Munduan ezbeharren bat denean, pentsatu ohi dugu nola jokatuko
ote genuen guk protagonistak izatera edo jokatzeko boterea eduki
izatera. Boterea gure eskuetatik urrun-urrun dagoenez, gogoeta horiek
ameskeria hutsak besterik ez dira. Baina ameskeria hutsak izanda ere,
esan egingo dut nola jokatuko nuen Municheko gertakarietan jokatzeko
boterea izan banu.
Golda Meir izan banintz, askatu egingo nituen berrehun presoak,
gerrillariek eskatzen zuten moduan. Esaten dute sekula ez zaiola
xantaiari amore eman behar. Nire ustez, xantaia ere onartzeko modukoa
da, ezbehar komun handi bat izanez gero. Esaten dute berrehun presoek,
behin askatu ondoren, lehengoan jarraituko zutela, errugabeak
harrapatzen eta sarraskiak egiten. Baina, gure garaian, mundua hain dago
gaizki eraikirik, non baitezpadakoa den une oro erabakitzea nola
babestu geure burua eta nor babestu. Nire ustez, salbatu egin behar
genituen bederatzi bahitu haiek, bestelako gogoetak alde batera utzita.
Nire ustez, Golda Meir-ek berrehun presoak askatu izan balitu, irakaspen
bat emango zion munduari, ez ahuleziarena, baizik eta indarrarena. Edo,
besterik ez bada ere, sinestea zilegi den indar bakarrarena, irabazteaz
arduratu ez eta galtzeko prest dagoen indarrarena, zeina ez datzan
armetan, petrolioan edo harrotasunean baizik eta espirituan.
Alemaniako poliziaburua izan banintz, utziko nien gerrillariei
onik joaten, bederatzi bahituak berekin eramanez, egokien irizten zuten
lekura. Bederatzi bahituetako bat salbatzeko aukerarik mendreena izan
balitz, aukera hori ezinbestekotzat jo beharko genuen denok.
Olinpiadetako burua izan banintz, bertan behera utziko nituen
Olinpiadak, bistan denez, hura gertatutakoan ez baitzuten inolako
zentzurik.
Azkenik, estatuburua banintz, AEBei eskatuko nieke tropak
Vietnamdik ateratzeko. Dagoeneko eskatua izango nien, noski, baina orain
berriz eskatuko nieke. Ez dut uste Vietnamgo haurrak eta Israelgo
bederatzi bahituak desberdinak direnik. Haien arteko desberdintasun
bakarra da ohitu egin garela Vietnamgo haurrak hiltzen dituztela
jakitera, eta ohitu egin garela nola hiltzen dituzten ikustera ere,
begirik kliskatu gabe ikusi baititugu zineman eta telebistan. Dena dela,
izugarria da horretara ohitzea. Vietnamen gerra egotea eta, hala ere,
estadio olinpikoa bake-uharte modukotzat hartu nahi izatea ez zait
desberdintasun erabakigarria iruditzen. Ez da sinestekoa gurea bezalako
mundu batean oraindik bake-uharteak egon daitezkeenik. Gizakien patuak,
gaur den egunean, hain daude elkarren artean korapilaturik eta
katramilaturik, non munduko mutur bateko gerrak egunero hedatzen baititu
sarraskiekiko axolagabetasuna, ohitura eta familiaritatea. Orain bertan
AEBek tropak Vietnamdik aterako balituzte, bederatzi bahitu
israeldarrak ez ziren alferrik hil izango.
Gerrillariez gogoeta egitean, halako
izugarrikeria gizagabe bat sentitzen dut haiengatik. Halako
izugarrikeria gizagabea etsipen gizagabe batek baizik ezin dezake sor.
Etsipen gizagabearen bereizgarriak hautematen ditugunean, ohartzen gara
gure ohiko sentimenduak ezkutatzen direla gure espiritutik, eta jada ez
dugu sentitzen ez gorrotorik, ez sumindurarik, ez errukirik. Gure
espiritua harrizko bihurtzen da. Iruditzen zaigu harrizko basamortu bat
aurkitu dugula bidean, eta hor ez dela hazten gorrotorik, ez
sumindurarik, ez errukirik, zuhaitzik hazten ez den moduan. Halako
izugarrikeria gizagabea duten gerrillariez gogoeta egitean, une batez
haien antzeko bihurtzen gara, edo haiei buruz dugun ideiaren antzeko;
harrizko bihurtzen gara eta galtzen dugu espirituaren irismena. Geure
burua babestu beharko genuke halako izugarrikeria gizagabe batetik,
aberrazioa baita.
Gerrillariak agian gure etsipenaren azken muga izango dira,
zeina oraindik ez den gizagabea, errukia eta sumindura baitarizkio;
zeina oraindik ez den gizagabea eta aspalditik ohitu baikara harekin
bizitzen. Gerrillariak ulertzeko gakoa agian gure etsipenean bertan
datza. Ematen du gurea ez den mundu batetik etorriak direla. Halako
etsipen gizagabera eraman dituzten bideak ezin argituzkoak eta
gizagabeak iruditzen zaizkigu, beharbada egundo ez baititugu ezagutu,
eta ez baitugu ulertu zein desberdinak eta urrunak ziren eta zein
antzekoak eta hurbilak ziren geuk ibili ditugun bideekin alderatuta.
Gerrillariei buruz oso kontu gutxi dakigu, baina ondotxo dakigu
prest daudela beren eta besteen bizitzak noiznahi alferrik galtzeko.
Beren bizitzak alferrik galtzen dituztenean, ez dugu buruan izaten
kemena, eta besteen bizitzak alferrik galtzen dituztenean, ez dugu
buruan izaten ankerkeria. Horregatik iruditzen zaigu ahotsarekin lortu
ezin den indarra dutela. Ezin diegu eskatu errugabeei barka diezaieten.
Iruditzen zaigu haiek bizi diren leku gizagabe eta etsipenezkoetan jada
ez dela errudunik eta errugaberik, munduak galdurik baititu erruaren eta
inozentziaren koloreak; mundua bizigabea da eta hutsik dago eta kolore
bakarra du. Bertan, heriotza besterik ez dago, eta piltzar bat baino ez
den bizitza bat, keinu azkar batez bazter uzten dena, heriotza baino
hobea ez dela iritzita nonbait, eta, edozeinetara ere, kolore berekoa
dela.
Ni judua naiz. Juduei dagokien guztia zuzenean
dagokidala iruditzen zait beti. Aitaren aldetik baizik ez naiz judua,
baina beti pentsatu izan dut nire adar juduak besteak baino pisuagoa eta
tamaina handiagokoa behar zuela. Han edo hemen judua den pertsona
batekin topo egiten badut, sen hutsez iruditzen zait nola-halako
kidetasuna dudala harekin. Minutu baten buruan beharbada gorrotagarria
irudituko zait, baina isilpeko konplizitateko sentimendu batek irauten
du nigan. Nire izaeraren alde hori bitxia egiten zait eta ez dut batere
gustuko, erabat kontra baitago bizitza osoan beti pentsatu izan dudan
guztiarekin; nire ustez juduen artean ez baitago kidetasunik,
axal-axalekorik ez bada; nire ustez gizakiek gainditu behar baitituzte
beren jatorriaren mugak. Hori pentsatuta ere, judu batekin topo egiten
dudanean, ezin diot itzuri halako kidetasun-sentipen bitxi eta ilun bat
izateari.
Municheko sarraskiaren berri izan nuenean, zera pentsatu nuen,
ostera ere erailak zituztela nire odolekoak. Pentsatu nuen hamaika
gogoetaren erdian, baina pentsatu egin nuen. Hori pentsatzean,
mespretxua sentitu nuen neure buruarekiko, pentsamendu arbuiagarria
baitzen. Ez dut inondik inora uste juduen odola besteena ez bezalakoa
denik. Ez dut uste odol-desberdintasunik dagoenik.
Judua naiz eta heziketa burgesa jaso dut. Heziketa burges
horretan, ideia faltsu batzuk irakatsi dizkidate. Haurtzaroan, nonbait,
arnastuko nuen juduek eta burgesek eskubideak eta nagusitasuna zituztela
besteen gainean. Jakina, gure etxean sekula ez didate horrelakorik
esan; are gehiago, gizakien arteko berdintasuna irakatsi didate. Baina
nire heziketaren egituretan, nonbait, nagusitasunaren halako ideia bat
egongo zen. Bizitza osoa ematen dugu gure heziketaren bizioetatik
askatzeko borrokan, baina heziketaren bizioak gure espirituan geratzen
dira zizelkaturik, tatuajeak bezala. Gure helduaroan, denbora osoa
ematen dugu tatuaje horiek gure espiritutik garbitu nahian.
