.
Esango nieke gure borroka saboteatzen ari direla, bi arrazoirengatik. Hasteko, emakumeak erreprodukzio-lanekin itota bizi direnez, gizateriaren puska handi bat ezin da borrokara lotu. Ama eta amona gaixo badituzu eta haiek zaindu behar badituzu, edo umeez arduratu behar baduzu, eta gainera lan bat badaukazu, ezin zara manifestazioetara joan, ezin zara bileretara joan, inolaz ere. Bigarrenik, beharrezko dugu gizonezkoak ere emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra, misoginiaren kontra, Estatuak emakumeen gorputzei egindako erasoen kontra… borrokatzea. Gizonak zergatik ez dira emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra borrokatzen, fronte guztietan? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak. Egiten ez badute, borroka saboteatzen ari dira. Beren borroka propioa hondatzen ari dira, saboteatzen, zeren eta, emakumeen kontrako hainbeste bortizkeria onartzen duen mugimendu batek ezin izango baitu borroka irabazi, ezin izango zaio kapitalismoari gailendu. Kapitalistek ez dute poliziarik behar, emakumeak egurtzen, erasotzen, umiliatzen dituzten gizonak izanda, energiaz eta autoestimuaz gabetzerainoko moduan tratatzen dituzten gizonak izanda. Hortaz, gizonek arazo horri aurre egiten ez badiote, ezingo dira kexatu borrokak aurrera egiten ez duelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario