ZILBORKERIAREN LABIRINTOAN

ZILBORKERIAREN LABIRINTOAN
Duela zenbait egun garaiotan bizi dugun egoera tamalgarriaren eredu ezin argigarriagoa aurkitu nuen Oaca atari libertarioan, “Beganismoaren mitoa” izenekoa. Ez zen testu berria, 2013koa baizik, baina gauzak ez ziren lar aldatuko ordutik hona, okerrerako ez bada. Gertakari horri zilborkeriaren labirintoa deitzea otu zait.
Artikuluak beganismoaren aurkako artilleria guztia atera zuen, korronte horren kontraesanak eta eskastasun ideologikoa agerian uzteko, ez oso modu lagunkoian. Asmoen iragarpena hasieran zegoen jarrita: <<Testu txiki honek ez du zalantzan jarriko filosofia beganoaren ideia eta balioen irrazionaltasuna. Oraingoan beganismoa Gizarte Teknoindustrialaren mito bat dela eta egiazko Animalien Askapena ulertzeko eta haren alde jarduteko oztopo bat dela frogatuko dugu>>. Irrazionaltasuna frogatzea, beraz, beste baterako geratzen zen, eta oin-oharrean argi uzten zuten beganismo horretan mota guztiak biltzen zituztela, beganismo burgesetik anarkobeganismora, zalantzarik gera ez zedin.
Ez naiz beganoa, maiz eman dizkiot bueltak teoria beganoari eta, zenbat eta gehiago pentsatu, gutxiago konbentzitu nau, baina esan behar dut miretsi egiten dudala nire lagun beganoek izan ohi duten autodiziplina, aitortu behar baita egungo gizartean, are gehiago hiri erraldoi batean, mirariak egin behar direla euren buruari ezarri dizkioten arauak bete ahal izateko. Askatasun eta fede osoz egiten dute eta, beraz, nire errespetu osoa dute, niri ere pentsaera eta jardunbide berberak ezarri nahi ez dizkidaten heinean.
Ez naiz sartuko beganismoaren aurkako artikuluak darabiltzan argudioetan, haietako batzuekin bat nator, eta beganoa ez izateko arrazoietako batzuk dira. Kezka iturrietako bat, ordea, anarkiston artean gero eta zabalduago dagoen tonua da. Gero eta gehiago ematen dugu sekta bateko azpi-sektetako predikariak, nor bere egia errebelatuaren jabe, eta beste azpi-sektak etsai nagusi bihurtuta. Egia esan, askoz errazagoa da egia errebelatuen eremuan mugitzea, etsaitzat gizartean ahuntzaren gauerdiko eztula diren beste talde txikiak hartzea eta energiak haiek zafratzen erabiltzea, sistema deuseztatzeko zerbait eraginkorra egiteko bideak elkarrekin bilatzea baino.
