Eztabaida terminologikoa baino askoz ere gehiago
Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Asier Genua, amnistiaren aldeko militantea
Irailak 11an, estropaden bigarren igandean egongo diren bi manifestazioren harira irakurritako hainbat iritzik etsipenez bete ninduten, eta amnistiaren kontzeptu politiko osoa berriz, eta behar den adina azaltzeko beharra sentitu nuen.
“Bi manifestazio leku eta ordu berean, gauza berbera eskatzen”: amnistia, alegia. Ba ez, ez da berdina eskatzen dena, hala balitz ez ginen egoera honetan aurkituko eta.
Amnistia jende gehienak presoak kartzeletatik ateratzea dela ulertzen du, baina ez da hori soilik. Hori amnistia zentzu juridikoan soilik ulertzea da, etsaiaren logikaren baitan. Guretzat, amnistia, bere zentzu politiko osoan, presoen baldintzarik gabeko irtetea, iheslarien buelta, eta espetxera edota deserrira eraman zituzten arrazoien gainditzea da. Hau da, presoen ateratzea eta arrazoi horiengatik preso gehiago egongo ez direla bermatzea. Garaipena, finean. Euskal Herri Langilearen kasuan, garaipen hori Euskal Herri Sozialista litzateke.
Azkenaldian, “Rufiren bideak” argi utzi du zer nahi duen euskal preso politikoengandik. Independentzia eta sozialismoa lortzeko fase iraultzailetik normalizazio politikoaren bidean aktibo independentista bihur daitezela, etsaiaren legalitatea onartuz eta gaur arte eramandako estrategia (estatuari zilegitasun oro ukatzearena) albo batera utziz. Rufik dio fase iraultzailea amaituta ez duela zentzurik presoek espetxeetan jarrera iraultzailea mantentzea, bahitu politiko moduan, eta estrategia berrira moldatzeko espetxeetan ere jarrera hori hartu behar dutela, edozein modutan espetxetik ahalik eta azkarren atera eta ahalik eta epe laburrenean espetxeak hustu daitezen.
Gainera, azkenaldian gero eta gehiago ikusten ari gara estrategia hau babestean “amnistiaren norabidean” ematen diren pausuak direla esaten dutenak. Urte batzuez hitz hori alboratu zuten, eta berriro ere ari dira erabiltzen, baina bere zentzu politikoa guztiz desitxuratzen dute. Amnistia dei diezaiokegu hemendik 40 urtera espetxeak hustutzeari? Etsaiaren legalitatearen baitan presoak etxera bueltatzeari?
Ezker Abertzaleak 1977ko amnistia legea arbuiatu zuen, presoak kalera irten, baina egiturazko zapalkuntzak berdin jarraitzen baitzuen, eta honen aurka borrokatu ziren asko kartzelera bueltatuko baitziren. Hau da, zapalkuntza bera gainditu gabe ezin zen benetako amnistiaz hitz egin, kartzelera eraman zituen militantzia hori oraindik beharrezkoa zelarik, zapalkuntzaren oinarriak aldatu ezean. Urtebete nahikoa izan zen Ezker Abertzaleak arrazoia zuela ikusteko, 1978an 102 baitziren Espainiako espetxeetan zeuden euskal preso politikoak. Argalak Arrigorriagako Amnistiaren Aldeko Komiteei esandako hura gogoan izan behar degu:
“Si hoy hay que luchar por la amnistía, también pienso que la amnistía no puede ser separada de un conjunto de medidas políticas que son las únicas que pueden hacerla efectiva (…) la amnistía no puede ser una medida aislada, sino el resultado de una lucha que ha llegado al éxito, que ha dado los frutos por los que ese desarrollaba.”
Batzuek diote eztabaida hau soilik “eztabaida terminologikoa” dela, beste batzuentzat egoskorkeria da, baina nire ustez analisi hauek oso sinplistak izateaz gain okertuta daude. Itxuraz termino baten inguruan izaten ari den eztabaida hau bi ildo politiko ezberdinen arteko talka da, beste hainbat esparrutan ere eman daitekeena, baina gaur egun Euskal Herrian amnistiaren esanahia izan da konfrontazio esparru nagusia.
Bi ildo hauek iraultza eta erreforma dira, etsaiaren logika juridikotik kanpo borrokatzea ala haren instituzioetatik “konfrontazio demokratikoa” aurrera eramatea. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Donostian egindako irakurketak zioen moduan:
“Bi garaipen besterik ez daude: Edo Euskal Herri Langileak duela 50 urte hasiriko borroka bururaino eramaten du, edo normalizazio politikoa deituriko etsaien bakean murgiltzen gara.”
Gaur egun ere, espainiar eta frantziar estatuen Euskal Herri Langilearen gaineko klase eta nazio zapalkuntzak berdin dirau, eta beraz, borrokatzeagatik espetxera joateko baldintzek ere berdin diraute. Hori dela eta egin behar degu borroka amnistiaren alde. Presoen kaleratzea, iheslarien buelta, eta preso eta iheslari politiko gehiago egongo ez direla bermatuko dituen independentzia eta sozialismoa.
Preso iraultzaileen askatasunaren bidean, eta Euskal Herria askatzearen bidean, euskal langileriari dagokigu ildo iraultzaile bat jarraituz Euskal Nazio Askapen Mugimendua berpiztea, hori izango baita Euskal Herriari eta bere alde dena emandako bere seme-alabei amnistia ekarriko diena, soilik garaipenak bermatuko baitu amnistia. Bakean bizi gaitezen, askatasunaren bakea nahi degu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario