‘Goldman’ saria Eslovenian erraustegia geldi arazi duen baserritarrari
[Pello Zubiria Kamino] Gaur, apirilak 24, ingurumenaren defendatzaile nabarmenei ohore egiten dien ‘Goldman’ sari famatua eman diote Esloveniako laborari bati, hango porlan fabriketan zaborrak erretzearen kontra borrokatu den Uroš Macerl nekazariari.
Laborantza ekologikoan ari den Macerlek Eko Krog (Zirkulu Berdea) talde ekologista antolatu zuen, Lafarge-Holcim multinazionalak Trbovlje herrian daukan zementu fabrikari eragozteko ohiko erregaiez gain zaborrak kiskaltzea bere fabrikazio prozesuan. Porlan fabriketan hondakinak erretzea asko zabaldu den praktika da, enpresei erregai merkea eskuratzen dielako eta Europar Batasunaren diru-laguntza iruzurtiak eskuratzen dituztelako, balizko energia berriztagarria erabiltzen dutelakoan. Aldi berean, errausketa bereziki kutsagarria burutzen dute porlanetarako aitzakian.
Lafarge-Holcimek erosi zuenean Esloveniako usina zaharra, bertako agintarien diru-laguntza oparoak jaso zituzten. Hala ere, gaur 48 urte dituen Uroš Macerlek eta Eko Krog elkarteak biltzen dituen nekazari eta bestelako herritarrek aurre egin zieten, jendearen osasunari bezala baserrietako produktuei eragiten dion kalteagatik. Saria ezagutarazteko oharrean, Berta Caceres bezalako ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko militanteak saritzen dituen Goldman fundazioak dio: “Erraustegi-porlan fabrika itzali zenetik, eskualdeko airea nabarmen hobetu da. (…) Lafargek segitzen du hondakinak gehi kokearekin ko-intzinerazioa berriro haseteko ahaleginean, baina aurrean aurkitzen ditu Macerl, Eko Krogeko kideak eta beren osasuna eta ingurumena babestea erabakita daukaten herritarrak”.
[ Argia aldizkariko blogetan aurkitzen den Zero Zabor blogetik harturiko duela pare bat astetako berria ]
No hay comentarios:
Publicar un comentario