Israelgo juduei dagokienez, esango nuke noizbait pentsatu
dudala eskubideak eta nagusitasuna zituztela arabiarren gainean. Halako
batean, ideia hori higuingarria iruditu zitzaidan. Neure baitatik
erauzi, eta amorruz zapaldu nuen. Baina ohartu naiz urte eta urteetan
halako ideia higuingarri bat landua nuela neure baitan, landare bat
leiho-koskan nola. Neure baitatik erauzi eta zapaldu arren, ez nago
seguru-seguru ez ote zaizkidan kondar batzuk barrenean geratu
sakabanaturik. Gure ideia higuingarriek ahalmena dute gure barneko
paisaia zer-nolakoa den ulertarazteko. Ideia higuingarri bat lasai
ederrean hazten eta ugaltzen da, bere inguruan ezer itzalarazi gabe.
Hazi eta ugaltzen da, gure bulkadarik onenen ondoan, gure justizia- eta
berdintasun-egarriaren ondoan, horiek itzalarazi gabe, baina pixkanaka
eraldatuz, lasto bustiaren meta bihurtu arte.
Gure ideia higuingarriek ahalmena ere izan beharko lukete gure
etsaiak —edo gure etsaiak deitu ohi ditugunak— zer-nolakoak diren
ulertarazteko. Irakatsi beharko ligukete begiak besteen gainean
pausatzen tolerantziaz eta arreta handiz. Geure baitatik erauzi eta
zapaldu ondoren, oroimenean gorde behar ditugu, eta utzi behar diogu
pentsatzeari gu ontasun unibertsalaren seme-alabak garela.
Batzuetan pentsatu izan dut Israelgo juduek eskubideak eta
nagusitasuna zituztela besteen gainean, sarraski batetik bizirik atera
zirelako. Hori ez zen ideia higuingarri bat, baina akats bat zen. Gure
bizitzan ikusi eta jasan ditugun oinazeak eta errugabeen sarraskiek ez
digute inolako eskubiderik ematen besteen gainean, ezta inolako
nagusitasunik ere. Beldurraren zama bizkarrean eraman dutenek ez dute
eskubiderik hurkoa zapaltzeko diruarekin edo armekin, munduan ez baita
bizi eskubide hori duen arimarik.
Israelgo juduei dagokienez, zera gertatzen zait: baten batek
haien aurka hitz egiten badu, oldartu, eta irain ilun baten sentipena
izaten dut. Nire familia bera minduko balute bezala da. Baina baten
batek mirespenez eta debozioz hitz egiten badu, berehala sentitzen dut
ez natorrela bat sentimendu horiekin eta kontrako aldean nagoela.
Gerraren ondoren, Israelera zihoazen juduak maitatu eta haietaz
errukitu ginen, sarraski batetik bizirik atera, eta etxerik eduki ez,
eta nora joan ez zekitelakoan. Maitatu genituen haien oinazearen
oroitzapenak, haien hauskortasuna, ibilera alderraia eta lazeriek
makurtutako haien bizkarra. Izan ere, horiek dira gaur egun
gizakiarengan maite ditugun ezaugarriak. Ez geunden inola ere prest
haiek nazio boteretsu, oldarkor eta mendekatzaile bihurtuta ikusteko.
Espero genuen herrialde txiki, armagabe, bakartu bat izatea; haietako
bakoitzak gordetzea bere begitarte sotil, mingots, gogoetatsu eta
bakartia. Beharbada, ezin zitekeen. Baina eraldaketa hori gertatu ziren
kontu ikaragarrietako bat izan zen.
Baten batek Israeli buruz mirespenez hitz egiten duenean,
sentitzen dut kontrako aldean nagoela. Berandu beharbada, baina,
noizbait behar-eta, ulertu nuen arabiarrak nekazari eta artzain pobreak
zirela. Oso kontu gutxi dakit neure buruaz, baina seguru-seguru nago ez
dudala inola ere egon nahi nekazariak eta artzainak zapaltzeko armak,
dirua eta kultura erabiltzen dituztenen alde.
Senak hartaratzen gaitu alde batean edo bestean egotera. Egia
esan, gaur den egunean, agian ezinezkoa da alde batean edo bestean
egotea. Gizakiak eta herrialdeak azkar eta modu izugarrian eraldatzen
dira. Zilegi zaigun aukera bakarra da bidegabeki hiltzen direnen edo
sufritzen dutenen alde egotea. Esango didate aukera erraza dela, baina
beharbada hori da gure garaiak eskaintzen digun hautu bakarra.
1972ko irailaren 14a
Natalia Ginzburg, «Gli ebrei», in Vita immaginaria, edizio berria Domenico Scarparen eskutik, Collana Super ET, Turin, Einaudi, 2021, 109-113 or. [1969-1974 urteetan La Stampa eta Corriere della seran argitaratutako artikuluak biltzen ditu, eta argitaratu gabeko bat ere bai].