Gorka Torre Gorka Torre naiz, 1974an Baionan sortua.
Nire gurasoek Ipar Euskal Herriko ikastolen hasieran eta garapenean lan oso handia luzaz egin dute. Beste hamar ikaskiderekin, Ipar Euskal Herrian ama eskolatik batxilergoraino ikasketak osoki ikastolan egin dituen lehen belaunaldikoa naiz. Batxilergotik landa ikastolen laguntzaile izan naiz, bereziki ikastetxeen eraikuntza lanetan. 1999 garren urteaz geroztik, Biziaren eta lurraren zientziak ikastolan irakasten ditut, 10 eta 15 urte tarteko ikasleei.
Hamasei urte inguru nituelarik, hezkuntzari buruzko interesa piztu zitzaidan eta geroztik gai honetan gogoeta etengabe sakondu dut.
2009 garren urtean, dozena bat lagun bildu ginen, dagoen hezkuntza sistemarekin (etxekoa, eskolakoa eta jendartekoa) bat ez gentozenak, eta “nolako hezkuntza sistema beharrezkoa ikusten dugu?” galderaren inguruan elkarrekin gogoetatzen hasi ginen. Gaur egun indarrean diren etxeko hezkuntza, eskolak, programa (curriculum) ofizialak, hezkuntzari lotutako legeak, jendartean zabalduak diren baloreak… tarte batez bazterturik, gure baitarik ondoko galderen inguruan hausnartzen hasi ginen: bizi honetan haurrekin zer bizi nahi dugu? Zer transmititu nahi diegu? Hainbat hilabetez hori gogoetatu ondoren, eztabaidak eskola alternatibo baten proiektua irudikatzera eraman gintuen. Ondotik, eskola alternatibo eredu franko aztertu genuen, irakurriz eta bisitak eginez. Hausnarketa segitu genuen antropologia, historia, ekonomia, politika eta beste hainbat arloetan egindako irakurketek aberasturik, eta horrek “eskola alternatibo” kontzeptua gainditzea eta “eskolari alternatiba” kontzeptura heltzera eraman gintuen. Azken honek, hezkuntza, problematika orokorrago batean, politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala, kokatzen du.
Bi urte eta erdiko hausnarketa teoriko honen ondotik, ideiak praktikara eramaten hasi ginen, beti ere gogoetak segituz. 2011 garren urtean, Ipar zein Hego Euskal Herriko hogei bat heldu eta haurren artean, Baxe Nafarroako Behauze herrian Bizi Toki espazio kolektiboa sortu genuen, non geroztik, funtsezkoak zaizkigun baloreen arabera jendarte proiektu eder bat eraikitzen dugun, non besteak beste, eskolari alternatiba bat bizitzen dugun (argibide gehiagorentzat Bizi Tokiri buruz, ikus www.bizitoki.org gunea).
[duela urte batzutako pertsona honen perfila Guraso `gurasoen premiak asetzeko´ webgunetik hartu diNat]
No hay comentarios:
Publicar un comentario