Baina testuaren eldarnioak azken paragrafoan jo du gorena: <<Horrek guztiak, euren kontzientzia nolabait tronpatu eta lasaitu baino ez du egingo, baina egiatan ez du ezer egingo animalien erreinuaren etxekotze eta esplotazio sistematikoari erasotzeko. Eta askoz gutxiago egingo du Natura Basatiaren etxekotze, suntsipen eta artifizialtze sistematikoaren aurkako ezer. Teoria eta praktika beganoak dakarren iruzur irrazionalaren aurrean, honakoa erabaki dugu guk: alferreko kontsumoari uko egitea, ekoitzitako materialak berrerabiltzea eta Sistema Teknologikoaren menpeko izateari uztea, geure bizimodu autarkikoa garatuz, kaiola zibilizatuaren balioetatik urrun eta gure Banako Askatasunetik eta Natura Basatitik ahalik eta gertuen>>. Alegia, beganoek euren kontzientzia tronpatzen dute animalia produktuak kontsumitzeari utziz animalien alde ezer egiten dutela uste dutenean, eta horrela euren burua lasaitu besterik ez dute egiten. Egiaren eta egiazko praktikaren jabe diren teknologiaren etsai amorratu hauek, ordea, ez dute euren burua tronpatzen halako aldarrikapen sutsua ordenagailu batean idatzi eta Interneten bidez zabaltzen dutenean. Ez, haiek uko egin diote Sistema Teknologikoari, eta horrexegatik, tam-tamen soinu urrunen bitartez iristen zaizkigu haien mezu naturalak. Autarkikoak dira, eta kaiola zibilizatutik urrun bizi dira, alferreko kontsumoari uko egiten diotenean. Adi, alferreko kontsumoari, oso garrantzitsua da “alferreko” hori, aukera ematen duelako Sistema Teknologikotik eta kaiola zibilizatutik hartu behar duzun guztia zuritu ahal izateko, haiek kontsumitzen duten guztia ez baita alferrekoa. Gainera, ekoitzitako materialak berrerabiltzen dituzte. Hots, guztiz autonomoak dira, Sistema Teknologikoak eta kaiola zibilizatuak haiek behar dituzten produktuak ekoiztea baino ez dute behar, gero, sistema eta kaiola horietako presoek produktu horiek zakarrontzira botatzea erabakitzen dutenean, haiek, euren buruaren oso jabe, eskura eta berrerabil ditzaten. Horrela natura basatitik “ahalik” eta gertuen bizi dira. “Ahalik” hori ere ez dago debalde hor, aukera ematen duelako “kaiola zibilizatutik” hainbeste ez urruntzeko, “ahal dena” doi-doi. Baina noski, zer espero daiteke teoriaren azpian dauden mantra nagusiak aspaldiko mitoak direnean, hala nola “banako askatasuna” eta “natura basatia”. Mito horiek Iluminismotik datoz, eta indibidualismoa egungo Kapitalismoaren fasearen balio nagusia da. Nor bere garaien kumea baino ez da. Agian ez zaie otu banako askatasunez eta natura basatiaren bidez, hots, gizarterik gabe, gizakia ez dela gizaki. Gizakia, uteroan dagoen unetik beretik, gizartean bizi dela. Gizaki orok, eta batez ere ideia ilustratuak dituztenek, hala nola teknologiaren etsai hauek, gizarteari eta “zibilizazioari” esker garatzen dituela garatzen dituen ideiak. Hizkuntza, ideologia -hala nola anarkismoa eta sistema teknoindustrialaren aurkako teoriak-, gizartea kritikatzeko gaitasuna bera, giza ekoizpen oro, jendartean baino ezin direla garatu, natura basatitik kanpo. Gizakiok gertuen daukagun natura basatia etxekotu dugulako daukatela aukera euren ideiak Interneten bidez barreiatzeko. Gizaki basatiaren mito ilustratua baino ez zen falta.
Baina kezkagarriena da testu hori egungo estilo oso errotu baten adibide bat baino ez dela. Uste dut kritika, elkarri zein geure buruari egiten dioguna, aberasgarria eta beharrezkoa dela beti. Baina ildo anarkisten artean -beste ideologia batzuetan ere bai, baina haiek ez naute hainbeste kezkatzen- ohitura bihurtu da, beste ildoetan ikusten diren gabeziak eta beste ildoek norberarenean ikusten dituztenak adiskidetasunez eztabaidatu beharrean, norberarena aukera on eta koherente bakartzat hartzea. Ghettoa ghettoaren barruan, nor bere zilborraren labirintoan. Eta horrela, oso erraz egiten dizkiogu gauzak sistemari, autokonplazentzia osoz.
Argi dago beganismoan kontraesanak daudela, argi dago testu hori idatzi dutenen artean kontraesan izugarriak daudela, argi daukat nire ideien eta jardunbideen artean kontraesan ez txikiagoak ere badaudela. Horrexegatik, nik behintzat, nahiago dut anarkistek -eta anarkista izan gabe gizarte hau benetan irauli nahi duen orok- zerbaitetan jardutea, esperimentatzea, okertzea, euren adimenak adierazten dien bideari jarraitzea, bidea zuzentzea, berriz ekitea…, ezer egin gabe egotea baino. Eta egiten dituzten horietan, nire ustez egokiak eta okerrak direnak ikus ditzaket, baita adierazi ere, nire kritikek zerbaitetarako balioko dietela uste badut. Eta nik egiten ditudanetan beste batzuen ustez egokiak eta okerrak direnak entzungo ditut, eta hausnartzeko eta agian hobetzeko bidea emango didate. Nire ideiak ez direlako fede bat, ez direlako erlijio berria, ez direlako ideia bukatuak, akatsik gabeak. Nire burua mugatua delako, ez dudalako dena ulertzen, eta batez ere ez daukadalako gaitasunik nahi nukeen herena ere egiteko nahi nukeen moduan. Eta seguru nagoelako beste bide batzuk arakatzen eta bizitzen ari direnak ez direla ni baino ergelagoak, haiek ere hausnarketa luzeen ostean erabaki dutela euren bizitza mugatuan hori dela egin dezaketena, edo baleko aukera bat, behintzat, egin ditzaketen guztietatik.
Horregatik, ez nuke ezer artikulu horren egileek dauzkaten ideien eta jardunbideen aurka, seguruenik haiek ere hausnarketa luzeen ondoren iritsi dira haietara eta, bistan denez, munduko onenak eta koherenteenak direla uste dute. Ez dira haien ideiak eta jardunbideak mahai gainean jarri nahi ditudanak, artikuluaren tonua baizik, maiz gertatzen denez/zaigunez, jaurtitzen ditugun harriak erraz itzul daitezkeelako gure teilatura. Ez da gauza bera ideia edo jardunbide batzuk, demagun, kasu honetan, beganoenak edo sistema teknologikoaren etsaienak, kritikatzea kritikatuek gure iritziak hartu eta euren hausnarketetan sar ditzaketelakoan, eta gure bideari jarraitzen ez diotenei eraso egitea, kritikatzen ditugun kontraesan berberetan jausiz. Bide batek zubiak eraikitzen ditu, besteak lubakiak eraikiarazi baino ez. Zoritxarrez, estimatzen dudan jendeak ere bere ideiak adierazteko estiloan maiz egiten duen zerbait, bestalde; neuk ere bai, beharbada.
Dena dela, uste dut, eta hala izatea nahi nuke, gure garaiotako moda bat, banakoikeria sistemikoaren zantzu iragankor bat direla anarkismoan ugaldu diren halako korronteak eta halako erretorikak. Anarkistok gizartean jaio, hazi, hezi eta bizi gara, eta gutako askoren desira, behintzat, egunen batean bestelako gizarte batean bizitzea da. Eta amesten dugun gizarte horrek ere bere kontraesanak izango ditu, zer zuzendu izango du beti, eta gure auzoan biziko diren guztiak ez ditugu berdin maiteko, gehienek ez dute gutako bakoitza bezala pentsatuko, ez ditu bizitzan asmo eta amets berberak izango, ez gara elkarren klonak izango…, baina haiekin guztiekin osatu beharko dugu gizartea, haiek guztiak direlako egiazko gizakiak, eta anarkismoaren xedea gizaki guztiak sartzen diren gizarte bat sortzea izan delako beti, ez gure “kontzientzia mailara” iritsi ez diren guztiak gutxiestea eta “egiara” iritsi direnekin baino ez bizitzea.
Bitartean, nork bere sendabelarrak, bere autojustifikazioak bilatuko ditu, bere bidea bakarra dela pentsatzeko, bere ideiaren inguruan erlijio berria eraikitzeko, egiaren jabe bakar. Askoz errazagoa delako besteen kontraesanak ikustea eta kontraesan horiengatik besteen gainetik sentitzea ezdeus sentiarazten gaituen gizarte eredu indibidualista honetan.
[ Asel Luzarragaren webgunetik hartua ]

No hay comentarios:

Publicar un comentario